Zutabea 2025-04-28

«Izan lehenago edo beranduago, bertsogintzaren parte izatea balioan jartzea da, funtsean, garrantzitsuena»

«Izan lehenago edo beranduago, bertsogintzaren parte izatea balioan jartzea da, funtsean, garrantzitsuena»

Irati Agesta Latasa

Deskuidu edo destino, Malerrekako helduen bertso eskolan izena emateko kartela iritsi zitzaidan, niri zuzenduta ez zegoen mezu baten bidez. Aukera ikusi eta bakar-bakarrik agertu nintzen bertso eskolara. Iker, orduan irakasle orain lagun, bertan ezagutu genuen elkar. Gerora etorri zena inork baino hobe dakizu zuk.

Zure gisan, heldutan hasteko pausoa nola eman nuen galdetzen didate sarritan. Erantzuna aski sinplea da; gogoa nuelako pausoa eman nuen eta kitto. Seguruenik, pentsatzen hasi izan banintz, ez nintzen ausartu izanen. Izan, badelako bertso munduaren inguruko aurreiritzi indartsu bat "sartzeko bete behar diren baldintzen zerrenda" osatzen duena. Maiz ikusi dut izena eman nahiko luketen horiek nola gordetzen diren "gustatzen zait, baina ez dut balio" hitzen atzean. Hala galdetuko nieke gustura: ez duzu balio ala ez duzu uste zuretzako lekurik dagoenik? Sei urteren ondoren, argi erranen nioke zalantzan dagoen edonori: hasi eta bertze guztia ahantzi. Ondotik ikusiko duzu balio duzun edo ez, eta benetan zerk balio duen, ere bai.

Nire bizipenean, baliorik gehiena beti beso zabalik hartu izan nautela izan da; onartua sentitu izan naiz, babestua eta maitatua. Horregatik gelditu naiz bertso munduan. Nahiz eta horrek ez duen erran nahi alde ilunik ez dagoenik. Askotan daramat "berandu iritsi izanaren sindromea" itzal baten gisan nire ondoan. Konparaketen jokoan, bertzeek txikitatik jaso dituzten ikasketa eta bizipen horien faltak zalantzak pizten dituelako. Baina, azkenean, norberak bere ibilbidea gauzatu behar du, eta izan lehenago edo beranduago, bertsogintzaren parte izatea balioan jartzea da, funtsean, garrantzitsuena.

Egoitz, ibilbide desberdinak izan ditugunez, hurrengo galdera erantzutea gustatuko litzaidake: Zer eskaini dizu txikitatik bertso munduari lotuta egon izanak?

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-03

Iruñeko eta Oiartzungo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-27

Hondarribia eta Lekeitioko bertsoak Hitzetik Hortzeran