Zutabea 2025-11-27

«Gaur egungo gizarte azeleratuan nahiko ekintza iraultzailea da besterik gabe gai bat entzun eta horren inguruan bertsoz hausnartzeko tartea hartzea»

«Gaur egungo gizarte azeleratuan nahiko ekintza iraultzailea da besterik gabe gai bat entzun eta horren inguruan bertsoz hausnartzeko tartea hartzea»

Maddi Agirre Epelde

Haira, ez dakit zure galdera erantzuteko pertsona egokiena naizen, sarri egoten bainaiz nik neuk jositako eginbeharren eta egin nahi nituzkeen horien sarean korapilatuta. Txikitatik kolorez eta apuntez zipriztinduta eduki izan dut agenda, lehertzear, eta horrelakoetan ez da erraza izaten grabitate-zentroa bilatzea. Esan gabe doa, neguan zein udaberrian, egun askotan kendu izan didala bizitzak bertsotan aritzeko denbora.

Hala ere, bertsolaritza eta gainontzeko engaiamenduak uztartzeko ahalegin honetan, ohartu naiz gehienok estu eta larri gabiltzan arren, astez aste egiten dugula bertso-eskolara azaltzeko hautu kontzientea. Nire kasuan buruko makineria olioztatzeko modua ere bada, karrerako teknizismo matematikoak albo batera utzi eta hitzezko sormenari bide ematekoa.

Gainera, nire irudipena soilik izango da agian, baina uste dut gaur egungo gizarte azeleratuan nahiko ekintza iraultzailea dela besterik gabe gai bat entzun eta horren inguruan bertsoz hausnartzeko tartea hartzea, gelditzea. Etengabeko produktibitatearen ideiatik apur bat aldentzen den jarduera da, eta horrek zailtzen du, hein handi batean, dagokion lekua eskaini ahal izatea gure agenda gainkargatuetan.

Beraz, ez, ez nuke jakingo zehazki esaten nola uztartzen ditudan bertsolaritza eta gainontzeko gauza guztiak: batzuetan ez naiz uztartzeko gai eta punto, lotsarik gabe onartzen dut. Dena dela, badakit on egiten didala, eta gehienetan hori besterik ez duzu behar klasetik irten eta etxerako bidea hartu beharrean, pausuak bertso-eskolara bideratzeko.

Naia, badakit zuk ere ez dituzula eginbehar gutxi izaten egunerokoan, eta esango nuke bertsoarentzako hutsune zuriak aurkitzea bereziki zaila dela zure agendan. Edonola ere, hortxe diharduzu, eta behar genuenean aurkitu izan dugu biok bertsotarako batzeko tartea. Galdera logiko bezain konplexu bat hortaz: zer ematen dizu bertsolaritzak gainontzeko ezerk ematen ez dizuna?

Albiste gehiago

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu