Xabier Amuriza ("Euskara batuaren eta euskalkien lekua bertsogintzan") eta Andoni Egaña ("Erregistroen bila bertsotan") ariko dira hizlari lanetan. Atsedenaren ondoren kantaldi-hitzaldia eskainiko du Mikel Markezek, eta, bukatzeko, mahai-ingurua egingo dute hirurek Beñat Gaztelumendik gidatuta. Atzokoan Manex Fuchs ("Petit Theatre de Pain"), Ainara Gurrutxaga ("Dejabu Panpin Laborategia) eta Itziar Ituño aritu ziren hizlari lanetan, eta "Juglarea, puta eta eroa" antzezlana eskaini zuen "Petit Theatre de Pain" konpainiak. Denera hogei lagunek baino gehiagok eman dute izena jardunaldietan. Bihar ipuin-kontalariak izango dira protagonista: Pello Añorga eta Joxe Mari Karrere ariko dira hizlari eta Koldo Amestoyk ipuin kontaketa bat egingo du.
Bigarren eguna beteko dute gaur "Ahoa Bete Hots" jardunaldiek. Villabonako Subijana Etxean ari dira jardunaldiak burutzen, eta hogei lagunek baino gehiagok eman dute izena. Euskalkiek, euskara batuak eta erregistroek ahozko kultur sorkuntzan bete beharreko lekuaz hausnartzen ari dira antzerkigintzako, bertsolaritzako, kantagintzako eta ipuin-kontalaritzako sortzaileak, nahiz eta jardunaldietan plazaratutakoak ahozko edozein jardun aberasteko balio duen. Gaurkoan bertsolaritzak eta kantagintzak beteko dute tarterik handiena. Honako hau da gaurko egitaraua:
9:00-9:15 Sarrera
9:15-10:15 "
Euskara batuaren eta euskalkien lekua bertsogintzan", Xabier Amuriza (Bertsolari, idazle eta ikerlaria)
10:15-11:15 "
Erregistroaren bila bertsotan", Andoni Egaña (Bertsolari eta idazlea)
11:15-11:45 Pausa
11:45-12:45
Kantaldi hitzaldia Mikel Markezen eskutik
12:45-14:00
Mahai Ingurua: Xabier Amuriza, Andoni Egaña eta Mikel Markez. Moderatzailea: Beñat Gaztelumendi (Bertsozale Elkartea)
Jardunaldiak bihar amaituko dira, eta ipuin-kontalaritzak beteko du tarterik handiena: Pello Añorga eta Joxe Mari Karrere ariko dira hizlari eta Koldo Amestoyk "Harriola Marriola" ipuin-kontaketa burutuko du.
Atzokoan antzerkiak bete zuen tarterik handiena. Manex Fuchs ("Petit Theatre de Pain"), Ainara Gurrutxaga ("Dejabu Panpin Laborategia") eta Itziar Ituño aktorea aritu ziren hizlari. Tartean "Petit Theatre de Pain" konpainiaren "Juglarea, puta eta eroa" antzezlanaz gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek. Dario Fo antzerki idazlaearen hiru bakarkako hautatuta sortu zen antzezlana, eta hiru euskalkitan osatu zuen bere jarduna Ximun Fuchs aktoreak. Ondoren, lau aktoreek mahaingurua egin zuten Julia Marinen gidaritzapean. Hona hemen hitzaldien laburpena:
Manex Fuchs: "Euskara batuak zailtasunak ditu idatziaren eta ahozkoaren arteko bereizketa egiteko" Antzerkian eta telebistan esperientzia oparoko sortzailea da Manex Fuchs, toberetan hasi zenetik hainbat lanetan parte hartu duena. Bere jardunetik ateratako zenbait ondorio aurkeztu ditu "Euskara batua eta euskalkiak antzerkian; Ipar Euskal Herriko talaiatik" izenburuko hitzaldian. Honako hauek dira nagusienak:
Hitza erabiltzen bada esana izateko erabiltzen da. Ahoratu arte hitza hila da. Antzerkia ez da literatura, mintzatu arte ez baita ezer. Toberan, testua idatzia bazen (ez beti), emanaldia bukatu ondoren erre egiten zen. Nahitaez landu behar da ahozkotasun hori, eta hurbiltasun hori euskalkiek eman dezakete, eta baita hizlariaren berezitasuna nabarmendu ere. Ipar Euskal Herrian antzerki guztiak euskalkietan idatziak izan dira, nahiz eta inprimatzean batuaren eragina nabarmentzen den. Euskara batuak zailtasunak ditu, ordea, idatziaren eta ahozkoaren arteko bereizketa egiteko.
Euskalkiak antzerkiaren ulermen-giltza bezala uler daitezke, pertsonaiaren ezaugarri moduan, publikoak zentzu bat emango baitio hautu linguistiko horri. Memoria antolatzeko modu bat da azkenean, gure memoria, zati handi batean, ahozkotasunetik igarotzen baita. Jendea espazioan eta denboran kokatzen dugu euskalkiei esker, historia bat konpartitzen baitugu.
Dramaturgia berean zenbait euskalki erabil daitezke aldi berean, "Errautsak" antzezlanean egin zuten moduan. Sei aktoreak sei euskalki ezberdinetan ari baitira lanean. Zubereraz egitea egokitu zitzaion berari, eta lan aski zorrotza eskatu zion horrek. Antzezlana ikusi zuten zuberotarrek esan zioten ez zuela benetan zuberera egokia egiten, baina errespetuz egina zenez aski zitzaien hori. Azken finean, Manex Fuchsen iritziz antzerki-kode bat sortzen da, eta publikoak gezur hori sinesteko hautua aurretiaz dauka egina. Hala, euskalkiak egiatasun-kanal moduan lagun dezake.
Euskalkiak logika bereziak ditu: aditz trinkoak, irudi bereziak, musika... Euskara batuak berriz ikasi beharko luke hori. "Euskara batuak euskalkiak ikasi beharko ditu". Antzerkia tresna ona da, baina lan hori ez da profesionalen esku utzi behar Manex Fuchsen iritziz, herritar guztien erantzukizuna behar luke izan.
Ainara Gurrutxaga: "Gorputzarekin berez dauzkagun baliabideen eztanda bat da hizkera" "Euskalkiak traba edo aldeko haize dira antzerkian?" izeneko hitzaldia eskaini zuen Ainara Gurrutxaga oreretarrak. Duela zenbait urtetatik "Dejabu panpin laborategiko" kide da. Beti euskal sorkuntzetan parte hartzeko pribilegioa izan dute, eta, ondorioz, izan dute zer erabakia. Sekula ez dute idatzita zegoen testu bat muntatu, beti beraiek sortu dute testua mugimendutik, keinutik, ekintzatik abiatuta. Testua agertuz doa lanketa horretan, eta erabakiak oso amaieran hartzen dituzte. Idazketa, beraz, aktoreetatik datorren zerbait da.
Beraien kasuan, oreretarrak izanik eta inguruko guraso asko etorkinak izanik, ez dute bertako euskalkiarekin harremanik izan, eta euskalkia konplexu bezala ere bizi izan dute. Hala, inoiz ez dira ausartu gipuzkeraz egitera.
Helburua eszenan bizitza sortzea da, eta euskalki, batu eta erregistroak tresna bat dira horretarako. Gorputza eta arimaren arteko lotura dira hitzak, eta hori ahalbidetu behar dute. Maskara bat da hizkera azkenean, gorputzarekin berez dauzkagun baliabideen eztanda bat, eta euskalkiak ere halaxe dira. Euskalki bakoitzak du bere doinua, bere musika, eta berez bereak ez diren euskalkiak erabiliz beste doinu eta tenpo batzuk eskuratzeko aukera izaten duela dio Ainara Gurrutxagak. Jolas moduan hartzen du azken finean.
Kasuan-kasuan hartu beharreko erabakia litzateke erabili beharreko hizkerarena, beti ere jolasaren ikuspegitik. Euskara batuaren kasuan, klitxe gehiago dituelakoan dago Ainara Gurrutxaga, eta lantzen jarraitu behar dela irizten dio, musika propioa izan dezan.
Itziar Ituño: "Euskalkiak tresna dira, baina euskaldun berriak ez al dira herri honetako errealitate bat?" Hogei urterekin euskaldundu zen, eta bizkaieraren aldeko hautua egin zuen Itziar Ituño basauriarrak. Zineman eta antzerkian ere lan egin izan duen arren, "Goenkale" telesailak eman dio esperientziarik handiena euskararen lanketari dagokionez. Bere iritziz, hizketarako moduak asko esan nahi du norberaren inguruan, identitateari buruzko informazioa ematen baitu. Euskalkiak altxor "itzela" direlakoan dago, bereziki antzerkigintzan lantzeko. Bere kasuan, euskara batuan aritzen den arren beti nabarmentzen zaio bizkaieraren kutsua, eta horrek kolorea ematen diola irizten du.
Gidoitik ahozkorako jauzia telebistako gidoietan gutxi lantzen delakoan dago. Literatura asko erabiltzen da gidoietan, kontutan izan gabe telebistak kode bat duela, antzerkiak beste bat eta zinemak beste bat. Telebistan abiadura bizian egiten da lan, eta aktoreak lan handia izaten du sinesgarritasuna lortzeko. Alde horretatik, aktoreentzat askatasun handiagoa aldarrikatzen du.
Azken urteotan Euskal Telebistan hizkerari dagokionez bi apustu egin direla azaldu du basauriarrak. Batetik, euskalkiaren alde egiten duen "Wazemank" eta, bestetik, euskara batua darabilen "Goenkale". Berak euskalkiz jantzitako batuaren alde egingo luke, bere iritziz euskalkiak erabiltzea edo euskara batua janztea bateragarriak izan baitaitezke.
Bizkaiera hizkera "zakartzat" hartu izan omen da telebistan, eta baita euskaldun berriak ere. Alde horretatik bere mina azaldu du Itziar Ituñok: "euskalkiak tresna dira, baina euskaldun berriak ez al dira herri honetako errealitate bat?". Pertsonaiak ezaugarritzeko baliabide izan daitezkeelakoan dago.
Atzoko hitzaldien ondorengo mahainguruaren inguruko kronika zabala dakar gaurko
Berriak.