Zuzeneko elkarrizketak: Iker Iriarte eta Egoitz Aizpuru 2010-06-03

"Sorkuntzaren trukoa ez da gai konkretu baten bila joatea"

Gai-jartzaile moduan dabiltza biak plazaz plaza. Egoitz 1999an hasi zen eta Iker, berriz, orain dela 4-5 urte. Gaia jartzerako orduan testuinguruak duen garrantzia azpimarratzen dute biek.
 Gai-jartzaileak dira Egoitz Aizpuru oñatiarra eta Iker Iriarte alegiarra. Egoitz Aizpuru Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren garaian hasi omen zen lan honetan, 1999an. Bere taldea lehenengo fasean kanpoan gelditu arren, gai-jartzaile taldeak biltzen jarraitu omen zuen, eta ordutik dago Gipuzkoako gai-jartzaile taldean. Iker Iriarte orain dela 4-5 urte hasi zen lan honetan. Herriko saioetan bertso-eskolakoak aritzen omen ziren gai-jartzen, eta ordutik hasi omen zen.

 Bertso-saioetan, normalean, bertsolariak hartzen du protagonismo handiena, gai-jartzailea apur bat itzalean utziz. Biak ados daude hala izan behar duela, Iker Iriartek dioenez gai-jartzailerik gabe saio bat egin badaiteke ere bertsolaririk gabe ez dagoelako bertso-saiorik. Egoitz Aizpururen iritziz gai-jartzailearen lana bertsolariari hari-muturrak ematea da, hortik bertsotan egin dezan. Hala, saioari "orden bat" eman beharko lioke gai-jartzaileak, gidari lanak bete. Bertso-afari batean bertsolaria bera aritu ohi da saioaren "bideak" sortzen, eta hortik dator, neurri batean, saioaren arrakasta. Gai-jartzailea dagoen saioetan berak bete behar du lan hori.

 Iker Iriarteren arabera, hala ere, gai-jartzaile bakoitzak ematen dio bere ukitua saioari, guztiak baitira ezberdinak.

 Urtean ehundaka saio egiten dira gaiekin. Originaltasuna nola bilatzen den galdetuta, garrantzia kendu diote original izateari. Egoitz Aizpururen ustez sekretua gaiak sortzen eta sortzen joatea da, hortik aukeraketa bat egin ahal izateko. "Sorkuntzaren trukoa ez da gai konkretuen bila joatea". Iker Iriarteren ustez ez da begiratu behar gaia originala, umorezkoa edo tristea den: "gaia izan daiteke edo ona edo txarra. Gero ikusi behar da gai horrek ze testuingurutan funtzionatuko duen". Originaltasuna aktualitateak ematen duela uste du Egoitzek. Ikerren ustez, berriz, gakoa gaiari buelta-erdi bat gehiago ematea da, bertsolariak beste irakurketa bat egin dezan.

 Gai batek bertsolariari bere diskurtso propioa garatzeko ze askatasun eman beharko liokeen galdetuta, Egoitz Aizpuruk dio gaiak askatasuna eman beharko liokeela bertsolariari. Hala ere, batzuetan berari ere gustatzen omen zaio gaia apur bat mugatzea, saioa hobea atera daitekeela pentsatuta.

 Biak Hamaika Bertuteko kideak dira. Diotenez, beraien belaunaldiko jendea ezagutzeko aukera eman omen die taldeak. Gainera, "foro" bat ere ba omen da. Egoitz Aizpururen ustez taldekideen arteko harreman estuari esker posible da gaiaren inguruan eztabaidatzea.

 "Bertso-eskolen funtzioa gehiago ikusten dut bertsoaren inguruko pertsona kualifikatuak sortzeko"

   Egoitz Aizpuru 1999ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa garaian sartu zen Gipuzkoako gai-jartzaile taldean. Ordutik hona taldea aldatuz joan da; kide batzuk atera egin dira eta beste batzuk sartu. Sartu diren horien artean azkenetakoa da Iker Iriarte. Gai-jartzaile taldean foro bat aurkitu dutela diote, ofizioaz eztabaidatzeko. Elkarri ariketak proposatzen dizkietela diote, eta horien inguruan aritzen direla hizketan. Azken finean, Gipuzkoako gai-jartzaile taldearen bidez harreman finko bat osatu dute beste gai-jartzaileekin.

 Gipuzkoako gai-jartzaile taldeak, normalean, txapelketei lotuta jartzen ditu tarteka, Gipuzkoako Txapelketa eta Eskolartekoetarako nagusiki. Hala ere, bestelako sariketetan ere aritu izan dira, Orixe Sarian, adibidez.

 Gaiak, normalean, etxean eta bakarrik sortu izan badituzte ere, ez omen zaie zaila egiten taldean aritzea ere. Gaiak etxetik eramaten omen dituzte taldera, eta horien inguruan eztabaidan aritzen omen dira. Dena den, berehala antzematen omen da zein den gai ona eta zein txarra. Eztabaida handienak gai horiei buelta ematerako orduan izaten omen dute, formulatzerakoan.

 Txapelketetan ariketak aurretik zehaztuta egoten dira, eta gaien artean ere oreka bilatu behar izaten da. Saioetan, berriz, ez dira horren mende aritzen. Biek onartzen dute oso ezberdina dela txapelketarako edo saioetarako gaiak jartzea. Egoitz Aizpuruk dio txapelketan sorkuntza hasieran bakarrik dagoela, etxean gaiak prestatzean. Hortik aurrerakoa erredakzioa izaten da nagusiki. Saioetan oholtzan bertan jolas egin omen dezakete formulazioarekin.

 Saio askotan bertso-eskolako kideak aritu ohi dira gaiak jartzen. Bertso-eskoletan gai-jartzailetza nahikoa lantzen ote den galdetuta, Iker Iriartek garbi dauka: bertso-eskoletan ez litzateke gai-jartzaile izatea landu behar, bertsolari izatea landu behar ez litzatekeen bezala. Bere ustez haurrak bertsolari izan nahian iristen dira bertso-eskolara. Baina bertso-eskolaren lanak bertsoaren inguruko pertsona kualifikatuak sortu beharko lituzke. Hala, bertso-eskolatik bertsolariak eta gai-jartzaileak aterako lirateke, baina baita epaile edo antolatzaileak ere.

 "Bertsolariak saioa bere sentitzen du"

 Azken asteotan bertso-saio musikatuei lotuta agertu zaizkigu Iker Iriarte eta Egoitz Aizpuru. Hamaika Bertuten dabiltzan bertsolariekin batera aritu izan dira horietan. Egoitz Aizpuruk zehaztu du, hala ere, era honetako lehenengo saio musikatua gai-jartzailerik gabe egin zela, orain dela hiru urte.

 Saio hauen jatorria Hamaika Bertuten bertan dago. Lasarten Bertso-Laborategia osatu zuten taldekideek, eta bertan zenbait esperimentu egin zituzten. Horiek hartuz, lehengo saio musikatuen ereduak kopiatuz eta ariketa berriak sortuz osatu dute oraingo saio musikatua.

 Iker Iriartek zehaztu duenez, halako saio bat ondo ateratzeko lehenengo baldintza bertsolari eta gai-jartzaileek oholtzan gozatzea da. Gainera, saioaren aurretik bildu egiten dira gai-jartzailea eta bertsolariak, saioaren egitura eta erabiliko diren doinuak adosteko. Era horretan, bertsolariak bere sentitzen du emanaldia, eta bere proposamenak egiten ditu. Esate baterako, askotan kantatu izan dituzte kantuan ari diren bertsolariek idatzitako sortak.

 Halako saioetan musikak pisua hartzen omen du. Hala, aukeratutako melodiak eragin egiten du gaiaren tonuan eta, ondorioz, baita bertsoaldiarenean ere. Tonuaren kontuak bestelako alderik ere badu, ordea: bertsolari batzuk elkarrekin kantatzea ia ezinezkoa omen da, tonu desberdinegiak dauzkatelako.

 Gaia kantatu behar duenaren nortasuna kontutan hartuta jarri behar dela uste dute biek, nahiz eta batzuetan aurki daitezkeen denentzat berdin balio duten gaiak ere. Gainera, testuinguruak berak ere pisu handia eduki behar du gaian. Gai-jartzaileak, normalean, etxeko bakardadean sortzen du, saioa baino egun batzuk lehenago. Baina aurretik beharrezkoa omen da antolatzaileekin harremanetan jartzea, aretoaren nondik norakoak, entzulearenak eta bertsolarienak ezagutzeko. Horren arabera erabakiko lirateke saioaren tonua eta tematika. Dena den, Iker Iriartek zehaztu duenez, gai-jartzaileak gai izan behar du etxean sortutako eskema hori oholtzan bertan eraldatzeko.

 Etorkizunera begira, ariketa berriak sortzen eta plazara freskotasuna ekartzen jarraitu nahi dutela diote. Dena den, garrantzia berezia ematen diote Gipuzkoako gai-jartzaileen taldeak jarraitzeari eta, batez ere, taldean kide gehiago sartzeari.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri