Hustubetehustu izango da ekitaldi nagusiaren izenburua 2010-01-30

Gaur ospatuko da Bertso Eguna Donostian

Goizean bertsolariak ibiliko dira Alde Zaharrean eta Boulevardean. Arratsaldeko 18etan Kursaalean egingo da ekitaldi nagusia. Ondoren, urtero bezala, afaria egingo da Kursaalean bertan.
 Gaur ospatuko da 2010eko Bertso Eguna. Urtero bezala, aurten ere Donostian izango da zita. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatu du gaurko ospakizuna, Donostiako Udalaren laguntzaz.

 Eguerdiko 12etan hasiko da festa. Ordu horretatik aurrera bertsolariak ibiliko dira Alde Zaharrean eta Boulevardean. Hirunaka eta binaka ariko dira.

 Arratsaldeko 18etan izango da ekitaldi nagusia, Kursaalean. Hustubetehustu da aurtengoaren izenburua, eta Jorge Oteizaren ekarpenak eta filosofia izango ditu ardatz. Antolatzaileek ezer aurreratu ez badute ere, garbi utzi dute ez dutela Jorge Oteizaren omenaldirik egingo. Bere ideiak frogak egiteko erabiltzea da asmoa. Horretarako, 19 bertsolari ariko dira lanean. Horietatik 8 izango dira ekitaldi guztian oholtzan egongo direnak:

 Igor Elortza
 Iñaki Gurrutxaga
 Uxue Alberdi
 Xabier Silveira
 Jon Maia
 Jokin Sorozabal
 Amets Arzallus
 Maialen Lujanbio

 Gaiak jartzen Unai Elizasu eta Andoni Egaña jardungo dira.

 Ondoren, urtero bezala, afaria izango da Kursaalean bertan. Urtero bezala agortu egin dira sarrera guztiak. Honek esan nahi du 800 lagun elkartuko direla afaritan. Afalostean bertso-saioa izango da. Propio prestatutako bi saio egiteaz gain, bat-bateko formula berri batekin frogak egingo dituzte.

  Aurtengoa 41. Bertso Eguna da. 1968an hasi ziren ekitaldia antolatzen. Hasieran San Sebastian jaien egitarauaren barruan antolatzen zen, eta omenaldi eguna izan ohi zen. Bertsolari Eguna deitzen zitzaion orduan, eta urtero bertsolari bat omentzen zuten. Honako hauek dira omenduak:

 -Manuel Olaizola "Uztapide" (1968)
 -Fernando Aire "Xalbador" (1969)
 -Manuel Lasarte (1971)
 -Mattin Treku (1972)
 -Iñaki Eizmendi "Basarri" (1973)
 -Balentin Enbeita (1974)
 -Pedro Ortuzar "Iturri" (1975)
 -Joxe Miel Iztueta "Lazkao-Txiki" (1976)
 -Joxe Lizaso (1977)
 -Joxe Joakin Mitxelena (1978)
 -Joxe Agirre "Oranda" (1979)
 -Paulo Zubiarrain "Paulo Txikia" eta Andonio Mari Eizmendi "Loidisaletxe" (1981)
 -Jon Mugartegi (1982)
 -Manuel Sein "Xanpun" (1983)
 -Txomin Garmendia (1984)
 -Jesus Alberdi "Egileor" (1985)
 -Patxi Etxeberria (1986)
 -Jon Azpillaga (1987)
 
 1987an sortu zen Bertsozale Elkartea, eta bere gain hartu zuen Bertsolari Egunaren egitarauaren ardura. Ordutik honako hauek omendi ziren:

 -Bautista eta Xalbador Madariaga (1988)
 -Jose Luis Lekuona "Lexoti" (1989)
 -Jose Alberdi eta Basilio Pujana (1990)
 -Patxi Iraola eta Florentino Goiburu (1991)
 
 Urte horretatik aurrera aldaketa bat gertatu zen. Hala, bertsolariez gain, bertsolaritzaren alde lanean aritutakoak ere omentzera pasa ziren:

 -Emile Larre, Mariano Izeta eta Teodoro Hernandorena antolatzaileak (1992)
 -Alfontso Irigoien antolatzailea eta Santi Onaindia eragilea (1993)
 -Jexux Lete "Ibaiertz", Inozentzio Olea, Joxe Aierbe, Manuel Matxain, Luis Rezola "Tximela", Jose Manuel Arriola, Xalbador Zapirain "Ataño" eta Sebastian Salaberri (1994) gerra osteko bertso-jartzaileak

 1995ean gertatu zen aldaketarik handiena. Bertsolari Eguna bazterrean utzi eta Bertso Eguna antolatzen hasi zen Bertsozale Elkartea. Bertsolaritzan aldaketak gertatzen ari ziren, eta, horregatik, helburuak aldatzea erabaki zen. Hortik aurrera Bertso Eguna larunbat arrats-gauetan antolatzeari ekin zioten (lehen igande arratsaldetan egiten zen). Bertsolaritzaren molde berriak islatzeko helburua jarri zioten ekitaldiari, esperimentatzea... Kontestu horretan ulertu behar dira ondorengo urteetako saiakerak.

 -1995ean "Udarregiren Mendeurrena" izan zen izenburua. Andoni Egañak eta Zazpi Eskalek disko berriak atera zituzten, eta beraiek aritu ziren. Ikus-entzunezko osagarriak txertatu ziren eta bat-bateko saio bat ere egin zuten.
 -1996an munduko beste lurraldeetako inprobisazioak ezagutzeko aukera izan zen: Alpujarretako Troberoak, Balear Uharteetako glosadoreak eta Kubako dezimistak. Bat-bateko bertsoak ere izan ziren.
 -1997an "Katea ez da eten" izan zen izenburua eta hiru belaunalditako bertsolariak aritu ziren oholtzan
 -1998an 100 urte bete ziren Pedro Mari Otaño Amerikara azken aldiz joan zenetik. Berari buruzko Bertso Eguna antolatu zen Euskadi Irratiaren laguntzaz
 -1999an "Mende bi tarte" izan zen lema eta saio berezia egin zuten. Bukaeran dantza eta bertsoa uztartzen ahalegindu ziren
 -2000. urtean "Bertso Eguna 455: Jalgi adi plazara" izan zen izenburua, Etxepareren omenez. Bat-bateko saioa izan zen ardatz, baina bertsolaritzaren historia islatzen zuen diaporama ere osatu zen. Horrez gain, bertsolariaren trantzearen antzezpena ere egin zuten.
 -2001ean bertso trama bat egin zen. "Bere bidean" izan zen izenburua. Gidoilari batek eratu zuen gidoia, eta horren gainean egin zen bat-bateko saioa.
 -2002an Eneko Olasagasti aritu zen laguntzaile moduan. Eszenografian egin zen ahaleginik handiena, eta gaiak emateko zenbait baliabide eman zitzaizkien bertsolariei.
 -2003an gai-jartzaileek izan zuten protagonismoa. Aurreko urtean zenbait hausnarketa egin ziren gai-jartzailetzaren inguruan, eta beren sortzaile izaera aldarrikatu zuten. Hala, gai-jartzaileek bertsogintzan duten eragina islatu nahi izan zen ekitaldian.
 -2004an bertsogintza izan zen protagonista nagusi. Hala ere, bertsolarien kokapenarekin eta espazioaren banaketarekin esperimentatu zen, honek bat-bateko jardunean zein eragin duen ikusteko.
 -2005ean "Bertso Hutsik" izan zen izenburua. Gairik gabe kantatu zuten bertsolariek, librean, hori delako jardun puruena. Tarteka bikotean hirugarren bat txertatu zen, honek zein eragin duen ikusteko.
 -2006an "Lehengo lepotik" izan zen leloa. Aurreko urteko Txapelketa Nagusia oso izan zen arrakastatsua, baina Bertso Egunean iraganera jo nahi izan zen, nondik gatozen erakusteko. Horregatik, bertsolari zaharrenei eman zitzaien protagonismoa. Azken 40 urteotan bertsolaritza zertan aldatu zen ikusi nahi izan zen, 1960. hamarkadako bertso-giroa islatuz.
 -2007an "Aho Zabalik" izenburupean egin zen Bertso Eguna. Bertsoa komunikazioa lortzeko tresna bat da, eta halako magia bat sortzen du ikuslearekin. Ander Lipus eta Txan magoa aritu ziren kolaboratzaile moduan, giro magiko hori lortu nahian. Kursaalak dituen baliabideak erabili ziren horretarako.
 -2008an "Bertso-Bertsioa" izan zen izenburu. Autoretza, jabetza, originala, kopia... eta halako kontzeptuak izan ziren ardatz. Bertsolariek ez zuten nortasunik izan, zenbakiz eta kolorez deitu ziren.
 -2009an, azkenik, "Joan-etorrian" izan zen lema. Publikoari protagonismoa eman nahi izan zitzaion, eta publikoak berak aktiboki egin zuen lan gaietan. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri