Aner Peritz Euzkitze - Basarri Sariko irabazlea 2022-07-08

«Errima bikoitza behartu gabea izatea kosta zait gehien»

«Zakarra ateratzera joan nintzen eta bueltako bidean bertso bat etorri zitzaindan». Horrelaxe hasi zen Basarri Saria irabazi duen Zopa hozten ari zaizu sortaren historia. Errima bikoitzeko bertsoa zen, lerro bakoitiek errima bat eta bikoitiek beste bat, Joaquin Sabinaren Calle Melancolia doinuan.

Bakoitzak besteen Nirvana
sentitzen du zingiratsu
ta hala ere nigana
hurbiltzearren biba zu!

Anerri belarrira oso atsegin egiten zitzaion errima bikoitzeko ariketa hori eta lanari ekin zion. Ariketaren zailtasunaz jabetuta, gai aldetik putzu sakonegietan sartzeko egoera ez zela usteta, harreman baten bakaeraren inguruko sorta idazteari ekin zion. Sortan aurrera egin ahala ordea, jabetu zen kontatzen ari zena zela erabat botere harremanetik eraikitako harreman baten amaiera, eta harreman heterosexuala, hartara jarri gabe irudikatua. Horrek zer pentsatua eman eta sortari beste emaiera bat ematera ere bultzatu zuen bere burua.

«Berrikuntza tekniko» hori azpimarratu du Lizardi Sariko epaimahiak ere. Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta Uxue Alkorta aritu dira zeregin horretan. Hona hemen sortako 7. bertsoa eta azkena, adibide gisara:

Baina nahi bainuen bizi
aske bezain efimero
ez biktimismo, ez luizi,
hautua hautuan bego.
Zure agurra iritsi
baldin bada honezkero
onartuko dut lehenbizi
ta ulertuko dut gero.

Zurekin daramazunak
mindua horren da ubela…
Gaur ere horditasunak
pasarazi dit gaubela.
Zinenaren oihartzunak
utziz geroztik hau gela
uste dut isiltasunak
ni seinalatzen nauela.


Zopa hozten ari zaizu errima bikoitzeko sortan, errima bikoiztasun hori «behartu gabea» izateak eman dio buru hausterik gehiena Euzkitzeri: «Ez nuen nahi ariketa tekniko horrek sorta guztia diluitzea eta dena horretan gelditzea». Hala izatea lortu duenean, emaitza polita izan dela iritzi dio. Errima bikoitzaren ariketa teknikoa ez du uste bat-baterako modukoa denik.

Entzun hemen Aner Euzkitzeri egindako elkarrizketa osoa

Albiste gehiago

Udako Ikastaroetako hitzaldiak sarean - Beñat Gaztelumendi Arandia 2024-09-02

Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa

Jone Uria Albizuri - Señora Sariketako Pameladuna 2024-06-14

«Goazen saiatzera irudikatzen nolakoa nahiko genukeen izatea lehia»