Gazte sariketa 2026-09-05

Haizea Arana Cardenal, 2026ko Lizardi sariko txapeldun

Haizea Arana Cardenal, 2026ko Lizardi sariko txapeldun
Haira Aizpurua Ibargarai izan zen bigarren, Modelo aretoa lepo beteta zela jokatu zen finalean.

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsokera bizi eta ausarta erakutsiz, Haizea Arana da Lizardi sariko aurtengo txapelduna. Puntu eta erdiko aldea atera dio bigarren izan den Haira Aizpuruari. Ofiziotan egindako lan ona ganbarako eder batekin borobildu zuen Aizpuruak.
Zigor Leunda Eizmendi, Estitxu Agirre Agirre eta Unai Muniain Caballerok osatutako epaile taldeak honela banatu zituen puntuak:

Haizea Arana Cardenal 272,5
Haira Aizpurua Ibargarai 271
Maddi Aiestaran Iparragirre 262
Bittor Altube Sarrionandia 253,5
Irantzu Idoate Funosas 249,5
Martin Abarrategi Sarrionandia 246

Bertsorik onenaren saria ere Aranak irabazi zuen, eskoriatzarraren puntu erantzun bat izan baitzen bertso onena izendatua.

50. edizioa bete du bertsolari gazteei begira antolatzen den sariketa honek eta osasuntsu dagoela erakutsi du finalerako Modelo aretoa erabat bete izanak. Aitor Urbieta Zarauzko Motxian-Etxebeltz bertsoguneko ordezkariak jantzi zion txapela Aranari, azken hamarkadan Lizardi saria antolatzen egin duen lanari eskertza gisa. Belaunaldi berri bati utzi dio antolakuntzaren erreleboa.

Bertso paper irabazlea
Finalaren ostean, sari banaketa baino lehen, 42. Basarri bertsopaper lehiaketa irabazi duen sorta entzun ahal izan zen. Uxue Alberdi Estibaritzek irabazi du aurten “Autoan” izeneko sortarekin, autoko joan etorriak eta bizi esperientziak uztartuz ondu du lana.

Bertsoa.eus finalean izan zen eta bertso hautaketa zabala eskura da HEMEN