Hilaren 23an bi kanporaketa egingo dira Baraibar eta Barañainen eta 30ean finala jokatuko da, Elizondon
Bosgarren ediziora ailegatu da bi urtetik behin egiten den Izeta sariketa. Aurten eraberrituta dator bertso sariketa, saio bakarra egin beharrean hiru saio izango baititu, bi kanporaketa eta ohi denez Elizondon jokatuko den finala.
Bi kanporaketak azaroaren 23an izango dira, Baraibarko ostatuan eta Barañaingo Haizea elkartean. Osotara, hamazazpi bertsolarik kantatuko dute bi saio horietan eta sei pasako dira finalera. Kanporaketak 19,30etan hasiko dira, merendu batekin lagunduta egongo dira eta sarrera librea da.
Baraibarko kanporaketaBaraibarko ostatuan zortzi bertsolarik kantatuko dute: Oskar Sanz de Acedo (Iruñea), Iker Gorosterrazu (Ituren), Amaia Elizagoien (Mugairi), Patxi Castillo (Bera), Mikel Juaniz (Iruñea), Kotte Plaza (Irurita), Xabi Maia (Elizondo) eta Ioar Tainta (Lesaka). Aurkezle lanetan, Mikel Irastortza arituko da. Epaile lanetan, Saioa Mitxelena, Julen Zelaieta eta Arkaitz Goikoetxea.
Barañaingo kanporaketaBarañaingo Haizea elkartean, berriz, bederatzi izango dira bertsolariak: Aimar Karrika (Auritz), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Iban Garro (Lesaka), Haizea Beruete (Iruñea), Josu Sanjurjo (Lesaka), Unai Uberetagoena (Iruñea), Mikel Lasarte (Barañain), Alazne Untxalo (Ituren), Ander Baiano (Barañain). Aurkezleak Sarai Robles eta Ainara Ieregi barañaindarrak izanen dira. Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joxema Leitza izanen dira epaileak.
Finala, azaroaren 30ean ElizondonAzaroaren 30ean jokatuko da Elizondoko finala, kanporaketetatik sailkatuko diren sei bertsolariekin. Finalean ere, nobedadeak daude, oraingoan mahai bueltan egingo da, afal ostean. Elizondoko Kortarixar ostatuan jokatuko da finala. 21etan izango da afaria eta horren ostean saioa. Prezioa 17 eurokoa da eta sarrerak aldez aurretik erosten ahalko dira Elizondoko Kortarixar, Fantxiken edo Nafarroako Bertsozale Elkartean.
Bosgarren edizioaIzeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten bosgarren edizioa jokatuko da. Bost edizio hauetan, bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe eta Iruritako Iñaki Aleman izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi dutenak.
Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Horrez gain, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak. Orain dela hiru urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.
Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan, Xalto sariketa jokatzen da, bertsolari gazteen sustapenerako den sariketa. Sariketa honetan parte hartzeko bi baldintza bete behar dituzte bertsolariek: Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean inoiz kantatu gabeak izatea eta 1996. urtean edo beranduago jaioak izatea.
Horrela, askotan taula gainean aritzeko horrenbeste aukerarik ez duten bertsolariei aukera bat eman nahi zaie eta, bereziki, bertsolari gazteei. Azken finean, bertsolaritza sustatzeko eta haren etorkizunerako oinarriak ezartzeko egiten da bi urtetik behin Izeta sariketa.
Mariano Izetaren omenezSariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina hortaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten.
Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.