II. Argi Baltza Sariketa 2022-06-20

Etxebarriazarraga, Zuazubiskar, Amillategi, Euzkitze, Retolaza eta Robles Argi Baltzako finalean

Etxebarriazarraga, Zuazubiskar, Amillategi, Euzkitze, Retolaza eta Robles Argi Baltzako finalean

Argi Baltza sariketako hirugarren kanporaketa jokatu zen atzo Mendatan eta erabakita gelditu da finaleko seikotea: Aitor Etxeberriazarraga, Ane Zuazubiskar, Ibai Amillategi, Aner Euzkitze, Mikel Retolaza eta Sarai Robles ariko dira kantuan Muxikan ekainaren 26an, Urretxindorra Eskolan, 18:00etan.

Atzo Amillategi irabazle
Atzoko kanporaketan Ibai Amillategi, Eneko Aldana, Maider Altuna, Bittor Altube, Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperena aritu ziren kantuan. Amillategik gailendu zen eta Maddi Ane Txoperena gelditu zen bigarren.

Sailkapena
Ibai Amillategi 192,5 puntu
Maddi Ane Txoperena 183
Eneko Aldana 182
Joanes Illarregi 180
Bittor Altube 171,5
Maider Altuna 154


Lilibertsok antolatuta Jon Lopategiren omenez
Bizkaiko Busturialdeko Lilibertso bertso eskolak antolatzen du Argi Batza gazte sariketa Jon Lopategi zenaren omenez, Igor Elortzak Lopategiren ekarpena deskribatzeko artikuluan asmatu zuen Argi Baltza kontzeptua baliatuta. Muxikako bertsolari handiak eskualdean zein Euskal Herri osoan zehar egindako lana balioan jartzeko antolatu dute sariketa: “Bertsolari gazteak plazaratzeko lan ikaragarria egin zuen, baita kulturgintza sustatzeko ere. Hil zen momentutik, bera urtero-urtero gogoratzea oso garrantzitsua dela uste dugu”. Janire Arrizabalaga Lilibertsoko kideak adierazi duenez: “Haren lekukoa hartzea erabaki dugu, Lopategiren lanari jarraipena emateko asmoz. Bigarrena da, eta bigarren batek ohitura bat sor dezake. Gustatuko litzaiguke oraingo txapelketa honek arrakasta izanez gero, urtero antolatzen jarraitzea”.

Iaz, bizkaitarrak izan ziren bertsolari gehienak, baina, aurten, lurralde ezberdinetako bertsolarien presentziari garrantzia eman diote, txapelketaren oihartzuna Euskal Herrian zabaltzeko helburuz. Hala ere, Lopategiren filosofiari jarraiki, bizkaitarrak izango dira gehienak. “Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkaritza bermatu dugu, baina bizkaitarrak gailentzen dira. Horien artean, gainera, Busturialdeko bertsolariak egoteari eman diogu garrantzia". Mikel Retolaza da aurtengo edizioan errepikatu duen bakarra, iaz berak jantzi zuelako txapela eta aurten ere finalerako sailkatu da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri