Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegiren hitzaldia 2010-03-04

"Inertziak deseraikitzeko lan handia egin beharko da"

"Emakumea eta bertsolaritza" izenburupean emakumeek egindako bidea aztertu zuten hirurek. Beren esperientzia pertsonalak eta bertso-eskoletako irakasleengandik entzunak tartekatu zituzten. Aurrerapen handiak izan badira ere, oraindik ere lan handia egin beharko dela nabarmendu zuten.
 
"Inertziak deseraikitzeko lan handia egin beharko da"
Arrasateko Udaleko Emakumeen Txokoak antolatuta hitzaldia izan zen atzo Arrasateko Kulturatea aretoan. "Emakumea eta bertsolaritza" izenburupean, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegik emakumeek bertso-munduan egindako ibilbidea aztertu zuten.

 Hitzaldia hiru zatitan banatu zuten: orain artean emakumeek ze ibilbide egin duten bertsolaritzan; gaur egun zertan diren eta ea oraingo aldaketa benetakoa ote den.

 Maialen Lujanbio hasi zen hizketan. Bertso-eskoletatik abiatu zuen bere hizketaldia, gaur egungo bertsolari gehienak bertatik igaroak baitira. Bertso-eskoletan bizikidetza parekoa izanda hasiera batean pentsa omen zitekeen horrek plazetan isla izango zuela. Baina, gehienbat neskek uzten zuten bertso-eskola. Joera hori azaltzeko bertso-eskoletako irakasleek emandako azalpenak laburbildu zituen Maialenek.

 Batetik, irakasleek aipatzen dute neskak eta mutilak dohai ezberdinak landuta irisen direla bertso-eskolara, eta bertso-eskolan denei pauta berdinak ezartzen zaizkiela. Baina, mutilak ohituago omen daude umetatik jendaurrean agertzera, beren iritzia defendatzera... Neskak, bertso-eskolan hasi aurretik, ez daude ohituta beren argumentuak defendatzera.

 Horrez gain, irakasleek aipatzen dute neskak perfekzionistak direla autodestrukzioraino. "Guretzat egina ez den leku batean gaude, eta hor egoteko motibo bakarra "oso onak izatea" behar lukeela pentsatzen dugu". Horrek gehiegizko presioa eragiten du irakasleen ustez.

 Horregatik, Maialenek azaldu zuenez, oso ezaugarri jakinak zeuzkaten emakume bertsolariek egin zuten aurrera, ezaugarri maskulinoak zeuzkatenek hain zuzen ere: norbere buruarekin seguru sentitzen direnak, ahots indartsua dutenak...

 Izan ere, bertso-plazetan kontestua oso kontutan eduki beharra dago: "bertsolaritza ez da bertsotan egitea bakarrik. Afaran egon behar duzu, jendartean egon behar duzu..." Maialenek azaldu zuenez beraiek hasi zirenean gizon helduen giroa zen nagusiki, eta hor zaila zen identifikatuta sentitzea. Tratua oso ona izan omen zen normalean, baina beti tratu paternalista batekin.

 Gainera, plazetara kuriositate bezala deitzen ziotela azaldu du Maialenek; "neska bat bertsotan egiten duena". Diskriminazio positiboa egiten zela uste du, bere adineko mutilei baino gehiago deitzen baitzioten berari. "Baina, baloratzerakoan ez zen diskriminazio positiborik egiten". Kuriositate batek baino gehiago egitera iritsi zenean soilik hasi omen ziren benetan "bera"-ri deitzen.

 Bertso-saioetan, gainera, oso rol jakinak jartzen omen zizkioten hasieran: beti emakume paperetik kantatu behar izaten omen zuen, baina oso emakume paper zehatzetatik.

 Etxean ere egoera ez omen da berdina mutil eta neskentzat. 14-15 urteko neska bat giro horretan murgiltzea ez omen zegoen ondo ikusia. Maialenek aitortzen du taldeak lagundu ziola aurrera egiten: "mutil adinkideekin parez pareko harremana neukan, mundu erreferentziala, giroa konpartitzen genituen".

 Inflexio-puntua

 Ainhoa Agirreazaldegik 2003an ipintzen du lehenengo inflexio-puntua. Urte horretan, emakume bertsolariak Askixun elkartu ziren. "Lehenago gizonak imitatzen genituen, baina drama moduko bat ere bazen: ezin zinen gizona izan, baina emakume ere ez". Onartzen du gizartea exigentea izaten dela emakumeekin, etxean batez ere, eta, behin etxetik ateratakoan, norbera ere halakoa zela bere buruarekin. "Anorexia" hitza aipatu zuen Ainhoak: "zure buruaz ez daukazu irudi errealik. Eskola munduan indartsua zara, baina gizonen munduan ahula".

 Askixun taldean biltzeak asko lagundu ziola onartzen du, kezkak errepikatu egiten zirela ikusi baitzuen.

 "Oholtzara igotzean "emakumea" ikusten da lehenik, eta guk, hasieran, ez geneukan horren kontzientziarekin. Inflexio-puntua izan zen konturatzea horrek ze karga historiko daukan: emakumea besteak zaintzeko bizi da, maitasun harremanak fusio moduan bizi ditu... NIaren eraikuntza oso ahula da emakumearen kasuan".

 Uxue Alberdik onartu zuen bere ibilbidea oso ezberdina izan dela, beranduago hasi baitzen plazan bertsotan, 20 urte inguru zituela. "Kanpotik soilik ezagutzen nuen lekura iritsi nintzen, eta arau inplizituak ez nituen ezagutzen". Pixkanaka joan omen zen ikusten gauza batzuk ezin zirela egin.

 Hasieran kalanbrea ematen omen zion "emakume bertsolari" entzuteak. Dena den, emakume izatearen kontzientzia hartu zuen neurrian ulertu omen zituen arau inplizitu horiek.

 "Emakumera batua"

 Gaur egun, datu objektiboek diotenez, plazetan emakume gehiago dabiltza. Uxuek azaldu zuen feminitate ezberdinak ikusten dituela, baina, galdera bat egin zuen: "asko al dira feminitate ereduak?". Berak bi ikusten ditu: Draag King-ak (ezaugarri maskulinoak potentziatzen dituztenak) eta Draag Queen-ak (eredu patriarkalean deseroso suertatzen ez direnak: goxoa, neurtua, probokatzailea baina ez gehiegi, lotsagabea baina ez gehiegi, kontundentea baina ez gehiegi...).

 Bera Draag Queen moduan hasi omen zen Draag King-erako bidea egiteko. Une honetan bien artean dabilela dio, tarteko gama zabalean bere feminitatea aurkitu nahian. Hala, plaza esperimentazio-gune moduan ikusten omen du.

 Maialen Lujanbiok gaur egungo egoerari buruz hizketan jarraitu zuen, eta beretzat garranzitsua den puntu bat azaldu zuen: "gure iruditerian emakumearen irudia zertan den eta horrek sorkuntzan nola eragiten duen". Onartzen du gaietan espero zitekeena kantatzeari boikot egin izan diola, baina, gaian emakume izatea dagokionean trabak aurkitzen dituela. "Emakume paperean ez dakizu pertsonaia nola jantzi, oso arketipo gutxi daude. Horrek umorea zaildu egiten du eta jendeak ez du ulertzen".

 Adibide moduan aipatu zuen bertsolaritzan joera dela ezaugarri fisikoekin umorea egitea. Honek zailtasunak sortzen omen ditu emakume bati adarra jotzea tokatzen denean: "noraino egin daiteke? Ez dakizu politikoki zenbateraino den zuzena, zenbateraino den mingarria beretzat jendaurrean halakoak entzutea..."

 Gainera, emakume ideologizatua izateak sorkuntza zaildu egiten omen du zenbait kasutan. Beti saiatzen omen da emakume-estereotipatuei ihes egiten, "zu zarenean emakume bakarra oholtzan badakizu besteek ez dutela egingo. Askotan oso bertso brilanteak sakrifikatzen dituzu gaiaren planteamendua zuzentzeko".

 Uxue Alberdik Estitxu Eizagirreren esaldi bat bat aipatu zuen Maialenen esanak laburtzeko: emakumera batua sortu gabe dago oraindik.

 Ainhoa Agirreazaldegik aipatu zuen gai serioagoetan erosoago sentitzen direla, baina umorean dauzkatela zailtasunik handienak, hor funtzionatzen baitute estereotipoek eta zaila baita estereotipo horiei ihes eginez publikoarengana iristen. "Inertziak deseraikitzeko lan handia egin beharko da. Nik ez nuke nahiko, ez bertsolaritzan eta ez beste inon, karga hauek hain berandu jasotzerik. Pertsona bakoitzak egin dezala bere gustuko umorea".

 Maialen Lujanbiok kontatu zuen hasieran harritu egiten zela ikustean besteek, gizonezkoek, ez zeukatela arazorik. "Amildegi bat sentitu nuen bertsolari-gizonekin. Oso sentiberak dira, baina ez dute ulertzen". Hala ere, nahiz eta hitzaldian esperientzia negatiboak aipatu nagusiki, bertsolaritza beretzat plazerezko bide bat izan dela nabarmendu zuen. "Ez dut gehiegi sufritu izan, kontzientzia berandu hartu nuelako".

 Etorkizuna

 Etorkizunari begira, Uxue Alberdik aipatu zuen langa bat baino gehiago igaro beharko dituztela emakumeek. "Lehenengo langa igaro dugu, plazetarako jauzia eman dugu. Bigarrena honakoa litzateke: nola uztartu amatasuna, zaintza... bertsolaritzarekin? Plazan asko dabilen amarik ez dago." Etorkizunera begira "arrakasta" kontzeptua birdefinitu beharko dela uste du: "Orain arteko gailurra Andoni Egaña izan da eta orain Maialen dago hor." Alderdi publikoa eta pribatua desorekatuta ikusten ditu Uxuek.

 Ainhoa Agirreazaldegik BECeko finalari jarritako titularrak aipatu zituen: "Sentimenduen gailurra" aipatzen zuen Estitxu Eizagirrek, Joxerra Garziak zihoen Maialenek bere barrutik publikoaren barrurako zubia eraiki zuela... Hala ere, oraindik ere ez du uste guztia lortua dagoenik: "oraindik emakumea markatua dago, gizona da unibertsala".

 Maialen Lujanbiok helburu bat jarri zuen etorkizunerako: "nahi nuke bertsolari eredu ezberdinak egotea, estetikaz, ideologiaz..."

 Horretarako proposamen bat egin zuen Ainhoak: "lehenago bertsoaren alde teknikoa lantzen zen, baina aspektu psikologikoak ez. Etorkizunean pertsona bakoitzaren ezaugarrien araberako lanketa egin beharko da". Bide horretatik, Uxuek hala laburtu zuen: "helburua izango litzateke pertsona-bertsolariak sortzea".

 Hitzaldia laster izango da Bertsoa.com-en ikusgai, osorik.

Emakumea eta Bertsolaritza
2010-03-03 Arrasate

Emakumea eta Bertsolaritza 2
2010-03-03 Arrasate

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri