Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023-11-24

Nafarroako finala 2.000 laguneko langa gainditzera

Alaitz Rekondok jantziko dio irabazleari txapela, Nafarroako Elkartearen lehendakaritza arduran zein gai-jartzailetzan egindako lanaren esker onez.

Gaur eguerdian aurkeztu da Nafarroako Txapelketa finala Iruñean, Anaitasunan bertan, antolakuntza eta bertsolariak bertan direla. Atzean gelditu dira Nafarroako finala frontoietan edo Lur dantzalekuan egiten zeneko garaiak eta kopuruak. Aurtengoan, beste koska bat etorri da finalaurrekoetan sarrera guztiak salduta eta finalean ere 2.000 laguneko langa gainditu lezake Nafarroako finalak. 2021ean ez zen urruti ibili. Edozein modutan, Nafarroan euskarazko kultur ekitaldirik jendetsuenetakoa izaten jarraituko du Bertsolari Txapelketako finalak. «Sendo, osasuntsu eta anitz agertu da Nafarroako bertsolaritza. Eta aurtengo zortzi finalistek eskaintzen duten argazkia horren seinale da» adierazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

1.700 bertsozale orain artean
Urriaren 7an Iruritan abiatuta, zazpi saio jokatu dira Txapelketan zehar: Iruritan, Vianan, Uharten, Leitzan, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Txapelketak 1.700 pertsona bildu ditu orain arteko zazpi saioetan. Finala Iruñean, abenduaren 2an, Anaitasunan. 17:00etan hasita. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bi bertsolari berri finalean
Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles ariko dira finalean kantari. Bertsolarien profil aniztasuna, esperientzia eta berritasuna azpimarratu ditu aurkezpenean Nafarroako Bertsozale Elkarteak: «Orain bi urte, bi finalista berri izan ziren Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, eta aurten beste bi daude. Hori, zalantzarik gabe, bertsolaritzaren transmisioan etengabe egindako lanaren fruitu da, eta poztekoa da, katea ez delako eteten. Gainera, gure lurraldeko hainbat eskualde ere ordezkatzen dituzte zortzi bertsolariek, eta, geografikoki, azken urteetako argazkirik anitzenetako bat eskaintzen dute. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta, oro har, bertsolaritzaren mugimenduak, lan handia egin du azken hamarkadetan bertsolaritza Nafarroan hedatzeko, eta horren ondorio da finalistekin ikus dezakegun argazkia».

Urratsa parekidetasunerako bidean
2006 ezkeroz, lehenengoz bi emakumezko bertsolari izango ditu Nafarroako finala aurten eta horren balorazioa ere egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. «Parekidetasunetik urrun bagaude ere, azpimarratzekoa da aurtengo finalean, ia bi hamarkada eta gero, bi emakume izango direla oholtza gainean: Saioa Alkaiza egungo txapelduna eta Sarai Robles. Hau izango da, dudarik gabe, hurrengo urteetako erronka nagusietako bat, txapelketako parte hartzaileen arteko genero arrakala bultzatzen duten arrazoiak identifikatu eta horiei konponbidea jartze aldera».

Nafarroa aitzindari izan da emakumezko bertsolariak finalean kantatzeari dagokionez. 1992an kantatu zuen lehenengo emakumezko bertsolari batek herrialdeko final batean, Nafarroako finalean hain zuzen ere. Estitxu Arozena izan zen bertsolaria. Geroztik, 27. finala izango da aurtengoa eta hauek dira bide hori joera erakusten dute zenbait datu: gehienez bi emakumezko bertsolari izan dira finalean. Bide honetan 9 aldiz gertatu da hori; aurtengoa 10garrena. Beste sei finaletan emakumezko bertsolari bakarra izan da. Eta 2015, 2017 eta 2019an ez zen emakumezkorik izan finalean. 2021ean Saioa Alkaiza sartu zen finalean eta txapela irabazi.

Alaitz Rekondok jantziko du txapela
Alaitz Rekondo Ferrero lesakarrak jantziko dio aurten txapeldunari txapela, Nafarroako bertso mugimenduaren alde egindako lanaren esker onez. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Rekondok lehendakaritza arduran egin duen lana eta gai-jartzailetza eremuan egin duen ekarpena eskertu nahi izan dizkio aitortza honen bidez.



Finalisten adierazpenak
Bertsoa.eus-ek atzo zabaldu zituen zortzi finalisten finalerako asmoak. Aurkezpenean egindako adierazpenak gutxi barru jarriko ditugu sarean.

 

 

Albiste gehiago

Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06

Elixabet Etxandi irabazle Baxe Nafarroako lehen Kopla Topelketa arrakastatsuan

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-12-06

Almen bertso-eskolaren 50. urteurrena Hitzetik Hortzeran

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak