Abenduaren 3tik 7ra 2021-12-03

Bertsolaritza, aurten ere Durangoko Azokan

Bertsolaritza, aurten ere Durangoko Azokan
Gaur ireki da online azoka eta bihar irekiko da Landako Gunea, eta aurten ere bertan izango dira bertsolaritza ardatz sortu diren proiektu berriak, eta ez hain berriak, erakusmahaietan. Hona hemen aurkitu dezakezuena.

Goienkale 21en topatuko dituzue Bertsozale Elkartea eta Lanku Kultur Zerbitzuak ekoitzitako hainbat lan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak aurten argitaratutako Gure Aldetara diskoa, eta Oihana Iguaran bertsolariak eta Maria Altuna ilustratzaileak egindako Plazida, oihartzunaren plaza ipuin ilustratua izango dira aurtengo berritasun nabarmenenak. XX. Lazkao Txiki bertso paper lehiaketako sortak jasotzen dituen argitalpena ere izango da bertan, Argi Berri elkartearen eskutik datorren bilduma.

(Nobedade horiez gain, Bertsozale Elkarteko erakusmahaian aurkituko dituzuen gainontzeko argitalpenak albistearen amaieran)

Online bada ere, beste argitalpen hauek eskuratzeko aukera izango duzue. Bertsolari aldizkariaren eskutik, Bidea da borroka Gaztelumendi anaien komiki liburua eta baita, UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak argitaratutako Bertsolaritzaren historia soziala Antxoka Agirreren lana ere.

Horrez gain, Miren Artetxe eta Ane Labakaren Bertsolaritza feminismotik birpentsatzen ikerketa lana eta Xabier Amurizaren Jasota Bezala bertso antologia ere izango dira eskuragai; baita Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik posterra ere. 

Ekitaldiak

Bertsolaritzari lotutako ekitaldi bat egongo da ere, abenduaren 6an arratsaldeko 17.30tan hasita Landakoko Talaia gunean: Bertsolaritzaren historia soziala Antxoka Agirre eta Jon Sarasuaren eskutik.

 

Liburuak:

- Bat-bateko bertsolaritza. Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Joxerra Garzia. Bertsozale Elkartea (+ online)
- Berriak jaio ginen, Jon Maia. Lanku Kultur Zerbitzuak
- Bertsoaren harria, Koldo Izagirre. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)
- Buruz buru, hainbat sortzaile. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)
- Kultura ez da bat-batekoa. Bertsolaritza aztergai, Harkaitz Zubiri, Xabier Aierdi eta Alfredo Retortillo. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Orainmenean, Txakur Gorria. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)

Diskoak:

- Houston, arazotxo bat daukagu, Andoni Egaña, Joxerra Garzia, Malen Amenabar. Lanku Kultur Zerbitzuak (+ online)
- Jasota bezala, Xabier Amuriza. Lanku Kultur Zerbitzuak

Bestelakoak:

- Bertsolari ikus-entzunezkoa, Asier Altuna
- Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak

 

Gogoratu onilne azokaz gain, aurten aukera presentziala ere izango dela Landakon baina horretarako aurretiaz txanda eskatu eta hartu beharko dela. Animatu zaitezte, zuen zain egongo da bertsolaritza!

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri