Gaur aurkeztu dute Nafarroako finala Iruñean 2025-11-21

Jexux Mari Irazu
Nafarroa Arenaren atarian aurkeztu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Orduko hartan azaldu zuten moduan, «bertsolaritza lurralde guztira hedatzeko apustua» egin da. Horregatik, orain arteko geltokiek Nafarroaren berde, hori eta gorriak zeharkatu dituzte. Heldu da, baina, azken geltokira: Nafarroa Arenara.
«Bidea emankorra izan da, eta berretsita geratu da Nafarroako bertsolaritza une gozoan dagoela: bai bertsogintza aldetik, baita zaletu aldetik ere», azaldu du Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak.
Hori dela eta, Nafarroa Arenako ataritik barrura egin dute salto, bertan izango baita finala, «lehen aldiz». Izan ere, hala azaldu du Bruñok: «goraldi horrek eman zigun apustu egiteko indarra, eta apustu horren erakusle da finala hemen izatea». Urrats kuantitatibo eta kualitatibo gisa definitu du.
Saioa Onekak gaineratu du, urrats horren ondorio, inoizko finalik jendetsuena izatea espero dutela. Gaurkoan ia zurituta esnatu da Nafarroa, eta eguraldiak horretan eragin dezakeela jakinda ere, baikor agertu dira. Orain arte bildutako bertsozale kopuruak eta sortutako giroak horrela pentsatzeko heldulekuak ematen baititu.
Berriz zortzi bertsolari, baina beste argazki bat
Irailean 24 bertsolarik ekin zioten txapelketako bideari. Zortzi heldu dira finalera: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Zortziko honek argazki berri bat ekartzen digu, nola belaunaldiartekotasunean, hala genero kopuruari dagokionean. Besteak beste Zapiainek eta Mateorenak lehen aldiz kantatuko baitute finalean.
Zaldiko Maldiko elkartea: euskararen eta bertsoaren «arnasgune» Iruñean
Txapeldunaz gain, txapel emailea ere izaten da finaleko protagonistetako bat. Eskertza eta aitortza modukoa da txapel emailea izatea, eta Bruñok adierazi duenez, «euskaldunentzat arnasgune izatea, euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin duten harreman estua eta bertsolaritza sustatzeko egindako ekinbide guztiengatik eskerrak eman nahi dizkiogu Zaldiko Maldiko elkarteari».
1981ean sortu zen elkartea, eta urte betera, lehen bertso eskola antolatu zuten Lontxo Aburuzarekin. Ordutik eta gaur egunera arte, bertsolaritzak presentzia izan du elkartean: bertso eskolak, Bardoetako saioak, eskolartekoak, Señora Sariketa eta beste hainbat bertso ekimenen aterpe baita.
Boluntarioak, bertsogintzaren oinarri
Txapelketa antolatzeko eta horrelako ekitaldiak egin ahal izateko, Bertsozale Elkarteko bazkideak eta boluntarioak ezinbesteko pieza dira. Bertsozale Elkartearen oinarrian dago boluntariotza eta txapelketa horren ispilu eta erakusleiho bat gehiago da. Txapelketan aktiboki eragin nahi duen ororentzat Nafarroako Bertsozale Elkarteko ateak zabalik daudela adierazi du Onekak, eta lagundu nahi duen oro ongietorria izango dela.
Txapelketan eta Nafarroako bertsogintzan laguntzeko beste modu bat saioetara joatea da. Beraz, bertsozale guztiak Nafarroa Arenara joateko gonbidapena egin dute. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu
Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28
Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21
Jexux Mari irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-16
Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari irazu
Irune Basagoiti Agirre - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari Irazu