Oihana Iguaran Barandiaran - Elkarrizketa 2022-10-31

«2017an bertsotan egin ezinik sentitu nuen nire burua konfiantza faltagatik. Aurten sendo sentitzen naiz»

Oihana Iguaran ere finaleko atean kokatu da, eta atari horren neurria beste bi finalaurrekoek argituko dute. Finalak «ilusio eta poz handia» emango lioke Iguarani baina burua Amurrion zentratu du jada. Donibane Garaziko puntuaketarekin (688,5) «aldapatxoa» ikusten du bigarren itzuliari begira, baina ez du izerditzeko nagirik somatzen.

Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) finalerako atea zeharkatzeko tokian kokatu da Donibane Garaziko finalaurrekoa irabazita, 688,5 punturekin. Saioan zehar «lanean eta borrokan» somatu zuen bere burua. Zortziko handian gustura hasi ez eta horri buelta emateko gai izana baloratzen du, aldarteari dagokionez.

2022ko Txapelketa Nagusian sendo ari da amasarra: Gotaine-Irabarnen bertsotan eta puntuazioan goia jo zuen eta lehen finalaurrekoa irabazi egin du, Amets Arzallusen txapeldun ohiaren aurretik, puntu erdi aterata. Txapelketak nola harrapatu duen galdetuta, nahi beste prestatu ezinda harrapatu izanaren du sentsazioa du Iguaranek, Bertsoa.eus-i adierazi dionez.

2017tik konfiantza lanketa handia egin duela aitortu du. Duela 5 urte, txapelketarako oso ondo prestatu arren, azaldu du puntu batetik aurrera bere burua oso txiki eta bertsotan egin ezinik sentitu zuela finalaurrekoetan. Aurten sendo sentitzen dela dio amasarrak.

Donibane Garazin, ganbarako lanean jo zuen goia txapelketarako plazaratu duen zazpi puntuko doinu berezian ondutako bertsoaldian (151 puntu, saioko bertsolaldi puntuatuena izan zen). Xorieri mintzo zen kantua du oinarri eta bukaera kopla zaharren moldera ekarria. Errepikan, azken aurreko puntua bukaerari lotuz esan indar berezia lortzen du. Bertsoa pentsatzeko, aparteko zailtasun teknikoa duen doinua.

Bertsotan hitanoan egiteko apustua ere plazaratu zen Donibane Garazin, saio aurretik hala hitz eginda, irabazleak adierazi digunez. Iguaranek lau ofiziotatik hirutan egin zuen toka, Azpiroz, Arzallus eta Mujikarekin. Azken urteetan bertsotan hitanoa baliatzeko egiten ari den proiektu zabalago batean kokatu du Iguaranek apustu hori.

Amurrion kantatuko du bigarren itzulian, azaroaren 19an. Oraingoz, Alaia Martin eta biak daude sailkatuta. Beste bi finalaurrekoetako erreferentzia faltak perspektiba mugatzeaz gain, uste du finalean sartzeko Garazin egindako zenbait gauza findu beharko dituela bigarren itzulian, baina, era berean, hori egiteko moduan ikusten du bere burua.

 

Albiste gehiago

Ilaski Serrano - kazetaria eta telebistako aurkezlea 2023-09-20

«Txapelketa Nagusikoa lan ahaztezinetako bat izango da»

Hitzetik Hortzera programarako jarriak 2023-09-20

«Presarenak» Joanes Ilarregiren bertso jarriak

Nerea Bruño - Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria 2023-09-18

«Aurten ere ahalegin berezia egin da euskara Nafarroa osora zabaltzeko helburuan»

Ione Narbaiza - Bizkaiko Bertsozale Elkartea 2023-09-14

«Udazkeneko faseak 10 saio izango ditu eta sarrerak eskuragarri daude»

Leixuri Arrizabalaga - Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua 2023-09-14

«Benetan garrantzitsua da gure-gurea den bertsolaritza plazaratzea»

Igor Elortza - Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza taldeko kidea 2023-09-14

«Azpimarratzekoa da txapelketak bertso munduan duen garrantzia»