Zutabea 2025-12-18

Oro har, sorpresak esango nizuke. Asko espero gabe jaso baitut Maddi Ibargurenen mezua: Maddi Agirrek puntua jarri dizu, erantzungo al diozu? Ulertzen zaitut, Maddi. Ederki dakit zure agendan zuriuneak bilatzea zaila dela, nirean bezalaxe. Hala ere, maiz batu gara Azkoitiko Kultur Etxeko egurrezko mikrofonoen aurrean, asteburuetan, larunbat goizetan. Gauetan ere bai, baina mikrofonorik gabe.
Larunbat goizetan, normalean guztiz libre dauzkadan asteko ordu bakarrenetakoak dauzkadanean, zerbaitetarako borondatea hartzea ez da kasualitatea izango. Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bileretan, Gipuzkoako Herriartekoaren eskualdeko fasea diseinatzeko astearte buruzurietan gaueko hamaikak arte luzaturiko bilerak egitea ere ez. Kotxea hartu eta Euskal Herriko zenbait txokotara joatea ere ez, bertsoak entzutera. Zer ematen didan? Ba ez dakit, zerbait bai, beste ezerk emate ez didan zerbait. Saskibaloi partida bat ikustera ez nintzateke Azkoititik Elizondoraino joango.
Galdera aldatzeko lizentzia hartu eta ausartuko nintzateke bertsolaritzak zein ematen didan erantzutera. Lagun talde bat, silaba errimatuak kantatzen dituena eta era berean, barne minak sendatzen laguntzen duena. Saio aurretik animoak bidaltzen dituena, saioetan gominolak ateratzen dituena zorrotik eta saio ondoren parrandak botatzeko prest dagoen lagun talde bat. Errealitate desberdinak, bizimodu desberdinak dituena baita adin tarte oso desberdinetako jendea ere: 70etik hasi eta nire bertso eskoletako ikasleak arte.
Oroitzapen bilduma mugagabe bat ere bai. Gogoratuko zara Amezketatik Zarautzera joan behar genuen hartan, “Naia hartu Gasteizerako noranzkoa!” esan zenidanekoa, ez Maddi? Barre mordo bat eta jende on asko.
Julene, hik ere probatu izan ditun Erniarraitzeko bilera amaigabeak eta makina bat aldiz esan zonagu elkarri “Gaur ere berandutu!”. Zerk motibatzen hau bertsoari denbora eskeintzeko?
Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu
Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28
Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21
Jexux Mari irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-16