Ekaitz Santazilia - Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea 2023-07-11
1826. urteko bertso sorta aurkitu berri dute Iruñean, Nafarroako Artxibo Nagusian. Doneztebeko maisu baten kontra jarritako salaketa baten harira azaldu dira, salaketako paper artean. Anonimoak dira. Fermin Altxu izeneko doneztebearrak zenbait emakumerekin izandako gertaeren inguruan jarritakoak dira. Emakume horietako batek salaketa jarri zuen Altxuren kontra eta irabazi egin zuen auzia. Ricardo Urritzola ikerlaria eta Ekaitz Santazilia Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea daude aurkikuntzaren atzean.
Rikardo Urritzolak aurkituak dira XVI. mendeko Etxalekuko koplak. Ekaitz Santaziliak euskal testu zaharrekin egiten du lan oro har. Nafarroako beste ibar bateko bertsoak ere aurkitu dituztela aurreratu dute.
Bertsoa.eus-ek Ekaitz Santaziliarengana jo du auzibideetako bertso jarrien gaia eta egiletzaren pista bila. Hizkeragatik egilea "Gipuzkoako da, eta ez nolanahikoa". Juan Inazio Iztueta idazle eta bertso jartzaile zaldibiarraren traza hartu diote. Kontxesiri sortaren egilea da Iztueta (1767-1845) eta Villabonan 1802an 4.000 lagun bildu zituen bertso desafio ezagunaren berri idatzi zuena, besteak beste.
1826. urteko bertso sorta bat aurkitu duzue Iruñean justizia kontu bateko paper artean… Nondik nora etorri da aurkikuntza?
Nafarroak justizia-sistema propioa izan du erresuma izateari utzi zion arte; hau da, XIX. mendera arte. Horrek esan nahi du Nafarroako kontuak Nafarroan bertan epaitzen zirela. Auzi bakoitzak dokumentazio berezia sortzen zuen; lekukoek egindako deklarazioak, sententziak, abokatuen galdeketak, eta abar. Eta dokumentazio hori guztia, Erdi Aroan hasi zena, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Elizbarrutikoan dago. 300.000 prozesutik gora dira, eta berriki bukatu dituzte katalogazio-lanak. Duela gutxi katalogatutako justizia-prozesuak begiratzen ari zela, Doneztebeko epaiketa bateko paperen artean hain zuzen, aurkitu ditu bertsoak Ricardo Urritzolak.
Sorta hori gaur egunera ohiko bilketa sistema bidez iritsi ez bada, behar bada esan nahi du zirkulaziotik kendua izan zela?
Bertsoak epaitegira iristen zirenean, ohikoena zen horiek kantatzeko eta bertso-paperen bidez zabaltzeko debekua ere luzatzea. Bestela da jendeak zenbateraino egiten zien jaramon halako debekuei. Kasu honetan ez dakigu, epaiketaz geroztik, bertsoek jendearen ahotan segitu zuten ala ez, baina ahozko transmisioak hori du: gauza batzuk bidean gelditzen dira, idatziz jasorik eta ongi gorderik gelditzen ez badira. Kontuan izan duela berrehun urteko kontuak direla ia...
Bitxia al da justizia auzietako paper artean bertsoak aurkitzea edo ezagutzen dituzue kasu gehiago?
Nafarroako epaitegietako dokumentazioa, ofiziala izaki, gaztelaniaz dago, eta zerbait latinez. Baina Nafarroaren zati handi bat euskalduna baitzen, euskara ageri da paper horietan tarteka-marteka. Hasteko, lekuko askok euskaraz egiten zituzten beren deklarazioak, beste hizkuntzarik ez baitzekiten, eta eskribauak gaztelaniara itzultzen zituen deklarazio haiek, idatziz jasotzeko. Batzuetan, hala ere, jatorrizko deklarazioa euskaraz izan zela ere jasotzen zuen eskribauak. Kasu bakan batzuetan, pasarte batzuk ere euskaraz biltzen ziren, eta horiek harribitxia dira jende arruntak egunero egiten zuen hizkuntzaren berri izateko. Mehatxuak, irainak, zinak, aginduak eta halakoak izaten dira, eta bertsoak eta koplak ere badira, jakina.
