Zutabea 2026-02-26

"Bertso-eskola feminista edo Señora Sariketa bezalako ekimen kolektiboei esker gaude berriz ere bertsoaren orbitan"

"Bertso-eskola feminista edo Señora Sariketa bezalako ekimen kolektiboei esker gaude berriz ere bertsoaren orbitan"

Joane Aldalur Irazusta

Lagunek bultzatu ninduten berriz jende aurrean kantatzera. Lehenengo aldian ere halaxe izan zen; ez nukeen Eskolartekoan sekula kantatuko lagunek nire baimenik gabe nire izena eman izan ez balute. Ziurrenik zeu ere kideek adoretuko zaituzte etengabe oholtzara itzultzeko, Julene. Elkarri egiten diogu geure buruari egiten ez diogun aitortza.

Haurra nintzela hasi nintzen bertso-eskolan. Bi gauza eder eman zizkidan bertsoak: jolasa eta lagunak. Nerabetan, Eskolarteko Txapelketan kantatu nuen. Hemezortzi urte betetzean, gazte sariketa bati ezezkoa ematearekin batera egin nion uko bertsolari izateari. Neska gazte baten brillo handiegirik gabeko ibilbide tipikoa.

Halabeharrez edo nahita, baina oholtzatik urrundu arren sekula ez naiz apartatu bertsoaren ekosistematik, lagunek mantendu naute harengandik gertu. Doinu, neurri eta errimen jolasa, ordea, ia erabat alboratu nuen bertsolaria ez izatea erabaki nuenean. Zorionez, Hasiberrien (eta berriro hasien) bertso-eskola feminista sortu genuen Zarautzen aurreko ikasturtean. Ez genekien zenbat gustatzen zitzaigun bertsotan aritzea berriz hasi ginen arte.

V. Señora Sariketak eman zigun itzulera epiko baterako oholtza. Bertan egin zuten topo plazaren ertzetatik egindako (edo ertzetara bultzatutako) ibilbide okerrek. Bertsorik txarrenen errepikak ere ozen kantatu genituen, mediokritaterako eskubidea ospatuz. Kasualitatetik gutxi eta egiturazkotik asko zeukan bertan elkartu ginen emakume eta genero disidenteon bizipen partekatuak.

Itzuli arren, ez ginen leku berera itzuli, eta eskerrak. Bertso-eskola feminista edo Señora Sariketa bezalako ekimen kolektiboei esker gaude berriz ere bertsoaren orbitan. Nora, zu duela gutxi hurbildu zinen bertsoaren inguruetara eta oholtza zapaldu duzu Herriartekoan. Zer izan zen erakarri zintuena eta zer aurkitu duzu?

Albiste gehiago

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»