Zutabea - Nora Estevez Ibargoien 2026-03-30

Nora Estevez Ibargoien
Batzuetan urrunago eta besteetan gertuago bizi izan dudan arren, esango nuke beti erakarri nauela bertso munduak. Joane, zuk ez bezala, txikitan bertso-eskolarik zapaldu ez arren, eskolan lantzen genuen bertsolaritza, eta horrek utzi zuen jakin-min bat nigan hor nonbait, iaz sortu genuen Joxepa taldeak bete duena.
Hernanin urtero antolatzen da Tabernetako Bertsolari Txapelketa. Izatez, edonork parte har dezake, baina jakin badakigu “edonor” hori perfil mugatukoa izan ohi dela. Horri heldu nahi izan genion Joxepan: oholtzan bestelako gorputzen presentzia aldarrikatu, bertso ez hain onak botatzeko zilegitasuna eman geure buruari. Tabernetakoa, helburua baino gehiago, aitzakia zen agian. Guk presiorik eta epairik gabe bertsotan aritzeko gune bat nahi genuen, besterik ez.
Lehen saio haiek nostalgiaz gogoratzen ditut. Ilusio handiz hasi ginen, lagunartean, horrek guztiak nora eramango gintuen jakin gabe. Zalantzak tarteko, iaz bi taldekide igo ziren oholtzara lehenengoz, eta atzetik jarraitu diegu aurten beste bik ere. Ea datorren urtean bide beretik jarraitzerik dugun. Eta hala ez bada, ez dadila izan Joxepatarrok biltzen jarraitzeko oztopo.
Tabernetakoaren eskutik etorri da Herriartekoa ere. Joane, zure galderara itzuliz, bertan zer aurkitu dudan galdetu diot neure buruari. Egia esan ez dakit zer aurkitzea espero nuen ere. Ikusi dut, adibidez, autoexijentziari aurre egin eta fokua bidean jartzea posible dela. Topatu dut, baita ere, honen atzean dagoen komunitate oso bat, espazio berriak eraikitzen, ertzetako gorputzak erdigunean jartzen. Esango nuke horixe izan dela aurkikuntzarik politena.
Hasiberrien taldeei buruz ari garela, Klari, badakit zuek ere bertsotan egiteko bildu ohi zaretela Gasteizen. Nola sortu zen Fleki Berts eta zer da zuretzat espazio hori?
Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23
Jexux Mari Irazu
Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17
Jexux Mari Irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04
Mirari Martiarena
Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu