Zutabea 2026-05-29

Maialen Cadavid Etxebarria
Litxarreriak erosteko asteburuaren zain egoten ginen txikitan eta Hitzetik Hortzera ikusi bitartean jaten genituen. Gozokiak ahoratzen nituen bitartean pentsatzen nuen zergatik gustatzen zitzaien nagusiei horrenbeste niri hain aspergarria egiten zitzaidan hori. Telebistan agertzen ziren entzuleek aspertu aurpegia zuten, eta gainera ez nuen kantatzen zutena ulertzen. Aste Nagusian eguneroko zita genuen Santiago Plazan. Eguzki galdatan urtu, entzundakoa ulertzen saiatu eta ogi barrari koxkorra lapurtuta itzultzen ginen etxera. Orduan ere ez zitzaidan dibertigarria iruditzen, baina lagunekin elkartzen ginen, eta horrek dena egiten zuen ezberdin.
Etxekoek hurbildu ninduten bertsora, baina lagunekin egin naiz bertsozale. Lagun bertsolariak saioetara lagundu, txapelketak gertutik jarraitu, bertso-saioak antolatu… eta bat-batean gureak dira telebistan, litxarreriak jaten, ikusten diren aurpegi horiek.
Ama ere sarri agertzen da entzuleen artean. Lagun-talde fidela batzen dira saioz saio plana antolatu, garraioak lotu eta sarrerak erosteko. Han ibiltzen dira Euskal Herriko txoko guztietan bertsoei jarraitzen. “Bertsoteam” ezizena jarri nien nik, “Bertsotime” esaten du berak. Edonola deituta ere, ia astebururo elkarrekin plan zoragarriren bat egiteko probesten duen señora taldea osatu dute.
Nik nagusitan zuek bezalakoa izan nahi dut, ama: bertso-saioak aitzakia hartuta asteburua lagunekin Euskal Herriko txokoak bisitatzen igarotzen duen señora bat izan nahi dut. Elkarrekin egon, elkar entzun eta elkar zaintzen duen taldetxo bat izan.
Ez da erraza bertsozale izatea. Orain, Euskal Herriko Txapelketa ate joka dugun honetan, udazkena nola antolatu pentsatzen gabiltza. Zer hartu behar dugu kontuan bertsozale nobel garenok txapelketa garaietan? Autoan lekutxo bat gordez gero zuekin joango naiz.
EHBT26 2026-10-10
Igotz Alkorta Irastortza
Bertsoak ez du adinik 2026-10-07
Igotz Alkorta Irastortza