Zutabea 2025-10-31

«Erranen nuke osagairik garrantzitsuena lagunartea dela»

«Erranen nuke osagairik garrantzitsuena lagunartea dela»

Haira Aizpurua ibargarai

Nik ere plazer hartu dut bertsoei bueltak eman bitartean zurekin gailetak konpartitzean, Ekhiñe. Zure galderari erantzunez, bertsotan aritzeko osagai lagungarriak eta kantuan irauteko errezeta bat atzematea gustatuko litzaidake, egia erran. Nago, existituko balitz ere (eta existitzen bada keinu egin) ez litzatekeela bakarrik xokolate zaporekoa.

Ene kasuan, agendan bertso eskolak eta saioak ilusio handiz eta pozik apuntatzen baditut ere, ezin dut jakin momentuan berean ilusio berarekin gauzatuko ditudan. Zeren, ez, bertso jardunean ez naiz beti kontent, gustura eta supermotibatua egoten. Onddo izenak buruan iltzatzen ez zaizkidanean, Google Mapsean helmuga idatzi eta geltokiz tronpatzen naizenean edo tisana bat egin eta edatea ahazten dudanean ere, bertsotarako denbora zenari hala izaten uzten diot, alta. Ene inguruan bertsotarako gogo ezaren aitorpena entzuten hasi nintzenean onartu nion nere buruari ere, besteen ahotan errazago berbalizatuko balitz bezala.

Erranen nuke osagairik garrantzitsuena lagunartea dela. Agian batzuk pentsatuko dute "Lagunak, harremanak, tar-tartar ... " baina ez; ez da hastiala izatea; halaxe sentitzen dut. Bertso eskolen aintzineko kafea edo ondoko bazkariak aipatu nahiko nituzke. Elkarri onartzen baitiogu ez garela soilik bertsotarako elkartzen; elkarrekin momentu goxoak pasatzen ditugu hizketan eta, bertsoak elkartu bagintuen ere, orain ez gaituela horrek lotzen.

Hala ere, kasu batzuetan bertsoa bera izan da beste korapilo batzuk askatzeko errezeta. Bertsoa terapeutikoa ez den arren, zenbaitetan burua beste norabait bideratzeko manera izan da enetzat. Deustarako gogorik ez eduki arren, bertsotan aritzeak berriz hankak lurrean ezartzen lagundu izan dit.

Maddi, neguko arratsalde ilun eta hotzetan, unibertsitatea basamortu bilakatutakoan, mintegi hori bunker bihurtu izan dugu. Bunkerretik, betonezko galdera bat: nola uztartzen dituzu neguan zein udaberrian, bertsolaritza eta denbora galdegiten dizuten beste engaiamenduak?

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa