Gaur Iruñean, Loiun eta Mungian dira hitzorduak 2012-02-24

Saio bat baino gehiago izango da asteburu honetan

Iruñean "A las nueve en el Faisán" liburuaren aurkezpena izango da Txantreako Akelarre kultur elkartean. Loiuko Lauroeta auzoan bertso-afaria egingo dute Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballesek. Mungian Beñat Ugartetxea eta Igor Elortza ariko dira afalostean.
 Bertso-saio bat baino gehiago izango da asteburu honetan ere. Gaur bertan, hiru saio daude iragarrita.

 "A las nueve en el Faisán" liburua argitaratu du Xabier Silveira bertsolariak, eta liburua aurkezteko bertso-saioak egiten ari da beste hainbat bertsolariren laguntzarekin. Gaur Iruñean izango da, Txantreako Akelarre kultur elkartean.

 Horrez gain, beste bi bertso-afari ere egingo dira gaur. Loiuko Lauroeta auzoko Aurregoiti jatetxean Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes ariko dira kantuan. Iluntzeko 21etan hasiko da afaria.

 Orduerdi beranduago hasiko da Mungiako bertso-afaria. Beñat Ugartetxea eta Igor Elortzak kantatuko dute Erreka jatetxean.

 Bihar ere izango da non gozatua. Zumarraga Urretxuko bertso-eskolak urtero antolatzen duen Martxoan Bertsoa ekimena hasteko, bertso-kirol desafio umoretsua egingo da Azkoitian, Aizpurutxon. Lehendabizi, eguerdiko 12etan, kirol desafioa egingo dute frontoian. Ondoren bazkaltzera joango dira Itziar jatetxera, eta han bertso desafioa burutuko dute.

 Ordizian Asteburu Kulturala antolatu dute aurten bigarrenez, eta bertso-afaria egingo dute Tximista sagardotegian. Iluntzeko 21etan hasiko da afaria, eta Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariak kantuan hasiko dira gero.

 Biharko azkeneko saioa Lezon egingo da, Gezala auditorioan. Urtero Mañontzi bertso-eskolak antolatzen duen saioa da honakoa. Gaueko 22:30etan hasiko da eta honako bertsolari hauek kantatuko dute bertan: Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Jon Maia eta Anjel Mari Peñagarikanok.

 Igandean ere bi saio izango dira. Urruñan, ihauterien barruan, bertso-saioa egingo dute plazan arratsaldean. Xumai eta Ortzi Murua anaiek kantatuko dute bertan.

 Andoainen ere tradizio handiko saioa egingo dute Bastero kulturgunean: Sahararen aldeko bertso-saioa. Eguerdiko 12:15etan hasiko da saioa, eta honako bertsolari hauek kantatuko dute bertan: Agin Rezola, Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu, Jokin Sorozabal, Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña. Gai-jartzen, berriz, Joxe Manuel Oiartzabal jardungo da.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa