Bertso-kirol desafioa, bertsolari gazteen sariketa, taldekako bertsolari txapelketa, hitzaldi-tailerra, musikala, bertso sorkuntza lehiaketaren sari-banaketa, bertso-afaria eta gaztetxoenei zuzendutako trebezia lehiaketa eta bertsopaper sariketa izango dira aurtengoan.
2003an hasi zen Zumarraga Urretxuko bertso-eskola Martxoan Bertsoa zikloa antolatzen. Ordutik handitzen joan da egitasmoa, eta indartsu iritsi da hamargarren ediziora. Aurtengoan otsailaren bukaeran hasi eta apirilera bitarterako egitarau zabala prestatu dute.
Lehendabizi, motorrak berotze aldera, bertso-kirol desafioa antolatu dute zenbait "sari-bertsolari-kirolariren" eskutik. Otsailaren 25ean izango da hitzordua, Aizpurutxoko frontoian. Kirol desafioa egingo dute bertan. Ondoren Itziar jatetxean bazkaldu ostean, bertso desafioa burutuko dute.
Eta martxoa iristearekin batera, hilaren 2an, Bertsolari Gazteei zuzendutako Aizpurutxo Sariketa egingo dute bigarrenez. Ostiralez izango da sariketa Aizpurutxoko Itziar jatetxean, iluntzeko 21etan. Txartelak aurrez salgai egongo dira. Honako bertsolari hauek kantatuko dute sariketan:
Eneritz Artetxe
Jokin Sudupe "Pio"
Amaia Iturriotz
Manex Mantxola
Mikel Iturriotz
Maialen Akizu
Beñat Torres
Behin martxoan sartuta, klasiko bat iritsiko da: taldekako bertsolari txapelketa. Bost saio eta finala jokatuko dituzte. Honako hau da egutegia:
MARTXOAREN 3a, LARUNBATA
Gaueko 23etan Legazpiko Arrano tabernan
MARTXOAREN 9a, OSTIRALA
Gaueko 23etan Aldiri tabernan
MARTXOAREN 10a, LARUNBATA
Iluntzeko 19etan Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian
Bertara joan eta itzultzeko autobus zerbitzua egongo da Zumarragatik. Bertan jateko eta kupeletako sagardoa edateko aukera egongo da. Trikitilariek girotuko dute saioa.
MARTXOAREN 16a, OSTIRALA
Gaueko 23etan Fox tabernan
MARTXOAREN 17a, LARUNBATA
Gaueko 23etan Motz tabernan
Finala hilaren 23an jokatuko dute, gaueko 23etan Gaztelekun
Martxoaren 17an, berriz, larunbatez, goizeko 11:30etan Zelai Arizti kultur etxean, hitzaldi-tailer bat antolatu dute honako izenburu honekin: "Bertsolaritza lantegian, bertsoak industrian, bertsoak katean". Asier Iriondo ariko da hizlari lanetan.
Martxoaren 31n, larunbatez, Musikala antolatu dute Labeaga aretoan. Gaueko 22:30etan izango da emanaldia, eta bertso-eskolako kideez gain herriko zenbait musikari, dantzari eta artista ere ariko dira bertan.
Aurtengoan apirilean ondo sartuta bukatuko da Martxoan Bertsoa zikloa. Urtarrilaren bukaeran amaitu zen Bertso Sorkuntza lehiaketan parte hartzeko epea, eta apirilaren 20an egingo dute sari-banaketa, iluntzeko 19:30etan.
Hurrengo egunean bertso-afaria egingo dute Motz tabernan. Agin Rezola eta Beñat Lizasok kantatuko dute bertan. Iluntzeko 21etan hasiko da afaria. Txartelak aurrez salgai jarriko dira.
Azkenik, gaztetxoak bertsozaletzeko ere zenbait ekimen antolatuko dituzte. Martxoaren 18an, igandez, "Ezetz lortu" trebezia lehiaketa berezia egingo dute Labeaga aretoan, arratsaldeko 17etan.
Bukatzeko, martxoaren 23an, ostiralez, Zumarraga-Urretxuko Eskolarteko 25. bertsopaper lehiaketako sari-banaketa ekitaldia egingo dute 15etan Zelai Arizti aretoan.