Ehizean zebilela izandako istripuaren harira 2025-10-16

«Ene errekontrua», Fernando Aire Xalbadorrek ehizean bere burua zauritu zuenekoa

Ehizean, usotan izandako errekontrua edo istripua azaltzen du Xalbadorrek; eskopeta bizkarrean hartuta zihoala, ustekabean tiroak ihes egin eta zango muturrean jo zuen. Bi hatz moztu zizkioten. Hor konturatzen da Xalbador zer egiten dieten ehiztariek usoei. 

Bertsolaria: Fernando Aire Xalbador (1920-1976 Urepele, Baxenabarre). 
Doinua: Gizona da zoroa


1
Gizona da zoroa ta bihotz gabea 
barnean baldin badu plazerren gosea 
arimadun batentzat zer egitatea
hegaztin inozenter bizia kentzea! 

2
Tiroka ari denak uso gaixoari
bere burua ere ez du urrikari 
usor egin nahia jin daike berari  
hori gertatu zaio aurten Xalbadorri. 

3
Urrieta goiz batez, goizik oihanean   
ihizin nindagola arma bizkarrean     
tiro bat eskapatu zaut uste gabean 
xuxen-xuxena sartuz zango muturrean. 

4
Jainkoari eskerrak hortan gelditurik
gehiagokorik gabe bi eri mozturik   
tiroak hartu balu nonbait barnagotik 
egun ez zen entzunen kantuz Xalbadorrik. 

5
Tiroak hiltzen baitu hatzemanez geroz    
bederen zaurituko gaitu aldi oroz;            
bizi nahi badugu trankil eta uros 
arma xaharra sal ta berririk ez eros. 

6
Arma lanjerosa da gehiago ezina            
ez dea alabainan hiltzeko egina?            
Nik ene maIurrean egiten dut zina         
beiratuko naizela hemendik aintzina.

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza