Gaizka Azkarate - Hitzetik Hortzerako zuzendaria 2022-09-15
Gaizka Azkarate soraluzearrak bigarren urtez ekingo dio Hitzetik Hortzerako zuzendari lanari. Lehenbiziko programa labean dela erantzun ditu Bertsoa.eus-eko galderak.
Igandean hasiko da Hitzetik Hortzerako denboraldi berria: zer eskainiko digu Hitzetik Hortzerak denboraldi honetan?
Bertsolaritza programa eraberritu bat izango da aurtengo Hitzetik Hortzera. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren olatuaren olatua hartu eta berau baliatuz atal berriekin osatuko dugu igandero igandero saioa. Bazkal ostean izango da emisioa, arratsaldeko 15:00etan. Belaunaldi ezberdinetako bertsolarien ahotsak entzungo ditugu astez-aste. Idoia Torregarai umoregilearekin txapelketa Nagusian gertaturikoaz hitz egingo dugu. Gainera igandero gonbidatu berezi bat izango dugu programan; lehenengo programan Oier Iurramendi Txapelketa Nagusiko koordinatzailea eta bigarrenean Afrika Bibang abeslari eta aurkezlea.
Txapelketa Nagusiak pisu berezia izango du udazkenean: zein jarraipen egingo dio Hitzetik Hortzerak?
Bertsolazeak badaki Hitzetik Hortzerak irailean ekiten diola jardunari eta martxoa amaiera bitarte jarduten duela. Aurtengo denboraldiak bi zati izango ditu. Batetik irailetik abendurako Bertsolari Txapelketa Nagusia ardatz izango duena. Besteteik, urtarriletik martxora bitartekoa orain arteko formatuarekin.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaa gertutik jarraituko dugu, zein eta, larunbateko bertsoaldi, irabazleen adierazpen eta bestelako edukiekin eskainiko dugu igandeko programa, hain zuzen ere, egun batetik bestera. Bestalde bi programa berezi ere eskainiko ditugu; alde batetik finalera iritsiko diren bertsolariekin osatuko duguna eta azkenik txapeldunarekin landutakoa. Azken bi programa hauek aste tartean izango dute emisioa, oraindik zehazteko.
Txakur Gorria taldeko Nerea Ibarzabal aritu da azken hiru urteetan gidoilari lanetan eta aurten Mirari Martiarenak hartuko du lekukoa…
Lau urteko ziklo baten ostean gidoilari aldaketa izango dugu. Esan bezala Mirari Martiarena oiartzuarra izango dugu gidoilari. ETB1eko Barre Librea edote Txoriene bezalako programetan ibili ostean Hitzetik Hortzerako lan-taldera batuta jarraituko du bere gidoilari ibilbidea. Bertso mundukoa eta bertsotan ibilia da Martiarena. Umoregilea ere bada Mirari eta sortzaile aparta, beraz, bakoitzaren bertuteak baliatuko ditugu bertsozaleari ahalik eta programa txukunena eskaintzeko. Bestalde ez nituzke aipatu gabe utzi nahi azken urteetan lan-taldea osatzen duten Eider Perez aurkezlea, Haritz Arrizabalaga errealizadorea eta Felix Irazustabarrena eta Jexux Mari Irazu erredaktoreak, besteak beste.
Irudi tratamenduan ere azken urteetan berrikuntzak izaten ari da Hitzetik Hortzera…
Hitzetik Hortzera ere garaiekin batera erabateko mugimenduan dihardu. Ulertzen dugu ikusleak bertsoak bere horretan entzuteaz gain programa moderno eta entretenigarri bat nahi duela. Horretarako irudiaren tratamendua ezinbestekoa da eta aurten beste pauso bat aurrera egin nahi dugu zentzu horretan. Programaren edizioan jarriko dugu fokua ahal den neurrian, ea lortzen dugun.
Zuzendari gisa, zure ustez zein da Hitzetik Hortzeraren funtzioa bertsolaritzaren zabalkundean?
Iruditzen zait Hitzetik Hortzerak lortu behar duela bertsolaritzaren ekosisteman gertatzen ari dena ikusleari helaraztea. Ekosistema hori anitza da, kolore askotarikoa eta ordubeteko programa batean hori dena ematen erraza izan ez arren helburuak horrek behar duela izan esango nuke. Denboraldi honetan 27 programa eskainiko ditugu eta hauen batura bertsolaritzaren ekosisteman gertatazen ari denaren isla izaten saiatuko gara. Esan bezala horretarako ezinbestekoak izango dira guretzat ardatz diren hiru zeharlerroak: feminismoa, belaunaldiartekotasuna eta lurraldetasuna.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24