BBT21 - FINALA 2021-12-20

Wingardium Leviosa

Wingardium Leviosa

Igor Galarza Intxausti

Zapatu arratsaldean bizitakoaren ondotik izenburu asko otu dakizkioke edozeini. Izan ere, sinbolikoki esangura handia izan duen finala eta, oro har, txapelketa izan da aurtengo Bizkaiko Txapelketa. Historian lehen aldiz, buruz buruko fasean emakume bi izan ziren kantuan. Hamabost urte eta gero, txapela jantzi zuenak 30 urte baino gutxiago zituen. Lehen aldiz 2000ko hamarkadan jaiotako bertsolari bat finalean. Nerea Ibarzabalek hasieran Harry Potter filmen soinu-banda doinuetara ekarriz ‘spoiler’ txiki bat egin zigun: magia gertatzear zen.

Maila handiko finala izan zen Miribillakoa. Alperrik da saio osoko lanak nabarmentzen hastea, beharbada hiru kronika gehiago beharko liratekelako. Gai-jartzaile taldeak lan bikaina egin du txapelketa osoan, eta bertsolariek ederki heldu diete gaiei. Miribillan bikain aritu ziren gai sakon eta zailei erantzuten, esatea horrenbeste kostatzen zaizkigun ideiak sotil eta elegante esanez. Lehen ataleko lanak bukatuta, buruz-burukora igaroko ziren bertsolari bien izen-abizenak entzutean egin zuen aretoak lehen Wingardium Leviosa. Lebitazio moduko bat sentitu zen: historia egin berri zen.

Azken fasean, uneoro egon zen entzulea lebitazio hortan, olatuaren gainean. Zortziko txikian lan umoretsu eta bizia, seiko motzean sakontasuna, eta bakarkakoan kontatutako istorio zein baino zein ederragoak. Epaitu beharrekoak epaituta, 1990eko hamarkadan jaiotako lehen txapelduna nor izango zen besterik ez zen falta. Dena estu, dena zabalik. Eta zortzi puntu t’erdigatik, Nerea Ibarzabalek jantzi zuen txapela. Nola ez, Wingardium Leviosa, berriz. Ibarzabal bera ere ezin jaitsi lebitazio hortatik, inguruko lagunen besarkadek bakarrik lagundu zioten oinak lurrean mantentzen. Jone Uria ere horrela zegoen, malkoak busti eta lehortu artean. Azken agurra bota aurretik Miribillak eskertu zion urte hauetan guztietan eskaintzen ari dena.

Omenaldietarako tartea tokatzen zen. Aipamen berezi bat Etxahun Lekueri. 23 urte txapelketetan, 20 urte finaletan eta txapel bat irabazi ostean agur esan zion txapelketetako zikloari. Agurra ere bera bezain dotorea izan zen. Azken agurretan, taldea nagusi. Bertsozale Elkartearen azpitalde guztiek banatu zituzten lanak. Txapela ere taldean jantzi zuten Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak. Bertsolariek ere taldea goraipatu zuten. Txapeldunak mezu argi batekin zarratu zuen saioa: “Itzarrik eusten gaituzten ideia horiei oratu / hormak higatu daitezkeelako eta arrakalak loratu”. Loratu da aro berri bat Bizkaiko bertsogintzan.

Albiste gehiago