Bertso eskolaren eskutik 2023-02-28

Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal buruz buru lehenengoz, Legazpin

Alaia Martin eta Nerea Ibarzabalek askotan kantatu dute elkarrekin, baita Txapelketa Nagusiko finalean ere, puntutako ariketan. Lehen ere esana da, ordea, emakumezko bertsolariek ez dutela elkarrekin kantatzen, edo gutxitan, eta bi finalistok joan den ostiralean kantatu zuten lehenengoz plazan buruz buru elkarrekin, batak 35 urte eta besteak 29 betetzear dituela. Legazpiko bertso eskolak 1999tik antolatzen duen bertso afarian izan zen hitzordua, Laubide jatetxeko jangela lepo beteta zela.

Ibarzabalek eta Martinek librean egin zuten gehiena, tartean Asier Iriondok gaiak jarrita. Doinu bizietan ekin zioten, Norteko ferrokarrilaren doinuan hasita. Kantitatez ere afari oparoa izan zen, sarrerako frito aldetik bereziki eta horri heldu zioten hasieran.

Elkarrekin inoiz ez kantatu izana ekarri zuten gero. Jatetxeko horman jartzen dituzte saioetako bertsolarien argazkiak eta argazki horietan estrainekoz bi ile hori izango zirela bota zuen Ibarzabalek, Martinek buelta ederra eman ziona. Txapelketa kontuak, fokosintesia...

Afaritan, irakasle kuadrilla handi bat zegoen mahai borobilean jarrita, afalondo gozoan, eta haiek ere entzun zuten puntu ederrik.

Asier Iriondok ofiziotan zein bakarka jarri zizkien gaiak: euren zaletasunak aitortzea eskatu zien, baina jendeak espero ez dituenak. Ibarzabalek bota zuen duela 7 urte bertsozaletu zela eta Martinenek Shakira entzuten dut/bajoi egunetan.

Bertso afaritara joan zirenek bakarrik jakin zituzten sekretutxoak ere utzi zituen bertso afariak. Baina sekretu txiki hau gorde/dezagun hemendik kanpo bukatu zuen Ibarzabalek bere bakarkako txalotua.

Bigarren saioa librean egin zuten dena eta agur hunkigarriak bota zituzten. Bukaeran, entzuleek txalotza indartsu eta luzearekin eskertu zituzten bi bertsolariak eta lehen buruz burukoan egindako lana.

Bertsoa.eus-en bihar ikusgai hautaketa zabala.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu