Fernando Artola 'Bordari' jaio zela ehun urte beteko dira igandean. Bertsogintzan paper garrantzitsua jokatu zuen gai-jartze eta antolakuntzan. Bera omen da Kartzelako gaiaren formatoa asmatu zuena. Hondarrabian bere izena daraman aretoa egiten ari dira. Berria egunkariak kronika interesgarria argitaratu du Bordariri buruz.
Fernando Artola 'Bordari' jaio zela ehun urte beteko dira igandean. Bertsogintzan paper garrantzitsua jokatu zuen gai-jartze eta antolakuntzan. Bera omen da Kartzelako gaiaren formatoa asmatu zuena. Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsolarien arteko harremanak estutzeko zereginean lan handia egin zuen. Xalbador eta Mattin Hego Euskal Herriko plazetan konfiantza handiagoz sentiarazten zituztenetako bat izan zenHondarrabian bere izena daraman aretoa egiten ari dira. Berria egunkariak kronika interesgarria argitaratu du Bordariri buruz.
Juan Luis Zabala (Berria)
Hitza aterpetu zuen bordariaBihar beteko dira ehun urte Fernando Artola 'Bordari' ipuingile, olerkari eta bertsolarien gai-jartzailea jaio zela
Olerkaria, ipuingilea, bertsoetako gai-jartzailea, kazetaria, euskaltzain urgazlea, hizlaria eta euskal kulturaren munduko eragile eta bultzatzaile suharra izan zen Fernando Artola Bordari. Olerkigintzan «estilo arin, irudimen bizi, txirrixtalaria» jorratu zuen, Manuel Lekuonaren esanetan; bertsolaritzan, berriz, kartzelako lana deitzen den ariketaren asmatzailea izan zen, besteak beste. 100 urte beteko zituzkeen bihar, bizi balitz.
Fernando Artola Sagarzazu Bordari 1910eko otsailaren 14an jaio zen, Hondarribian (Gipuzkoa). Gazterik zaletu zen irakurri eta idaztera, eta El Bidasoa, Argia eta El Día aldizkarietan argitaratu zituen aurreneko idazlanak, 36ko gerra hasi aurretik.
EAJko alderdikidea izaki, gerra piztu zenean Bidasoaz bestaldera ihes egitea erabaki zuen. Belokeko abadian bizi izan zen aldi batez. Gipuzkoara itzuli zenean, 19 urte zituela, atxilotu eta kartzelatu egin zuten. Ez zuen denbora asko egin preso, eta irten zenean beneditarrek Donostian zuen inprimategian hasi zen lanean. EAJren zerbitzura jarri zen, eta Frantzia Alemaniako naziek hartua zuten garaian aliatuen aldeko lan klandestinoetan aritu zen. AEBentzat espioi lanak egiteko eskaintza jaso zuen.
Henriette Cornurekin ezkondu zen, 1943an, eta Hondarribiko San Pedro kalean bizi izan ziren ezkondu osteko lehen urteetan. Han bizi zirela jaio ziren bien hiru seme-alabak: Lupe, Itziar eta Txomin, euskal kantari ezaguna izatera iritsiko zena.
1950ean El Diario Vasco egunkarian euskal gaien inguruan idazten hasi zen, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Nere bordatik izena jarri zion egunkariko bere sailari, eta Bordari ezizena erabiltzen hasi zen, beste ezizen batzuekin batera.
Semeak ezagutaraziak50eko hamarkadako euskarazko aldizkari gehienetan argitaratu zituen poemak, ipuinak eta bestelako idazlanak. Hamarkada horretakoa da Olaxta (Arrantzale giroa) poemarioa, 40 poemaz osatua. Gerora, bere seme Txominek Euskal Herri osoan ezagun egiteraino zabalduko zituen liburu horretako poema batzuk, Olaxta diskoan (Herri Gogoa-Edigsa, 1975) jaso zituen kantuen bidez. Txakurraren partia (Txuriko txakurraren omenezkoa) eta Alargunaren negarra dira diskoko kanturik ezagunenak.
«Soldaduskatik etorri eta euskal kantagintzan sartzea erabaki nuen», ekarri du gogora Txomin Artolak garai hura. «Kantuak idazten hasita nengoen, eta pentsatu nuen olerkiak musikatzea. Aitak pasatu zizkidan bereak, eta ariketa gisa hasi nintzen bertso haientzat doinuak sortzen». Garai hartako euskal kantutegi gehienak zeuzkan, gainera, Bordarik etxean -Resurrecion Maria Azkuerena, Aita Donostiarena...-, eta haiek ere lagungarri izan zitzaizkion semeari kantagintzan lehen urratsak egin zituen garaian.
1961ean euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Bi arlo nagusitan kolaboratu zuen Euskaltzaindiarekin: bertsolaritza munduan laguntza emanez eta Hondarribiko hizkerako altxorrak bilduz, marinelen girokoak batik bat.
'Kartzelako lana' asmatu zuenBertso saioen antolatzaile eta bertsolarien gai-jartzaile gisa, ahalegin handiak egin zituen Bordarik bertsolarien jarduna erakargarriago izan zedin, eta horrek bultzatu zuen kartzelako lana asmatu eta probatzera. Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsolarien arteko harremanak estutzeko zereginean lan handia egin zuen. Xalbador eta Mattin Hego Euskal Herriko plazetan konfiantza handiagoz sentiarazten zituztenetako bat izan zen.
1966an alargundu egin zen, eta bi urte geroago Goraintzi (Giza-alargunaren eskeintza) liburua argitaratu zuen, emaztearen oroitzapenari eskainia.
Ordura arteko bere idazlanik garrantzitsuenak bilduz, 1982an bi liburu argitaratu zituen Bordarik, Antonio Zabalak zuzendutako Auspoa bilduman: Bakoitzak berea I eta Bakoitzak berea II; lehenak hitz lauzko lanak jasotzen ditu, bigarrenak Bordariren poema gehienak jasotzen ditu, Goraintzi liburukoak barne.
Urte berean eta bilduma berean argitaratu zuen Aritz beraren adarrak liburua, bere anaia Rafaelekin batera idatzitako kutsu nobela, kutsu autobiografiko nabarmenekoa, 1977an Hondarribiko eleberri laburren saria jasotakoa.
1983ko otsailaren 3an hil zen, Hondarribian.
Bordari eta herria elkarri begira
IritziaKoldo Ortega - Historialaria
Bordarik Hondarribian pizturiko sua ez da itzali. Bere oroimenak bizirik dirau gure herriko hainbat txokotan eta bihotzetan. Izan ere, maitasunezkoak izan ziren Bordariren herriarekiko lokarriak. Maiteminduen harremanak! Agian, eskertzekoa da «kasualitate hutsez» San Valentin egunean jaio izana. Bordarik bazekien jendea maitatzen eta liluratzen, bihotz eta sormen handiko gizakia baitzen. Bihotzak bultzaturik eta sormenak lagundurik osoa emana bizitu zen. Nori emana? Bere barneko suei: euskara, Euskal Herriko kultura, Hondarribia, lagunak, Jainkoa eta familia.
Bordariren berezitasunik nabarmenena, gure ikuspuntutik, euskal kultura herrigintzarekin txoil loturik egotea da. Mota guztietako Hondarribiko kultur ekintzetan eta saltsetan nabaritzen zen, antolatuetan parte hartuz eta, askotan, berriak sortuz. Hau dela eta, Bordari bizirik zegoela aukera izan zuen herriaren esker ona eta miresmena jasotzeko, baina hil ondoren ere bere aldeko omenaldiak eta oroimenak ugariak izan dira.
Orain arte denborak ez baditu Bordariren oroitzak irentsi, askoz gutxiago hemendik aurrera. Orain dela hamar urte, familiak hala erabakita, denon eskura dugu Bordariren liburutegi aberatsa, eta hori gutxi balitz bezala, duela lau urte, Bordariren artxiboak bide berbera jarraitu du. Orain Bordariren dokumentu guztiak erabilgarri ditugu Udal liburutegian, baita haiei buruzko datu base informatizatua ere. Hemendik aurrera lagungarri izango da Bordari bera sakonago ezagutzeko, baita Hondarribiko eta Euskal Herriko historia eta istorioak ere. Hona hemen altxor horren puskaren bat: Bordariren eskuizkribuak eta lan argitaratu gabeak; Euskal Herriko goi mailako idazle, artista eta bertsolarien eskutitzak (Gabriel Aresti, Koldo Mitxelena, Xalbador, Telesforo Monzon, Nemesio Etxaniz...); eta, batez ere, bertsolaritza mundua ikertzeko askotariko agiriak.
Laster, are estuagoak izango dira Bordari eta herriaren arteko harremanak, Hondarribiko herriak Udalaren bidez duela hamar urte emandako hitza, kultur etxe berriko Bordari Aretoarena, egia bihurtzeko bidean baitago. Horrela, behin eta betiko esandakoa egiaztatuko da Hondarribian ere: zorionekoak beren seme-alaba leialak goraipatzen dakiten herriak!