Maite Aizpurua - Zarauzko Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko kidea 2022-07-05

«Zarauzko Bertso Asteak exito polita izaten du herrian»

Urtean zortzi bertso ekitaldi antolatzen ditu Zarauzko bertso eskolak. Horietako bi, bertsolari gazteen Lizardi Saria eta Bertso Astea.

Zarauzko Bertso Asteak 25. urtea borobilduko du bihartik larunbatera, Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen eskutik. Motxian bertso eskola sortzearekin etorri zen Bertso Astea ere, 1997an eta urteen poderioan egungoaren moldea hartu: bertso jarri musikatuak, beste herriko bertso eskkola batekin desafioa eta Txepelketa tabernaz taberna. Maite Aizpurua da egungo antolatzaileetako bat. Beraz gidatu gaitu Zarauzko Bertso Astearen bidean barrena.

Noiz eta nola sortu zen Zarauzko Bertso Astea?
1996an sortu zen Motxian bertso eskola Zarautzen. Argitalpen bat jarri zuten martxan bertsolariei elkarrizketak, bertso-jarriak eta abar argitaratuz eta hurrengo urtean, bat-batekotasunari ikusgarritasuna emateko antolatu zen lehenengo Bertso Astea. Hasiera batean, saioren bat plazan, hitzaldiren bat edo beste eta pixkana pixkanaka forma hartuz eta oraingo eredura etorriaz. Hiru eguneko zikloa antolatzen dugu orain eta halaxe egin dugu aurten ere.


Zarauzko Bertso Astea. Bertso jarrien ekitaldia. (Argazkia: Zarauzko Hitza).

Motxian-Etxebeltz bertsogunearen eskutik dator aurten...
Bi bertso eskola zeuden lehen Zarautzen, Etxebeltz umeena eta Motxian helduena eta iaz erabaki genuen bi bertso eskolek bat egitea eta Motxian-Etxebeltz Bertsogunea sortzea. Geroztik dena elkarrekin antolatzen dugu eta bertso eskolan ere elkarrekin funtzionatzen dugu, eta lokal berean gaude helduen bertso eskola eta umeena (lehen umeena ikastolan zegoen).

Zer dakarzue aurtengorako?
Ostegunean bertso musikatuak izango ditugu. Aurten, 25. urteurrena izaki bertso eskolako kideen sortak kantatuko dira. Gero ostiralean, iaz oriotarren kontra egin genuen desafio eguna, eta aurten Erniarraizkoen kontra ariko gara. Arratsaldean bertso-pilotan eta afalondoan bertsotan. Larunbatean, txepelketa egingo dugu. Parte hartu nahi duen guztiak du libre eta tabernaz taberna izaten da. Bi bertsolarik kantatu eta bat aurrera, final eta guzti.


Zarauzko Bertso Astea. (Argazkia: Zarauzko Hitza).

Zer harrera du Bertso Asteak herrian?
Ba egia esan nahiko exito izaten du. Bertso jarriena Basarriren estatuaren parean Torreluzeako parkean egin izan dugu eta aulki guztiak betetzen dira. Jende mordoxka urreratzen da. Bertso-pilotak bosgarren urtea du aurten. Trikitilari eta guzti girotzen dugu arratsaldetik eta afaria ondoren. Hor ere jendea biltzen da. Txepelketa egunean bertso munduko jendea izaten da gehiena. Bertso eskolakoak edo inguruko herrietako bertso eskoletakoak. Txepelketa izena du ez dagoelako bertsotan ibilia izan beharrik parte hartzeko eta umore tonuan antolatzen dugulako, baina batez ere bertso munduko jendea izaten da kantatzen. Halere, ederra izaten da bertso munduan hainbeste ez dabilen bat animatzen denean. Hor ere, bai tabernetan eta geroko bazkaritan oso giro polita sortzen da eta gustura gaude, bai.

Urtean zehar zein da ekimen bultzatzen dituzue bertso eskolatik?
Otsailean Santa Eskean ateratzen gara, Elkano eta inguruan. Bi urtez behin, Korrikarekin batean saio bat egiten dugu. Jubilatuen saioa San Pelaioko auzo elkartean. Bertsolari gazteen Lizardi Saria abuztu bukaeran eta irailean, Euskal Astearen barruan. Euskal Astean eragile ezberdinen emanaldia izaten da eta hor ere parte hartzen du bertso eskolak. Bertso eskolako ikasleen kurtso bukaerako afaria. Abenduan, Kopla Txapelketa. Eta, behar bada ezagunena eta potenteena Bertso Astea bera. Horrez gain, San Pelaion eta Azken Portun antolatzen diren saioak ere bai.


Zarauzko Bertso Astea. Bertso jarrien ekitaldia. (Argazkia: Zarauzko Hitza).

Zenbat jende biltzen zarete bertso eskolan?
Denera 40 inguru izango gara, ume eta heldu. Umeen bertso eskolan 30 inguru dabiltza eta helduonean 10 bueltan.

(Argazkiak: Zarauzko Hitza)

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri