Eneritz Artetxe Eizagirre - Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidea 2025-09-18

«Erniarraitz bailarako bertsolaritzaren motorra izan da 25 urteotan»

«Erniarraitz bailarako bertsolaritzaren motorra izan da 25 urteotan»
«Erniarraitz Bertsozale Elkartea da, ez da bertso eskola bat bakarrik». «Bertsoa bizitzeko modu bat eta lagunarte zabal bezain on bat eman digu». «Antolatzen ditugun ekimenetan hurbiltzen dira gazteak eta hori da bertsolaritza osasuntsu dagoenaren seinale handiena».

Jexux Mari irazu

Larunbat honetan Erniarrraitz Bertsozale Elkartearen 25. urteurrena ospatuko dute Azkoitian, bidearen parte izan direnak bilduz eta bertsozaleei bertso eskaintza eder bat emanez. Eneritz Artetxe (Azkoitia, 1990) bertsolaria eta bertsolaritza eragilea da Erniarraitz kumeetako bat eta ondo gogoan du oraindik herri desberdinetako 13-15 urteko gaztetxo taldea lehenengoz bildu zirenekoa. Erniarraitzen bidearen gakoez, ekimenez, ekarpen nagusiez eta etorkizunaz galdetu dio Bertsoak Erniarraitz kideari.


Erniarraitzen 25 urteurreneko festa duzue larunbatean eta bertsotan ospatuko duzue.
Erniarraitzek 25 urte bete ditu bai eta ospatzeko nahiko egitarau xumea antolatu dugu nahi genuelako egun hori izatea urte hauetan Erniarraitzetik pasa garen kide desderdinak elkartzeko egun bat eta, behin elkartuta, geuk ondo pasatzeko egun bat. Eguerdian bertso poteoa antolatu dugu etxeko bertsolariekin. Saiatuko gara belaunaldi desberdinetako bertsolariak kantuan aritzen. Eta ondoren, bertso bazkaria Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiorekin.

Helburuetako bat bete dugu dagoeneko, izena eman dugunon artean urte hauetan Erniarraitzetik pasako belaunaldi askotako jendea dagoelako. Baina horretaz gain, etxe barruko jendeaz gain, nahi genuen bertsozaleekin ere ospatzea. Gonbidapena luzatu genien inguruko bertsozale guztiei eta itxura polita du larunbatekoak. 

Nola sortu zen Erniarraitz eta zein herri biltzen ditu?
Erniarraitz 1999ko Gipuzkoako Herriartekoaren ondorioz sortutako elkarte bat da. Herri arteko hartan bildu ziren gure bailarako hainbat bertsolari eta bertsozale. Horrek ekarri zuen Erniarraitz sortzea. Elkartzeko gogo batek. Eta gaur egun Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoa hartzen ditu bere baitan. 

Zein dira Erniarraitzen 25 urteko bidearen gako eta ekarpen nagusiak?
Nik esango nuke urte hauetako gakoa izenetik bertatik datorrela. Erniarraitz Bersozale Elkartea da. Ez da bertso eskola bat bakarrik. Erniarraitzeko kide izan gara eta gara bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak, inguruan bertsolaritzarekin atxikimendu bat duen jende pila bat egon da Erniarraitzen modu desberdinetan parte hartzen. Ekarpen nagusia izan da bailarako bertsolaritzaren motorra izan dela 25 urte hauetan. Bertsoa gozamenetik bizi duen jendea elkartu du eta elkartzen segi dezala. 

Zein izan dira 25 urteotan eta dira egun Erniarraitzen ekimen nagusiak?
Bertsolaritzaren transmisioan eta sustapenean egiten dugu lan, batez ere. Gaur egun dugun proiekturik potenteena bertso eskolena da, buruhauste gehiena ematen dizkiguna baina, aldi berean, emaitzik politenak ematen dituena. Garai batean inguruko eskola bakoitzak zuen bere bertso eskola baina 2016an egin genuen apustua Erniarraitzetik bertso eskola horiek eskoletatik atera eta Erniarraitzen baitan kokatzeko. Horrek ematen zigun aukera beharren arabera antolatzeko bertso eskoletako taldeak. Herri desberdinetako gaztetxoak elkartzeko talde berean. Inguruko herrietako gazte bertsozaleen sarea modu naturalagoan antolatzeko. Horretarako garai hartan lanaldi erdiko liberazio bat jarri genuen bertso eskola kudeatu eta bertso eskolen inguruko jarduerak antolatzeko. Esango nuke asmatu genuela egindako apustu horretan. Gaur egun ere jarraitzen dugu bertso eskola horiek Erniarraitzetik kudeatzen. Lan asko ematen ditu baina polita da ikustea urte hauetan egin duen bilakaera. 

Eta sustapenari dagokionez?
Sustapenari dagokionez, baditugu gure plangintzan egonkortutako ekimenak: bertsolari gazteen sariketa antolatzen dugu bi urtez behin; herrietan egiten ditugun saioak: Santo Tomas bueltan egiten dugun Txapelen saioa, Azkoitian lehen udaberrian saio bat egiten zen, gaur egun bertso bazkari bat egiten dugu; Errezilen ere udazkenean bertso afari bat antolatzen dugu; Zestoan Gabon bueltan bertso poteoa; eta Gabon eskea. Erniarraitzetik pasatu gerenontzat zita garrantzitsua da abenduaren 24koa, baserriz baserri kantuan, aukera eman digulako trebatzeko. Denok oroitzapen ona dugu horrekiko. 

Horiez gain, baditugu unean-uneko beharrei erantzuteko antolatu ditugun saioak. Pandemia urtean hilero bertso saio bat antolatzeko erronka jarri genion geure buruari, saioek behera egin zuten hartan. Bertso kopa, adinez hain gazte ez diren bertsolariekin. Eta, denok nostalgia puntu batekin gogoratzen dugu ekimena Bertso parranda da: taldekako txapelketa izugarrizko arrakasta izaten zuena. Gaur egun ez da antolatzen bere ibilbidea egin zuelako. 

25 urteko bidea egin da nola dago gaur egunean Erniarraitz oinarri aldetik, jende aldetik…
25 urteko ibilbidean Erniarraitzek izan ditu osasuntsu eta indartsu egon den garaiak. Izan ditu ahulago egon den garaiak. Baina nik uste ahulago egon garen garaietan ere jakin dugula oinarrizko proiektuei eusten. Gaur egunean badugu talde eragile bat lau belaunaldiko kideekin osatua. Esango nuke ez dela oso ohikoa 25 urte eta gero sorrera hartan parte hartu zuen jendea talde eragilean izatea. Aldi berean, baditugu 18-19 urteko gazteak ere Erniarraitzen parte hartzeko gogoz eta hori ikustea ederra da. Baditugu gure gora-beherak elkarte guztietan bezala, baina elkar ulertuz eta garaira egokituz ari gara bidea egiten. Bertso eskoletan ikaslerik ez zaigu falta zorionez. Jarraitzen dugu sustapeneko ekimenak antolatzen eta, hobeto edo okerrago, behintzat martxan ari garen elkarte bat gara. Eta ez da gutxi.

Zein dira Erniarraitzen etorkizuneko erronka nagusiak?
Esango nuke erronka nagusiak orain arteko berdinak direla. Nagusiena Erniarraitz osatzen dugunok egiten dugun hortaz goxatzea, inguruetako bertsozaleei non gozatua ematea eta transmisioan eta sustapenean ditugun proiektuei eustea. Eta beste 25 urte betetzeko gai garen. 

Zu ere zeure bertso bidean Erniarraitz-kumea zara, zer eman dizu Erniarraitzek, zer azpimarratuko zenuke?
Sorrera hartan parte hartu zuten bi belaundien ondoren, esango nuke gurea izan zela Erniarraitzen sartu zen lehenbiziko belaunaldia. Gogoratzen dut nola elkartu ginen Azpeitiko lokal batean Errezil eta Azpeitiko 13, 14, 15 urteko hainbat gazte. Hasieran, astean behin bertsotan egiteko eta horren ondoren etorri zen Erniarraitzek eman digun guztia. Niri batez ere esango nuke bertsoa gozamenetik bizitzeko modu bat eman didala, bertsoa lagunartetik bizitzeko modu bat, eta ikasteko leku bat izan dela Erniarraitz. Ez bertsotan ikasteko leku bat bakarrik. Orduan, horixe, bertsoa bizitzeko modu bat eta lagunarte zabal bezain on bat eman digu Erniarraitzek. 

Nola dago eskualdeko bertsolaritzaren osasuna?
Eskualdeko bertsolaritza uste dut nahiko osasuntsu dagoela. Badakigu gizartea aldatu dela, parte hartzeko moduak aldatu direla... Lehen aipatu dut nola kartel bat jarri eta bertso parrandan tabernak nola betetzen ziren goraino. Gaur egun ziurrenik ez da hori pasako baina antolatzen ditugun ekimenetan hurbiltzen dira gazteak. Eta nik uste bertsozale gazteak izatea dela bertsolaritza osasuntsu dagoenaren seinale handiena. Beraz, horrela jarrai dezala.

Albiste gehiago

Nerea Bruño - Nafarroako bertsozale Elkateko lehendakaria 2025-09-08

«Nafarroako bertsolaritza goranzko joeran doa»

Larunbat gauean 21:00etan Mirari Martiarenak aurketuta 2025-09-02

Irailaren 13an hasiko da Hitzetik Hortzera

Datorren astean Bertsoa.eus-en 2025-07-16

Algortako Jaialdi Mundiala espazioan barrena