Zutabea 2026-04-30

«Frikismoak fuerte jo zidan eta lagunekin bertsotan whatsapeatzen ere hasi nintzen»

«Frikismoak fuerte jo zidan eta lagunekin bertsotan whatsapeatzen ere hasi nintzen»

Klara Schmidt Lizarde

Orain dela pare bat urte bertsolariz inguratuta topatu ginen gure pisukideetako bat (hemendik aurrera M.)  eta biok. Harri bat altxatu orduko bertsolari/bertsozale bat ateratzen zen gure inguruan urte hartan. Gipuzkoako txapelketako burbuila horretan murgilduta, bertsoekin koketeatzen hasi ginen. Espero bezala, hortik gutxira frikismoak fuerte jo zidan eta lagunekin bertsotan whatsapeatzen ere hasi nintzen. Gogoratzen al zara gure bertso-whatsapekin, Nori?

Zorionez, oholtza batetik bestera gure pisukide bertsolariak guri zertxobait irakasteko tartea eskaintzen hasi ziren, eta trebatzen hasi ginen gutxinaka. Normalean idatziz egiten genituen bertsoak, eta ikaragarri ondo pasatezn genuen, baina ez zuen egitura formalik hartu. Etxean zehar bertso oharrak uzten genituen; puntuka komunikatzen ginen; bertso erromantikoak eskaintzen genizkion elkarri… proiektu sekretu bat ideatzen ere hasi ginen, baina hori oraindik ezin dizuet kontatu.

Hurrengo ikasturtean Bizkaiko txapelketa ailegatu zen, eta horrekin batera, gure pisukide berria; bertsolaria hau ere, nola ez. Berak eman zion forma gure bertso-eskolari. Zuek bezala, Nori, «presiorik eta epairik gabe bertsotan aritzeko gune bat nahi genuen, besterik ez». Pixkanaka taldea handitzen joan da eta orain lau ikasle batzen gara bertso mamarratxoak egiteko. Ostiralero ez, ostiraletan. Orain dela gutxi, Bartzelonako Euskal Etxean izan zen gure debuta, pare bat bertso kantatu genituen M.rekin. Bertso-eskola, berriz, Señora Sariketako aurkezpenean estreinatu dugu Fleki Berts izenpean, bertso-sorta batekin.

Bertsoetan esan genuen: 30 urteren bueltako krisiari aurre egiteko batzuek speeda hautatzen dute; guk flekiloa moztea eta bertsoa hautatu ditugu. Bukatzeko, M. itzalpetik aterako dut: Maialen, zure bertsozaletasuna txikitatik hezi zuten zure gurasoek, baduzu garai hartako oroitzapen graziosorik?

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza