Bertso jarri musikatuak 2024-12-29

Ekhiñe Zapiainen Metamorfosia sorta musikatua

Ekhiñe Zapiainenk Metamorfosia sorta jarri eta kantatu du, Manex Pagolak musikatuta. Zapiainek bere bertso bideko etapen kontakizuna egiten du eta azken bertsoa «zertan ez dakit zehazki baina
eraldatzeko prest nago».



Metamorfosia

Kopla berriak jartzera noa
hitza hitzari josia;
azal dezadan noizbait bainintzen
jendaurrera egotzia…
oholtzaren bueltan bizi izan dudan
bertso-metamorfosia.

Oskola hausteko, munduratzeko
sasoi ona da bedatsa
Eskolarteko lehia estuan
alergiadun arnasa
Bera ta ni neu loratu ahala
ezagutu nuen plaza

Nerabetzean, beroarekin,
su a(d)ina kezko atean
Baina iduriz, udalekutan
gaubelan, izarapean…
Bizi osoa kabi zitekeen
uda eternal batean

Sariketetan, udazkeneko…
gaztaro haize-epela
Ohartu nintzen nahiz goxagarri
suerta daitekeen orbela
Zuhaitzetako hostoak nola
erori gaitezkeela

Krisiak krisi, negu partean
zalantza ta ezinegon
hibernatzeak, ezkutatzeak
zeini egin dakioke on?
Batzutan behar da hankak pausatu
eta lokatzetan egon

Izan denaren ondotik sortu
daitekeenez gehiago
oraindik ere urterik urte
edo urtaroz urtaro
zertan ez dakit zehazki baina
eraldatzeko prest nago

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-03

Iruñeko eta Oiartzungo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-27

Hondarribia eta Lekeitioko bertsoak Hitzetik Hortzeran