Gasteizen egingo dira bi egunetan banatuta. Bihar, Montehermoso kulturgunean, arratsaldeko 18etatik iluntzeko 21etara bitartean Andoni Egañak eta Xabier Payak hitzaldi bana eskainiko dute bertsoak euskararen normalkuntzan izan duen eta izan beharko lukeen funtzioaren inguruan. Ondoren, Manex Agirrek gidatuta, mahaingurua osatuko dute Andoni Egañak, Xabier Payak, Juan Mari Juaristik eta Oihane Pereak. Datorren astean, berriz, ostegunean, hizkuntza eta kultura komunitatea egituratzeaz jardungo dira. Jon Sarasuak eta Jon Maiak eskainiko dituzte hitzaldiak eta bi hauez gain Erika Lagoma eta Lorea Agirrek ere parte hartuko dute Ruben Sanchezek gidatutako mahainguruan. Aurten 30 urte bete dira Araban lehenengo bertso-eskolak sortu zirenetik.
Aurten 30 urte bete dira Araban lehenenego bertso-eskolak sortu zirenetik. Euskarak garai zailak bizi zituen lurraldean, eta iparraldean eusten zion bereziki, Aramaio eta Legutio inguruan. 1982an lehendabiziko bertso-eskolak sortu ziren Gasteizen eta Araialdean, eta ikastolekin, gaueskolekin eta bestelako hainbat ekimenekin batera, arnas berria ekarri zioten euskarari Araban. Geroztik aurrerapen handiak egin dituzte, eta bertso-eskolek zer-esan nabarmena izan dute eta izango dute horretan. Dena den, Arabako Bertsozale Elkarteak, Gasteizko Udalaren babesarekin, bidean geldialdi bat egin eta hausnarketarako tartea hartu nahi du. Hala, "De repente... bertsoa!" jardunaldiak antolatu ditu.
Jardunaldi hauek Arabako egoeraren inguruan ariko badira ere antzeko ezaugarriak dituzten txokoetarako ondorioak eskaini nahiko lituzkete. Gainera, euskararekin gozarazteko eta euskal komunitatea trinkotzeko bertsoak duen balioaz hausnartu nahi da. Neurri batean, orain arte egindako bidearen azterketak oinarriak jarriko baititu etorkizunera begiratzeko. Hala, bertso-eskoletan zein euskara biziberritzeko lanean ari denarentzat bere jarduna kontzienteago bilakatzeko tresna izan nahi lukete jardunaldiok, eta etorkizunerako elkarlanerako konpromiso berriak hartzen lagundu nahiko lukete. Bertara hurbiltzen diren Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek, gainera, aukera askeko kreditu erdi lortuko dute.
Bi egunetan zehar garatuko dira jardunaldiok:
Bertsoa Euskararen Normalkuntzan Bihar izango da lehendabiziko eguna. Arratsaldeko 18etan hasita, Montehermoso Kulturgunean izango da zita. Bertsoak euskararen normalkuntzan bete duen eta bete beharko duen papera aztertuko da bertan. Honako hau da egitaraua:
-18:00-18:15:
Sarrera Manex Agirreren eskutik
-18:15-19:00: "
Bertsoa bide" hitzaldia, Andoni Egañak
-19:00-19:45: "
Erdalguneetako bertso-eskolak edo euskal dimentsiorako ate interestelarrak" hitzaldia, Xabier Payak
-20:00-21:00:
Mahaingurua Manex Agirrek gidatuta. Andoni Egaña, Xabier Paya, Juan Mari Juaristi eta Oihane Perea hizlari
Honela laburtzen du Manex Agirre bertsolari eta euskara teknikariak bertsolaritza eta euskararen normalkuntzaren arteko harremana:
"
Bertsolaritza, bat-batekoa delako edo adierazpide bizi eta dinamikoa delako, beti saiatu da, berez edo eragileen bultzadaz, bizi duen ingurunera egokitzen. Egokitzeko gaitasun hori izan da, hain zuzen ere, bertso-mugimenduaren arrakastaren giltzarrietako bat.
Ingurunea diogunean, ingurune horren berezitasuna aipatu behar dugu, ia derrigorrez. Bertsolaritza zuzenean dago hizkuntzarekin (euskararekin) lotuta. Euskarak, ordea, ez du osasun bera bizirik dagoen lurralde-eremu guztietan. “Erdalgune” deitzen dena da horren lekuko. Tartean, noski, Araba.
Araban, bertsolaritza eta euskararen normalizazioa eta sustapena eskutik helduta joan direla esan dezakegu. Duela 30 urte lehenengo bertso eskolak sortu zirenetik hautu garbia egin du bertso-mugimenduak (eta Bertsozale Elkarteak): erdalgunera hurbiltzea, euskararen eremu-zabaltzearekin batera bertsoaren eremu-zabaltzea gauzatzea. Horrek ekarri du, garai batean apur bat lekuz kanpo (hizkuntza-ohituraz kanpo) zegoen fenomeno bat gaur egun normaltasunez onartzea. Euskalgintza eta bertso-eskolak erritmo berean, eskutik helduta joateak lortu du hori; eta egin du, era berean, Arabako bertsolaritza berezi.
Egindakoari begira jartzeak, hausnartzeak, hainbat galdera sortzen dizkigu:
• Zer ekarri dio bertsolaritzak euskararen normalizazioari (izan erdalgunean, izan euskarak presentzia handiagoa duen eremuetan)?
• Erdalguneko bertsolaritzak ba al du bereizgarri propiorik? “estilo” batez hitz egin daiteke?
• Nola handitu bertsolaritzak euskararen normalizazioari egindako ekarpena?
• EBPNetan ze leku izan dezake bertsolaritzak?
Erantzunek etorkizunean jarraitu beharreko bidea zehaztu ahal izango dute, dudarik gabe."
Hizkuntza eta Kultura Komunitatea egituratzen Bigarren hitzaldi-zikloa azaroaren 29an izango da Gasteizko Goiuri Jauregian. Hizkuntzaz eta Kultura Komunitateaz ariko dira hizlariak. Honako hau da egitaraua:
-18:00-18:15:
Sarrera Ruben Sanchezen eskutik
-18:15-19:00: Jon Sarasuaren hitzaldia:
"Hiztun hautuaren bideetan" -19:00-19:45: Jon Maiaren hitzaldia: "
Lau oinak euskararen lurrean"
-20:00-21:00:
Mahaingurua Ruben Sanchezek gidatuta. Hizlariak: Jon Sarasua, Jon Maia, Erika Lagoma eta Lorea Agirre
Ruben Sanchez bertsolari, euskaldun berri eta "Araba: bertso histori ezberdin bat" liburuaren egileak honela laburtzen du bigarren egun honetako jarduna:
"
Bertsoa, bertsolaritza, euskal kulturaren osagaietako bat da, euskal komunitateak sortzen duena eta gozatzen duena, elkarbanatzen duena, transmititzen duena.
Gizaki batek, kultur komunitate bateko kidea den heinean, kultur horrek ematen diona jaso eta hedatuko du, edo berarentzat erabiliko du.
Hau da bertsoa eta euskal kulturaren gainean era neutro batean eman daitekeen definizio aseptiko bat.
Euskal kultura, ordea, berezia da. Polita delako? Jakina, baina batez ere gutxitua dagoelako.
Bertso-eskolara hurbiltzen diren gazteek -gazte ez direnek bezalaxe- gutxitua den euskal kultura ezagutuko dute, horregatik batzuek asko ezagutuko dute, beste batzuek pixka bat eta beste batzuek ia batere ez: hizkuntza ozta-ozta, Olentzero, Santa Ageda, Pirritx eta Porrotx eta agian “Aldapeko sagarraren” Madonnari esker.
Gazteei euskal kulturaren gainean dagoen hizkuntzak/kulturak emango die sozializazioa, aisialdia, kirola, ezagutza...
Egoera horren aurrean ikusten dugu bertso-eskolek eskaini diotela gazte askori euskaraz bizitzeko aukera eta modu bat; Araba gehienean (eta Euskal Herri gehienean) beren etxean izan ez dutena, eskolan -irakaslearekin ez bada- topatu ez dutena, kalean bizi ez dutena -gurasoren batekin izan ezik-.
Bertsoaren bidezko 'euskal komunitaterako murgiltze' horretan, bertso-eskolen inguruan egiten diren ekimenak bertso-eskola bera bezain garrantzitsuak dira -edo are garrantzitsuago-: bertsolari gaztetxoen topaketak, barnetegiak, udalekuak, txapelketatxoak...
Nolabait esatearren bertsoak ematen digu euskaraz sortu edota gozatzeko aukera eta bertso-eskolak (eta bere bueltako ekimen horiek) komunitate bat, gustuko perla hori elkarbanatzeko, transmititzeko, elkarrekin sentitzeko...
Euskarak ez du, gainean ditugun hizkuntzen aldean, hainbeste produktu eta bide gazteen -eta ez gazteen- atxikimendua eta murgiltzea lortzeko. Bertsoak erakutsi du, -ez bakarrik bertsoak, noski-, hori lor dezakeela: euskaraz bizi nahi duenarentzat komunitate txiki bat.
Gurean eta gainontzeko herrialdeetan, hezkuntza arautuan milaka gazterengana heltzen ari gara egun, haietako batzuk gero bertso-eskolara hurbiltzen dira. Baina... hau guztia hola bazan eta ez bazan...
- Hizkuntzaren jabekuntza hezkuntza arautuan ematen da Arabako bazter gehienetan, izan euskaltegietan edo ikastetxeetan, Bertso-mundua eta batez ere Bertso-eskola izan daiteke gazte askorentzako erabilera sozialerako lehen pausoa, sorkuntzari erabat loturiko lehen euskalkultur komunitate txikia?
- Une honetan bertsolaritza Arabako eskualde guztietan lantzen da hezkuntza arautuan, euskaldun masarik handiena, euskaldun potentzialak gazteak dira oraindik nagusiki, plazan ze mailatan sumatzen da hori?
- Gutxiagotasun konplexuak ze eragin du? errealitate bat da? Zer egin gainditzeko?
- Bertsoaren sustapen eta Transmisioa herrigintza ikuspegitik
- Bertsozale euskaldun berri masa handia dago gure herrialdean. Euskalduntze eta alfabetatze prozesuaren azken urratsa, bertsoa (eta euskarazko sorkuntza oro har) ulertzeko gai izan, gozatu eta ondoren jarduteko gai izatea izan daiteke?"
Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.