Ahoa Bete Hots 2012-11-09

Andoni Egaña: "Bertsolariari estiloa eta sinesgarritasuna mintzoak ematen dio"

"Erregistroaren bila bertsotan" izeneko hitzaldia eskaini zuen Andoni Egañak Ahoa Bete Hots jardunaldietan.
 "Erregistroaren bila bertsotan" izenburua jarri zion Andoni Egañak atzoko bere hitzaldiari, eta erregistroaren inguruan osatu zuen jarduna. Azaldu zuenez, erregistroena gutxi ukitutako gaia da. Bertsogintza ekinaldi mota konplexua da, bereziki gaiak jartzen direnetik. Datorren larunbateko Xilabako finala jarri zuen adibide, bi gai posiblerekin: "Zu Sustrai, Lance Armstrong izango zara. Oraintxe kendu dizkizute zazpi Tourak". Edo: "Zu, Sustrai, etxeko sofan eseri zara eta telebista piztu duzunean, Lance Armstrongen prentsaurrekoa ikusi duzu". Entzuleek normaltzat hartu arren, bertsolariak erregistroz aldatu beharra dauka gairik gai, eta komunikazioa lortu beharra dauka aldiro. Komunikazioa gauza hauskorra da, gainera, zarauztarraren iritziz.

 Baina, zer da erregistroa? Erregistroa "hizkuntza baten baitako talde ezberdinen mintzaira desberdindua" litzateke. Sailkapen asko egin daitezke horren barruan: adinaren arabera, euskalkiaren arabera, ofizioaren arabera, gorputz aldartearen arabera... Erabilera egokiak asko luke imitaziotik: osagaiak detektatu eta une egokian erabili behar dira. Horrela ematen zaio kolorea erregistroari. Erregistroa kanpo semantikoen ezagutzatik abiatzen da. Beraz, zenbat eta gehiago ezagutu, bertsolariak hurbilago ibiliko dira erregistroetatik. Bertsolaritza beti jendaurrean egiten da, eta entzuleei mezu bat ulertarazten saiatzen da bertsolaria, komunikazioa lortzen. Horretarako, dakien guztia erabiliko du.

 Andoni Egañak esan zuenez, bertsolari bakoitzak badu bere estiloa eta bere sinesgarritasuna, eta hori mintzoak ematen dio. Bestela, zergatik dira bertsolari batzuk Euskal Herri osoan ibiltzekoak eta beste batzuk ez? Hizkerak du erantzuna.

 Bertsolaritzan, azken urteotan, bi iraultza ezagutu dituela azaldu zuen zarauztarrak: Xabier Amurizak 1980 bueltan gauzatua eta Maialen Lujanbiok 2000 urte bueltan hasitakoa. Biak hizkuntza mota ezberdinetatik abiatu zirela uste du: Xabier Amurizarena hizkuntza "borobildutik" (hitz gutxiagoko bertsoak, solemnitate handiagokoak) eta Maialen Lujanbiorena hizkuntzaren ertzetatik (hitz asko sartu nahia bertso berean, fintasun handiagoa). Kasu horretan, gainera, doinuak ere estiloa markatzen dio bertsolariari. Euskaraz garapen handirik ez dago erregistroetan, baina doinuen eta euskalkien bidez kolorea eman daiteke. "Rol" eta "Jerga" gutxi landu dira eguneroko bizitzan, ofizioei lotuta bereziki. Gainera, kalean erregistroa markatzeko gehien erabiltzen den tresna bertsotan gutxi agertu izan dela dio Andoni Egañak: hitanoa.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri