Mendaron, Santana Ermitan 2012-07-26

Bertsolariak meza laguntzaile fin direnekoa

Herriz herriko bertso ibiliak gizarte bizitzako bide ez hain ohikoetan barrena murgiltzeko aukera ere ematen du, bertsolaritzaren muin eta funtzioez, ikerketa tesietako teoriak estu hartzeraino. Mendaron Santana ermitan gaurko egunez izaten den mezatako ohitura da horietako bat.
Herriz herriko bertso ibiliak gizarte bizitzako bide ez hain ohikoetan barrena murgiltzeko aukera ere ematen du, bertsolaritzaren muin eta funtzioez, ikerketa tesietako teoriak estu hartzeraino. Mendaron (Gipuzkoa, Elgoibar eta Deba artean) Santana ermitan gaurko egunez izaten den elizkizuna da horietako bat.  Mendi hegal malkartsu batean dago Mendaroko Santana ermita, zerura beste bide beheko errekara duela.  A-8 autopistatik ikus liteke pasaeran. Gaurko egunez, meza izaten da, goizeko 11:00etan, eta bertsolariak han izaten dira apaiza bera bezain puntual. Bertsolariak mezetan kantatzea oraindik ere nahiko jardun ohikoa da. Bertso bat, bi, eskaerak egiteko garaian, hiletetan, beti ere funtzio testimonial batean normalean. Mendarokoa, beste kontu bat da. Berrogeita hamar pertsona kabitzen diren lekuan laurogei bat lagun sartuta, meza hasieran apaizarekin batera aldarera igo eta abadeak berak jartzen die bertsolariek Santana jaietako lepoko zapia. Mezari hasiera eman orduko, agur bana edo pare bana... aurkezpen gisa. Mezaren sakontasunean murgildu ahala -fedea, sinesmena, elkartasuna, baloreen krisia....- apostolu eta ebanjelisten zitak bertsolarien gai bihurtzen ditu apaiz jaunak -beste bi-hiruna bertso-. Kantatu eta eseri, erabat aldarean. Handik pixka batera, gaur egungo beste erreferentzia sozialen bat apaizak, eta beste bertso bana-bina, eta bukaeran, nola ez, agurra. Gehienera, hogei-hogeita bost minutuko elizkizuna izaten da, eta dozena bertsotik gora izaten da zortziko handian, eta koruak ere lau-bost abesti kantatzen ditu... Denborak, espazioak, ardurak horrela banatzen dira Mendaroko Santana ermitako mezetan, bertsolariak baino zenbait betiko fededun deserosoago sumatzen den elizkizunean. Ondoren, ermita bueltako patxada gune estuan erromeria izaten da. Berrehun metroko amildegitik bi pausora, dema-harri moduko baten gainean, libreko saioa egiten da, eta errematatzeko bertso poteoa herriko tabernetan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri