Puntua jarrita - Jokin Arriola Uriarte 2024-02-16

«Bertsolaritza elkarteetatik eta programetatik harago doa, eta horrela behar du»

«Bertsolaritza elkarteetatik eta programetatik harago doa, eta horrela behar du»

Jokin Arriola Uriarte

Topikoegia litzateke bertso mundutik jaso dudan onena jasotzeke dudala esatea, baina, hein batean fede horretatik bizi gara bertso munduko biztanleok. Kostatzen zait bertso mundua homogeneoa edo solidoa ez denik ulertzea. Eta uste dut bertso munduan dabiltzanei orokorrean ere kostatzen zaiela. Mundu hori eta bere orbita ez dutela txapelketetan edo plazetan oholtza gainean zein entzule gisa daudenek soilik osatzen, alegia. Bai agian bertsoaren atal ofiziala, baina bertsolaritza elkarteetatik eta programetatik harago doa, eta horrela behar du.

Hori ulertzearen prozesua zaila baina egin beharrekoa da. Bada, hori izan liteke niri bertso munduak eman didan onenetarikoa, bertsoa ulertzeko era propioa eman baitit. Hau da, lagunarteko  komunikaziorako, umorerako, eskakizunetarako, kritikarako…hizketa ez ezik bertsoa ere erabil daitekeela ulertzea. Garazik zioen basatza, edozein espazio informaletan suerta daiteke, eta hori ere bertsolaritzaren zati bat da, bertso mundua. Izan modu antolatuan edo espontaneoan; izan plazan, tabernan, etxean, gaztetxean, harategian zein lantokiko aldagelan.

Hori da nire partetik eragin nahi nukeen eraldaketa. Bertsolaritza helburu bat ez dela barneratzea eta ikusaraztea; bertsoa helburu batzuetarako bitarteko dela ulertzea, eta horrekiko modu koherentean eraikitzea bertso munduak. Lagunartean abesteko asmoz, euskarari buruzko bertso sorta bat idatzi nuen behin. Azken puntuek honela zioten: «bizi-iraute nahiak ez gaitzan itsutu maiteminean, borrokarako tresna bat baita euskara azken finean». Euskara hitza bertsoa hitzarengatik ordezkatuz gero ere, baliagarria delakoan nago.

Beraz, balio dezala basatzak esandakoak aplikatzeko. Uxue Alberdik zioen bezala: “lokatzetatik egingo dinagu borroka”.

Eta zuk,Xabito, nondik bizi duzu bertsoa? Zer dago bertsotik zure letretan?

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri