Iñaki Gurrutxaga, Xabier Euskitze bertsolariek Iñaki Zubizarreta idazleak Manuel Lasarteri buruzko iritzi bana kaleratu dute Berria egunkarian.
Manuel Lasarte, egokitasunaren gailurraXABIER EUSKITZEBerria
Bospasei urte izango nituen lehen bertso saioa entzun nuenean. Lasarte eta Agirre ziren buruz buru, Azkoitiko Urrategi auzoan, Euzkitze baserritik bi pausora. Liluraturik eduki ninduten, ez nuen ezer asko ulertuko, baina. Egiari zor, bertsolaritzaren berri ia ezer ez nekiela aurkeztu nintzen 1981ean Eskolarteko 1. Bertsolari Txapelketara. Festaren hondarrean, bi liburu mardul eskaini zizkiguten, bat hauta genezan. Nik Xalbadorren Odolaren mintzoa-ri egin nion kolpe, baina Urrestillako Keixetak purrustada egin zidan ondotik: «Horri ez zaiok ezer ulertzen, har ezak Lasarteren Gordean neuzkanak. Igoalekoxea!». Halaxe egin nuen. Denbora asko baino lehen, gure aitak Azpeitiko bertsozale bati, Jabier Arraiyori, eskatu zion aholkua: «Gure zaharren hau bertsoekin txoratuta zabilek. Zein bertsolariren kasetea erosiko hioke?». Arraiyok ez zuen zalantza izpirik izan: «Lasarterena, hura duk bertsolaririk onena». Beraz, neuk hautatu gabe, Manuelenak izan ziren nire lehen bertso liburu-kaseteak. Ez dakit zenbaterainoko garrantzia izan duen lehena izateak Manueli geroztik izan diodan miresmenean, baina bai, niretzat oso kuttuna izan da, zinez estimatua.
«Lasarte artista duk ezer esan gabe bertso ona egiten». Behin baino gehiagotan entzun izan dut hori. Gutxiespen kutsu batekin esaten bazuten ere, niri laudorioa iruditzen zait. Zer esan handirik ez zuenean ere, Lasarteren bestelako dohainek —grazia handiko kantaera, neurri zorrotza, hizkera aberatsa, joskera egokia, errima estua…— belarri-gozagarri bihurtzen zuten haren bertsoa. Bistan denez, bertsoaren arauak zorrozki betetzea oztopo da edukian mami asko sartzeko. Teorian, zenbat eta zabalago neurrian eta erriman, orduan eta esan-ahalmen handiagoa. Teorian diot, Manuelek esan ere asko egiten zuelako. Ez dago grabazioak entzun besterik. Bestalde, zabaletik zabarrera ez da koska handirik izaten. Errima hondatzeko lain.
Osasunak ez zion sekula lagundu izan Frankiko semeari, beti kexu agertu izan zen horretaz. Halere, inor gutxik irabazten bide zion bisigua jan edo txanpaina edaten. Onetik gustatzen, alegia. Eta nik ere horregatik izan dut hain gustuko Manuel Lasarteren bertso moldea, onetik dastatzea gustatzen zaidalako. Leitzako bertsolari handiaren bi puntu hauetan laburbildu liteke haren bertso jaxua. Nik berari gauza bera esango nioke:
Hitzikan distiratsunak
zuk esan dizkidatzunak…
Txatalak
IÑAKI GURRUTXAGABerria
Zein zen Lasarte galdetu diot neure buruari eta erantzunak pilatu zaizkit, perratokiko burdin-txatalak bezala, bata bestearen gainean. Lasarte zen lehenik Manueltxoren aitona, Ikastolako atean bilobaren zain egoten zen gizon argal eta zurbila. Txapelaren koloreko begi-zuloak zituen, haiek ere sakonak. Gero bertso-eskolan irakasle jardun zuen gizon hark, gu hara hurbiltzen hasi ginenerako erreleboa pasa bazuen ere.
Lasarte zen disko bat, gure etxean zegoen binilo bat, buelta eta buelta ibili zena, alaba galduaren bertsoak kanta eta kanta, hogeita hamahiru bira minutuko. Etxean kontatu ziguten bizimodu gogorra izan zuela diskotik zetorren ahots hark, auzo izateko zoria izan zutenek ederki zekitenez. Leitzatik Aiara, eta Aiatik Oriora etorri zen ahotsa zen.
Lasarte zen baserriko mutil edarizale bati jarri eta guk aurreko larunbateko parrandan kantatu genituen seiko motzen egilea. Ziria bezain zorrotzak ziren bertso haiek, umoretsuak baina atzean drama handi bat ezkutatzen zutenak. Drama, baina umorea ere bazelako Lasarte.
Loretxu tabernan egoten zen gizon isila zen Lasarte. Kalean apenas egingo zigun kaixo eta agur, baina gure aitari beti galdetuko zion gure berri. Erantzuna bazekien galdetu aurretik. Zurruna izan arren, estimutan jende asko zuen gizonak.
Lasarte Zaldibiako bertso-bazkari bat zen, Uztapiderekin. Doinu gozoz hasi eta buka, edonor ahozabalik uzteko moduko jarduna izan zen hirurogeita bederatziko hura. Bertso-bazkari haren zinta oraindik ere bertsolari askoren kotxean bueltaka ibiliko da, digitalaren aroan.
Lasarte kortse bat zen. Beti bere lekuan,bai bera, bai berak inguratzen zuena. Haikuak egiten zituen, errima estuz baina inoiz esaldirik behartu gabe. Batzuk kontatu egiten dugu: Lasartek esan egiten zuen.
Zaharren egoitzan birbiloba ezti, ez sinesteko moduan hartzen zuen birraitona zen Lasarte. Ezti bai, baina serio eta sendo. Bere kantaera bezalaxe.
Oroitzapen txatalak hartu eta elkarri txukun josteko bezain errementari onak ez garenok halaxe gogoratzen dugu Manuel Lasarte. Bere edozein bertsok bezala, oihartzun luzea izango du berak ere gure artean.
Manuel LasarteriIÑAKI ZUBIZARRETA | IDAZLEA
Diario Vasco
Adiskide maitagarri bat joan zait, eta holakoetan zail zaio gure buruari bihotzaren arrazoiak hitzez adierazten. Dena den, saiatuko naiz halako pertsona apal eta ederraren laudorio xume bat egiten.
Manuelen lagun zareten askok jakingo duzue nire lantxo baten berri: 'Manuel Lasarte. Iturria ondare' (Auspoa 311, 2008) eta 'Manuel Lasarte' (Egan 2010, 1/2). Egunotan bi lanok irakurtzera gonbidatzen zaiztuztet, neuk egingo dudan bezalaxe; hasia naiz dagoeneko. Edo are egokiago: irakurri zuzenean haren liburu ederrak eta entzun haren grabazio zoragarriak.
Manuel ferratzaile, errementari eta bertsolari. Hamazazpi urterekin hasita, plazaz plaza kantari berrogeita bi urtean. Eta geroztik idazle, bai bertsoz bai hitz lauz. Oso gazterik kantatu zuen lehen aldiz Uztapide eta Basarrirekin Amezketan. Behin hemezortzi urte beteta, sarri hasi zen bertsotan han eta hemen.
Amaren magalean sortu zitzaion bertsolari izateko dohain aparta; hantxe hasi zen amesten bertsoaren mundu miragarria, txorien konpainian: «Frankin azia ziñan urte batzuetan, lenbiziko aldia aman besuetan; gero mutiko danak lagun auzuetan, txori kantu politak ango basuetan, aiekin nasi-asi ziñan bertsuetan.» (Uztapidek Manueli eskainia).
Uztapide adiskidearekin ezin bananduzko bikote paregabea osatu zuen, hogeita zazpi urtean plazarik plaza kantari. Bi Manuel maitagarrion bat etortzea bertsolaritzaren historian izan den gertaerarik ederrenetako bat izan da, nik uste, eta emankorrenetakoa.
Osasun urriak eta nekeak etxeratu zuten Manuel, berrogeita bi urtean plazaz plaza ibilita gero. Orduan erabaki zuen idazten hastea, lagun batzuek bultzaturik. Kontu-kontalari gozoa aurrez aurre, eta etxean poliki-poliki idazten; iturriari ura bezalaxe zerion hitza. Bazirudien txorrota ireki besterik ez zuela, bai bertsotarako bai kontakizunerako.
Bertsolarien artean ez da izango inor Manuel adina Jainkoa aipatu edo deitu duenik. Aipamen eta dei guztiak bilduko bagenitu, liburu mardul askoa osatuko genuke. Hona hemen eraskusgarri Loiolan Aita Santuaren aurrean kantatu zuena: «Jaungoiko Jauna, eskerrak zuri, biotza bete-betean, gu senideak alkartzen gera Eleizak dei egitean, gure bizitzan bukatu eta mundu ontatik juatean, danok zurekin bildu nai degu maitasun bero batean.»
Giza sentimenduz jantzi ditu Manuelek izaki biziak eta bizigabeak. Adi zegoen beti izaki bakoitzaren hitz isilari, sehaskari eta sehaska egin zuen fede oneko zurginari, txantxangorriari, zaldiari, loreari, zuhaitzari, iturriari.
Osasun eskasak eta eritasunek markaturiko aurpegiaren atzean irribarre gozoa ageri zen, samurra. Umore fina zuen, ez inola ere zakarra. Sakontasunak badu umorea zioen Manuelek; poetaren airea bezalaxe sakona baita umorea.
Nolako isiltasuna plazan Manuel kantari hasterakoan! Izan ere haren kantu ederra, ahots sakon eta gozoa, haren irudia, Grecoren margolanen batetik aterea zirudiena, hain ziren erakargarri!
Manuel adiskidea ezkutatu zaigu gure begion bista ahuletik, baina berak jantziberritu digun mundu ederrean geratu zaigu betiko, amaren magal amultsuan, sehaskako ametsetan, txantxangorriaren laguntasunean, zeruko atari den gau ederrean, Jainkoaren maitasunean.
Manuelen munduak eta zeruak bat egin dute orain beretzat. Gu ere bertan bilduko gara zorionez Manuelekin, Jainkoa lagun; izan ere, «argibide bat sortu zan zure [Jesusen] eriotzaren mugatik» denontzat.
«Egunsenti, argi berri,
zera gure alaigarri,
gauari agur egin diogu
ta zuri ongi etorri.
Bertsolari, abeslari,
denok gera ameslari
txori gaixoak ere pozikan
asi zaizkizu kantari.»