Bertso jarri musikatuak Hitzetik Hortzeran 2025-02-17

«Nerabezaroari» Maider Arregiren sorta musikatua

Maider Arregi Markuletak Nerabezaroari bertso sorta jarri dio Hitzetik Hortzerarako, Manex Pagolak musikatuta. Nerabezaroan urtez urteko aldaketen eta barne munduaren kontakizuna egiten du Arregik, errima berari eutsiz, bukaera formula bati itzuli desberdinak emanez.

NERABEZAROARI

Maider Arregi Markuleta

Hamaikarekin utzi
genuen eliza
hamabirekin hasi
jotzen trikitixa
berezia zen gure
begien irisa
batzuetan marroia
besteetan grisa
egonkortasunik nahi
ez bagenu gisa.

Makillajez estali
genuen kutisa
eredutzat hartuta
Espainiako missa
hamalau urterekin
handitzeko prisa
gura barik zabaltzen
zitzaigun pelbisa
emakume bihurtu
nahi bagenu gisa.

Udaberrian palak
udan frontenisa
udazkenean kartak
neguan partxisa
Nokia txiki baten
snake  ta tetrisa
musean edandako
lehenengo Baileysa
jolasari eutsi nahi
bagenio gisa.

Metropolitik urrun
geneukan polisa
ez genekien zer zen
kotxeko poliza
busean joatearen
tortikulitisa
izaten zen bidaia
guztien premisa
joatea sufritzea
baldin balitz gisa.

Transfeminismoaren
lehenengo peskiza
Maddalen Arzallus ta
Miren Amuriza
pintadekin zikindu
genuen frontisa
presoen omenezko
lehenego brindisa
mundua aldatzera
bagindoaz gisa.

Brometan egindako
zure estriptisa
lehenengo pelikula
Ixa, ixa, ixa
isilpean gustatzen
zitzaigun aktriza
batera egitea
kotxepera pixa
sexuaren beldurrak
ez bageunde gisa.

Kopetan nere erruz
duzu zikatriza
elkarri pasatako
gastroenteritisa
nere biriketara
zuen kanabisa
igandeko Cheetosak
ta erregaliza
hizkuntza partekatzen
bageneki gisa.

Plazako haritzaren
udako geriza
bainatu eta gero
errekaren brisa
SuperPopeko zenbat
sasi pitonisa
egiten geroaren
urrezko krokisa
etorkizuna jakin
nahi bagenu gisa.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en. 2025-02-20

Bertsoaroako eta sagardotegiko bertsoak Hitzetik Hortzeran

Miren Artetxe eta Bittor Thikoïpe 2025-02-18

Bertsoak Donapaleuko libertimenduan

Bertso jarri musikatuak Hitzetik Hortzeran 2025-02-17

«Nerabezaroari» Maider Arregiren sorta musikatua