Ander Perez - Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragilea 2023-03-13
Amaitu berri da 32. Bertsoaroa Iruñean, Nafarroako Bertsozale Elkartearen eta Iruñeko Udalaren lankidetzan antolatuta. Otsailaren 9an eman zion hasiera jaialdiak eta Bertsoaroan lehenengoz egin bertso afari batekin bukatu, 120 lagun bilduta. Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragileari aurtengo edizioak eman duenaren balorazioa eskatu dio Bertsoa.eus-ek.
1) Hiru bertso jaialdi, bertso afari sentsoriala, haurrentzako bertso tailerra eta Anonyme Popular eskaini ditu 32. Bertsoaroak. Nola joan da, zein harrera izan du?
Oro har, harrera beroa izan duela esango nuke, emanaldi bakoitzak bere neurrian. Jaialdiei dagokionez, garai batean Gurutze Plazako aretoan egiten ziren saioetatik urruti samar gaude egun –ordukoetan 550 lagun ere elkartzen ziren astegun buruzuritan-, baina kontestuan jarri behar da hori: garaiotan, urtean zehar Iruñean egiten ziren jaialdi bakarretakoak ziren Bertsoaroakoak. Gaur egun, zorionez, asko ugaritu da urteko bertso plaza Iruñean, eta ugaritu dira antolatzaileak ere, eta hortaz, egungo eskaintzarekin ere Bertsoaroan saio gehienak betetzea harrena beroaren seinale da.
2) Bertso afariaren erantzuna bereziki azpimarragarria, lehen aldian 120 lagun bilduta, bertso afaritan ohi den bataz bestekotik oso gora. Jarraitzeko bidea erakusten du horrek?
Aspaldi genuen gogoa Bertsoaroari ukitu informal hori ere emateko, eta bertso otordu bat txertatzeko. Horrek ez du enkaje errazik udal baten programazioaren baitan, eta pandemia garaian are gutxiago. Aurten aukera ikusi genuen, eta hala antolatu genuen. Harrera oso ona izan da, eta hurrengo Bertsoarorako baloratu beharko da, baina egia da bide posible bat erakusten duela, eta oso kontuan hartzekoa.
3) Zure ustez, ideia nagusi gisa, zer ekarpen egiten dio Bertsoaroak bertsolaritzari orokorrean eta Nafarroako bertsolaritzari bereziki.
Nire ustez, bertsolaritzaren mugimenduaren aniztasun horren berri ematen dio Bertsoaroak Iruñeari. Bertsolaritzan gertatzen ari denaren lagin gisara funtzionatzen du, bai formatuetan –era guztietako saio motak eta emanaldi bereziak barnebiltzen dituelako-, eta baita bertsolarien aniztasunean ere. Bereziki protagonismoa ematen zaie bertsolari gazteei –saio propio bat dute- eta Nafarroako bertsolari eta gai-jartzaileei –saio denetan daude-, eta hori aberasgarria da, plaza eskaintzeaz gain, bertsolaritza osoaren lagin horren baitan normaltasunez txertatzen direlako entzulearen begietara.
4) Bertsoaroa Nafarroako Bertsozale Elkartearen eta Iruñeko Udalaren artean antolatzen duzue. 32 edizio hauetan kolore oso desberdinetako Udal Taldeekin jorratu duzue lankidetza hori, azken 8 urteotan Bildurekin eta UPNrekin. Nola baloratzen duzu bide hori?
Bertsoaroa oso ziklo egonkortua da Iruñean, hiriko bertsozale eta oro har euskaldunen artean oso errotua, eta are bertsolaritzaren munduan izentxo bat duena. Udalaren eta elkartearen arteko formula hori baliagarria dela ikusi da, udal programazioaren baitan txertatzeak baliabide eta hedapen handia ematen diolako egitasmoari, baina aldi berean elkartea hor egotea ezinbestekoa delako, bertsolaritzaren ezagutzatik. Elkarlana egokia da, eta horregatik eraman da aurrera kolore ezberdinetako udal taldeekin ere.
5) Urria-Azaroan egiten zen lehen Bertsoaroa, azken bi urteotan otsaila-martxoan. Datorren urtean ere egutegi berrian jarraitzea aurreikusten duzue?
Nafarroako Bertsolari Txapelketa garaiez aldatzean erabaki zen Bertsoaroa ere aldatzea, halabeharrez. 2021ean txapelketa udaberritik udazkenera mugitzea erabaki zen, Txapelketa Nagusiko urteetan ahalik eta urrutien kokatzeko bi txapelketak. Ondorioz, ezinezkoa zen bi egitasmoak, txapelketa eta Bertsoaroa aldi berean antolatzea, edo ezinezkoa baino gehiago bazegokigula gure eskaintza orekatzea. Bertsoaroa urte hasierako hilabeteetara mugitzea erabaki zen, eta emaitza ona izan dela ikusita, hala mantentzea da gure asmoa.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24