Joseba Tapia - Eta tira eta tunba lanaz 2010-12-01

"Gerraren, trajediaren erdian edertasuna sortu zuten"

"Gerraren, trajediaren erdian edertasuna sortu zuten"
Joseba Tapia musikariak Karlista gerretako bertso eta kantuekin osatu du bere azken lana, Eta tira eta tunba izenekoa. Gordean zeuden bertso zahar askori bizia eman die eta orduko protagonistek Euskal Herriko garai historioko hura bertsotan nola kontatu zuten plazaratu.
Joseba Tapia musikariak Karlista gerretako bertso eta kantuekin osatu du bere azken lana, Eta tira eta tunba izenekoa. Gordean zeuden bertso zahar askori bizia eman die eta orduko protagonistek Euskal Herriko garai historioko hura bertsotan nola kontatu zuten plazaratu. Bertsoa.com-ek zuzeneko elkarrizketa egitera gonbidatu zuen Joseba Tapia, eta berak nahiago izan du idatzizko formatoa baliatu. Diska eskuragarri du besteak beste www.josebatapia.com webgunean.

1-    Eta Tira eta tunba lana argitaratu eta emanaldiak izan dituzu, zer harrera izan du orokorrean, eta bereziki bertso inguruan
   Ez dakit zehazki bertso munduan zer harrera  izango zuen, hori zuek esan beharko duzue. Gustatuko zitzaiela desio dut. Iruñan bertso aroaren barruan egin genuen kontzertura jende asko etorri zen eta antolatzaileak oso gustura zeuden. Gu ere topera aritu ginen, jendea bero sentitzen genuen goitik, txaloka, kantuan, errepikapenetan gipuzkoarrak baino fuerteago. Nik uste dut karlista eta liberalak juntatu zirela gau hartan eta Euskal Herriko gatazka, muturjoka, xextra hura bertatik ikusteraino gerturatu zirela bertso hauen bidez. Oro har, jendeak aspaldiko Euskal Herria gogoratzea gustuko duela esango nuke. herriago zelako, beharbada. Nahiz gerrate bat izan.  

2-    Zerk bultzatu du Joseba Tapia, zer motibazio artístiko eta sozialek XIXgarren mendeko gerretako kantak gaur eguneko errepertorioan sartu beharra ikustera
   Alde batetik ofizioak; gure lana delako euskal folklorea eta kantutegi tradizionala ezagutzea. Bestetik edertasunak. Gerraren, trajediaren erdian edertasuna sortu zuten. Serio, zorrotz eta gogor, herriak bertsoak eskribitzen ditu egoera latzean.  Bere pentsamendua, bere haserrea, bere umorea bertsotan, kopletan, kantetan birsortzen du eta lekukotza eman. Oso kantagarriak dira, eleganteak. Liburuetatik kantura, doinura, ahotsera ekartzean biziberritu egiten dira, lozorrotik esnatuko balira bezala. Magia gertatzen da. Bestalde horko Borbondar, konstituzio eta Ama Birjina festak egungo erromerian banengo bezala sentiarazten ninduen. Eta azkenean neroni ere dantzan jarri nau.

3-    Kantuen zorroztasun eta ironia bereziak dituzte, gaur egunean horretatik eskas antxean ote gabiltzan iruditzen zaizu?
   Nire intentzioa ez zen egungoa kritikatzea. Disko eder bat argitaratu nahi nuen eta bertso ederrok kantu bihurtuz berreskuratzea. Ironia eta zorroztasuna umoreko kantu on batek eduki beharreko doaiak dira. Benetan eta serio ari den kantua maite dut. Baita umorean ari bada ere, umorean serio. Ez dago bromarik kantutegi honetan, baino elkarri parre egiten diote.  Ez dira jolasean ari. Borrokan ari dira hitzekin, mutur joka ari dira kantuan. Eta zorte handi bat dute guziek, bertsoaren teknika daukate eskura. Tradizioz heredatutako metrika eta metafora fondo bat, berri bila ibili beharrik gabe. Herriak berea duen  hizkera bat. Larrialdia etortzen denerako baliatzeko egina.
           
4-    Eta tira eta tunba diskako kantu gehienak bertso formatokoak. Esan izan duzu harritu egin zituela kantu horiek, duten balioa izanda, orain artean gordean edo isilean egon izana.
    Ez  dakit ba… Gu zer suma ibiltzen gara diskoak argitaratu ohi ditugunok eta horrelako bilduma bat bildua eta argitaratua eskura, kantagarri, interesgarri izanik inork hartu ez izanak orain arte oker pentsatzera narama. Gerta zitekeen inor konturatu ez izana edo gerorako, beranduago lantzeko bazterrera utzi izana. Agur Intxorta maite bildumako kantuekin ere antzeko zerbait pasa zitzaigun, zergatik egon ote dira horrenbeste urtean kantu hauek ezkutuan. Nola ez zituen inork bildu, inork argitaratu orduko euskaldunek idatzitako bertsoak denek ezagutu genitzan. baina esan beharra dago kantu karlista eta liberal hauetako batzuk egundaino iraun dutela herriaren ahoan. horrek handiagotu egiten dit harridura.


5-    Musika aldetik kantu batzuei zeuk jarri diezu doinua eta bestei bertso doinuak. Ze sorkuntza lan eskatzen du hitz horiek sortu zireneko egoeran kokatu eta musika jartzeak?
Guztira sei kanturen doinu orijinalak mantendu ditut. Besteei neronek jarri behar izan diet musika. Garai bateko bertso doinuei erreparatu diet. Ez naiz esperimentuetan ibili. Tradizioa kopiatzen saiatu naiz. Ez dira txapelketetarako doinuak, neurri normalekoak dira. Ez dute bukaera espektakularrik, ez dute lirikotasun apartekorik. Bertso doinuko kantuak dira, eta ez kantu doinuko bertsoak. Baina harrokeria putzu batekin, asmatu dudala esango nuke. 


6-    Trikiti lan osoaz gain, Apoaren edertasuna, Quebec, Agur Intxorta Maite, Real Politik, Tira eta Tunba… Joseba Tapiak bidean aurrera darrai. Zein dira bide horren klabe nagusiak, artistikoki zein ideologikoki, eta zein ekarpen egin diozu kulturgintzari.
   Jendearentzat lan egiten dut, ez dut niretzat bakarrik lan egiten. Zapatak garbitu  beharrak dauzkat, galtza garbiak jantzi, alkandora plantxatu. Gero sarrera kobratu egingo dugu, eta ezin dut zabar ibili. Oso seguru hitz egin behar diot publikoari, zerbait ekarri behar diot. Ez nabil jolasean, egia esan behar diet. Serio agertu behar dut oholtza gainera. Ozen kantatu behar dut, indartsu, ezti, goxo. Tiroa zorroztu beharra daukat, erdi erdian jo behar dut. Sartu behar dut gezia barruraino. Ez daukat beste aukerarik. Hau kantu bakarreko gerra da. Berdin zait trikitixarekin, kitarrarekin, bonbardinoarekin edo batere gabe. Kanta dezadan kantu eder bat barruraino, erdi-erdian, indartsu eta ezti.

7-    Autoekoizpena al da bidea?
   Bidea baino bidetxidorra esango nuke. Autoekoizpena azkeneko aukera da. Nola eta millioika disko saltzen ez dituzun. Orduan negozioa litzateke. Baina horretatik urruti gaude. Arriskuak hartzeko gaude baina estrapozo egitea erraza da eta argi ibili beharra dago. Eroriko batek inutil utz gaitzake eta gero zutitzea zaila. Gu bakarlariak gara baina laguntza behar izaten dugu. Sinistuta gaude gure lana garrantzitsua dena, ez garela aisialdi soila. Gure herriaren ahotsa garela, gure gaurko kantagintzaren ordezkari. Euskal Herriko artistak. baina bakarlariak izatetik bakarrik egotera pasa gara, ez daukagu inolako laguntzarik, ez ekonomikorik, ez promozionalik, ez kontratazioetan... kantagintza desegin egin dute kulturaren programatzaileek, ekoizleek, txosnek, irratiek...

8-    Joseba Tapiak bertsoarekin harreman handia duen artista da, nola ikusten duzu gaurko bertsolaritza, diskurso aldetik, eduki aldetik eta sorkuntza aldetik. Zertan dago indartsu eta zertan indartzeko premian?
   Ez naiz gauza hemen, horrela, gaurko bertsolaritzaz eskatzen didazun iritzi nagusia emateko. Taberna zuloan bertsolaria kritikatzen aritzea gauza bat da, baina gero lagunartetik kanporako ni baino zorrotzagoa, zehatzagoa eta argiagokoa beharko litzateke. Nire aportazioa diskoetan egiten dut, esan beharrekoa hor esaten dut. Hala ere baditut bertsolari batzuk gustuagoko beste batzuk baino: nahiago dut Uztapide Basarri baino, gogokoagoa dut Lazkao txiki Lasarte baino. Asko gustatzen zaizkit Aresti, Xarles Uhalde, Joxe Mari  Lopetegi…
 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri