Zutabea 2025-09-26

«Eta orduan ulertzen dut zoriontasuna ezin dela iraunkorra izan»

«Eta orduan ulertzen dut zoriontasuna ezin dela iraunkorra izan»

Ekhiñe Zapiain Arlegi

Bittori, zaila da galdetzen didazuna erantzutea. Zerk eragiten ote didan plazera, zerk zoriontasuna… Eginen nizuke zerrendatxo bat, buruari gehiegi eragin gabe. Baina bai; badakit hau bertsolaritzari buruz izan behar dela.

Oroitzen dut ikastolan lehendabiziko bertsolaritza klasea izan genuenean gure izenarekin errimatuko zuen kopla bat osatzeko zeregina jarri zigutela. Nire izena, bortzirietan darabilgun euskalkian behintzat, ez da errimak topatzeko hauta zenezakeen hitzik errezena. Hala ere, bururatu zaitzaidan Lesakan banuela lagun bat, eta bere izena nirearen antzeko eran bukatzen zela. Sartu nuen zazpi-seian, ahal gisan. Oraindik ere gogoan dut klase bukaera ailegatzerako neskatila haren zoriontasuna.

Ez dut ahantziko nire urtebetetze eguna zela bertso udalekuetako lehendabiziko aldi hartan. Urtebetetzeak erromantizatzeko joera ere badut tarteka, eta pena pixka bat eman zidan autobuseko inork ez jakiteak egun hartan hamazazpi betetzen nituela. Hala ere, ulertzen ninduen jendea ezagutu nuen hamar egun horietan. Nire antza zeukatenak, nahiz zertan ez jakin. Zoriontsu egiten nindutenak. Nire moduan txunditzen zirenak bertsolari zenbaitekin. Gerora, ni ere txunditu naiz beraietako batzuk oholtzan ikustean.

Honezkero, badakit plazera eragiten didala bertsoak. Baina jende aitzinean bapatean aritu nintzen lehendabiziko aldi hura ez da izan negarrez bukatu dudan saio-oste bakarra. Nik ere galdetzen diot oraindik sarri nire buruari ea benetan badaukadan zentzuzko zerbait kantatzeko. Ea urduritasuna kontrolatzera ailegatuko ote naizen inoiz. Ea hartuko dudan serio noizbait entrenatzearena. Ea bertsoak bene-benetan egiten nauen zoriontsu.

Eta halakoetan oroitzen dut nola ailegatu naizen honaino. Zer eta batez ere nor eman didan bertsolaritzak. Aditzen ditut ondokoak erraten haiek ere pereza sentitzen dutela saioa hasi baino lehen. Haiek ere nekatuta daudela; ez dutela gogorik. Haiek ere ez direla konforme gelditu kantatu dutenarekin. Eta orduan ulertzen dut zoriontasuna ezin dela iraunkorra izan. Sentitzen duzula ohartzen zarenerako desagertu egiten dela.

Gainontzean, ba hori: egunsentia ikustea, norbaitek janari goxoa prestatzea, mendi-buelta bat zakurrekin, herrian lagunekin zerbait hartzea, edo ilunabarraz gozatzea. Bizitzako plazerak denak, eta zoriontsu egiten nautenak. Hortxe aipaturiko zerrendatxoa.

Haira, zurekin ere egoten naiz pozik. Zure gailetak sartuko nituzke nire plazeren zerrendan. Bertsotarako inspirazioa aurkitzen ere lagundu izan didate. Kontaiguzu, zer da zuri bertsotan egiterako orduan lagungarri zaizuna? Baduzu kantuan irauteko sekreturik?

Albiste gehiago

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-09

Amoroto eta Irurako bertso jaialdiak Hitzetik Hortzeran