Maiz, iraingarriak baziren, bertsoak jasotzen zituenak salaketa jartzen zuen. Bertsoak epaiketan froga zirenez, kasu batzuetan, nahi baino gutxiagotan hala ere, auziaren dokumentazioan jasotzen ziren, dela aparteko dokumentu batean, dela zenbait lekukok eskribauari kantatuta eta honek bilduta. Horri esker ditugu, esaterako, XVI. mendeko Imarkoaingo eta Etxalekuko koplak, XVII.eko Arrekoak, Donostiakoak, Lasartekoak eta Zubietakoak XVIII.ean...
14 bertsoko sorta da. Salatuaren zein emakumeen izenak aipatzen ditu…
Bai, izen batzuk bertsoetan bertan aipatzen dira, eta beste batzuk, aldiz, epaiketaren dokumentazioan. Ezinbestekoa da dokumentazio hori goitik behera ongi begiratzea, lekukoen deklarazioak-eta, bertsoen edukia ongi ulertu ahal izateko. Kontuan izan, zorionez, bertsoez gain, bertsoetan ageri diren pertsonen eta bestelako herritarren deklarazioak ere baditugula, eta hori urrea da istorio osoa ulertzeko.
Bukaerako bertsoan egileak salatuarekiko inbidia ere erakusten du: inork ez du berdintzen/Espainia barruan/ojala banengoke/ni harren larruan. Ez dirudi bertsoak sei emakume horiekiko enpatia ariketa izan zirenik… Ez, egia esan. Gizonak ibili ziren bertso-kantari, eta estiloan hori igartzen da. Emakumeak subjektu pasiboak dira bertso horietan; irudi luke ez dutela zer esanik, negar egiteaz harago. Epaiketan, ordea, gauzak bestela izan ziren. Salaketa emakumeetako batek jarri zuen, Altxuk haurdun utzita, lana eta “ondra” galdu omen zituelako. Altxuk ordea, harremanak nesken oniritziarekin gertatu zirela zioen, eta haiek ere bilatu zutela Altxu halakoetarako. Gaur egungo ikusmoldetik, eta dokumentazio horretan oinarrituta, zail eta arriskutsua da egia zein izan zen esatea, baina dudarik ez dago, ezkontzaz kanpoko haurdunaldiak gertatzen zirenean, emakumea izaten zela kaltetuena, harremanak nahita izan ala ez. Edonola ere, orduko justizia Altxuren kontra lerratu, eta gogotik pagarazi zizkion egindakoak.
Ez da egilearen berririk. Bertso maila aldetik, garaiko puntuko bertsolari edo bertso jartzaileren batenak dirudite. Hizkera aldetik zein ezaugarri azpimarratuko zenituzke egiletza argitu dezaketenak? Izenen bat aurreratzeko moduan?
Altxuk berak, papera erakutsi ziotenean, Etxenike errege-eskribaua jo zuen bertsoen egiletzat, bere letrakera zela ikusita. Gainera, Etxenikerekin arazoak omen zituen Altxuk lehendik ere, kontu politikoak tarteko. Guri ere irudi zaigu, letrakerari begira, bertsoak dokumentu horretara bildu zituena Etxenike izan zitekeela, baina bertsoen egilea hura izan zela esatea... hori zailagoa da. Etxenike ere Doneztebekoa zen, eta bertsoetakoa ez da hango euskara. Dudarik gabe Gipuzkoakoa da, eta ez nolanahikoa: jaso samarra da, eta beste euskalkietako hitzak eta moldeak ere hartzen dituena, Manuel Larramendiz geroztik zabaldutako literatur gipuzkeraren ildoan. Guk Iztueta zaldibiarraren hizkeraren tankera hartu diogu hainbat ezaugarritan; hori bai, egilea hura izan zela inondik inora esan gabe. Gipuzkoako autore jantzi horien testuetan ditugu ezkeroztanik, zebana ‘zuena’ eta obetan ‘hauetan’ bezalakoekin batera, ongi edo anitz ere, Gipuzkoako euskaratik kanpokotzat ditugunak.
Beste sortaren bat ere baduzue aurkitu berria... Zerbait aurreratzeko moduan bai?
Tira, garai bertsuko beste gauzatxoren bat ere aurkitu dugu, Nafarroako beste ibar batekoa, baina ikertzen ari gara oraindik, eta aurreraxeago zabalduko dugu.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24