Zutabea 2026-01-28

Bertso eskolarik ez den astearte iluntze batean hartu dinat [Naia] hire galderari erantzuteko tartea. Zoria izango hunan. Baina, gaur ere, berandutuko zaidan jakin gabe abiatu naun bertsoaren ala bertsolaritzaren (ez baititun berdin-berdinak sarri) bueltako hausnarrera.
Niri ere, lehenengoz bertsoak berak mugitu zizkidanan barrenak. Nerabe haren begitan bertso eskolan, klasekideengan zein miresten nituen bertsolarien inguruan zabaltzen zen aukera, mundu eta jolaserako leku posibleen marko infinituak. Gerora, bertsolaritzak lortu izan din hori. Lagunek eta kideek, haienganako miresmenak, hitz neurtuez haragoko helburu kolektiboetan sinesteak, lorpen txiki-handi batzuek ere bai noizbehinka.
Tripako minak eta buruhausteren batzuk ere ekarri izan zizkigun bertsoak. Baita bertsolaritzak ere. Ez guri bakarrik. Baina bazeukanagu oraindik horretan jarraitzeko gogoa. Eta gogo edo motibazio hori zerk eragiten didan galdetu didan.
Askotan egin zionat galdera bera neure buruari. Eta nahiko garbi zeukanat erantzuna. Ez genitizkenan bilerak hala luzatuko elkarri helburu berdin edo antzekoengatiko borondaterik sumatu ez bagenio. Ez nengokenan hemen bidean egindako eta eutsi nauten kide eta lagunengatik ez balitz. Eta nekez iraungo nikenan bertsotan nola bertsogintzan bertso saioetara (metaforikoki bada ere) polo urdinez joaten diren bertsozaleengatik eta Ahalduntze Bertso Eskola Feministarengatik ez balitz. Zauri eta helburu konpartituak erakutsi zizkigun bertsolaritzak. Goxo egoteko leku bat aurkitu eta eraiki dinagu. Eta elkarri eusten ikasi. Horrek ematen zidan jarraitzeko indarra.
Joane, ez nuke esango inoiz guztiz urrundu zarenik (edo urruntzea lortu duzunik) bertsolaritzatik. Hala ere, berriro oholtzaratzera animatu zinen azken Señora Sariketan. Zerk bultzatu zintuen “itzultzera”?
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23
Jexux Mari Irazu
Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17
Jexux Mari Irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04
Mirari Martiarena
Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu