Arabako txapelketa. 2013-03-19

Oihane Perea: "Uste dut ezustean irabazitako txapel honek lagunduko didala gauza batzuei baietz esaten eta aurrera egiten" (Berriak egindako elkarrizketa)

Oihane Perea: "Uste dut ezustean irabazitako txapel honek lagunduko didala gauza batzuei baietz esaten eta aurrera egiten" (Berriak egindako elkarrizketa)
Oihane Pereari Berriak egindako elkarrizketa

OIHANE PEREA. ARABAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

«Beharbada, modu lehiakorrago batean jokatu beharko dugu»

Astelehenak larunbateko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean berak eta besteek egindako lanak buruan bueltaka harrapatu du Oihane Perea Arabako bertsolari txapelduna, eta bai berea eta baita besteena ere «ondo» joan zela ondorioztatu du.

BEÑAT ZAMALLOA AKIZU GASTEIZ

/ RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Bertsotarako daukan freskotasuna berezkoa du Oihane Perea (Gasteiz, 1977) Arabako bertsolari txapeldunak. Hirugarrenez irabazi zuen txapela, larunbatean, Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. Txapelak emandako pozen artean familiak eta bertso eskolakoek hartutako poza bereizi zituen; batez ere, bertso eskolakoena. Gaur egun direnetik irakasleak txapela janztea garrantzi handikoa dela uste du.

Txapela ezustean irabazteak sentipenak biziberritzeko eta indartzeko balio izan dizu?


Egia esan, bai. Batzuetan zaila da bertsolari izatea beste gauza askorekin batera, niretzat behintzat, eta nagikeria pixka bat ematen du. Uste dut ezustean irabazitako txapel honek lagunduko didala gauza batzuei baietz esaten eta aurrera egiten, pixka bat bere lekuan jarrita etxeko zamak eta eguneroko bizitza. Alde horretatik, bultzada polita izan liteke neure buruaren kontra egiteko.

Zure txapeldunaren aroa igarota zegoela uste zenuen?

Bolada baterako bai. Azken lau urteetan beste norbaitek eraman du txapela; horrek arduragabetzen zaitu, nolabait esateko, eta zure erritmoa lasaitzen du. Arriskua ere ikusten nuen: nahiarekin eta gogotsu helduz gero bertsolaritzari aukera baneukala ikusten nuen, besteekiko distantzia handirik ez nuela ikusten oraindik.

Ikuspegi horretatik, zein eginbehar jarri zenion zeure buruari txapelketa honetarako?

Nekiena eta ahal nuena ematea eta langa altu uztea: txapelik eramateko esperantza handirik gabe, beste batzuei gauzak zail jartzera, nolabait esateko. Hori zen nire erronka; gero, beste kontu bat da kantuan hasi eta nola sentitu nintzen.

Zerk bultzatzen zintuen finala lasai hartzera?

Plazak eta jendeak. Oso etxean sentitzen naiz, beti gustatu izan zait Principaleko oholtza eta publikoa, eta uste dut hazi egiten naizela nik uste gabe ere. Emana zegoen publikoa guztiz, eta oso-oso publiko ezaguna zen niretzat.

Bertsoak saltzeko ahalegina egiten duzu?

Horrela ateratzen zait, ez dut apropos egiten. Ahotik irteten zaidana uste dut gorputzean ere islatzen zaidala gauza guztietan, eta oholtza gainean saiatzen naiz apur bat kontrolatzen, gehiegi ez espresatzeko, ez delako gauza bera taberna batean ala oholtza gainean aritzea.

Txapeldun zarelako atzekoengatik sentitu zenuen penaren barruan bazen Arabarako erreferente berri bat indartzeko zegoen aukera?

Bai. Nire buruan, ametsetako bat da, eta beste batzuen buruetan ere bai, Manexen [Agirre] eta [Iñaki] Viñaspreren arteko buruz burukoa ikustea. Horrek pena pixka bat eman zidan, baina uste dut ni oso arabarra naizela, ez naizela oso zaharra ere, eta oraindik erreferente izateko esperantza badaukat.

Finalaurrekoen maila nola ikusi zenuen?

Gorabeheratsua, beharbada. Nik uste dut hori baino gehiago bagarela, neu eta beste asko ere bai. Finalekoa baino apalagoa izan zela uste dut finalaurrekoetako maila. Beharbada, modu lehiakorrago batean jokatu beharko dugu, behintzat txapelketaren eskeman, horri aurre egiteko.

Txapelketaren eskemak eragiten dizue zaretena baino gehiago ez izatea?

Gure plazak ez dira jaialdi formakoak. Ikasi egin behar dugu hor ere gozatzen, baina uste dut berezkoa ez zaigula egiten oholtza zurrun eta bertikal horretan lehiatzea. Gure publikoa uste dut ez dela eskema horren hain zalea ere: nahiago dituzte jaietako saioak. Bertsozale berriak dira, bertsolari berriak ere bai, eta nik uste dut ludikotasunean erosoago mugitzen garela. Gauza litzateke txapelketara ludikotasun hori eramaten asmatzea eta hor ere gozatzea.

Tropela zaretela aipatu zenuen eskertza bideoan; tropelak zenbat eta zer du praktikatik eta zenbat eta zer du sentimendutik, egunerokoan, finalean zeundetenon artean, esaterako?

Nik tropela sentitzen dut, sentimendua bada, eta besteekiko penak horrekin dauka zer ikusia: poza hartuko nuke beste batzuk aurrera egiten ikusita. Elkarrekin haziz joan gara, elkarren ikaskide eta irakasle izan gara. Gero, errealitatean ere ikusten da oszilazio bat txapeldunetan, eta adierazten du ez dagoela ihesaldirik. Taldeak laguntzen du aurrera egiten, baina uste dut frenatzera ere irits daitekeela.

Aldea nabari duzu beteranoekin kantatzen duzunean?

Beraiekin hasi naiz. Txikia nintzen haiek helduak eta bertsolariak zirenean, baina horiekin hazi naiz. Ez zait egiten zaila kokatzea, printzipioz.

Beteranoen umorea ez zaizu atenporala egiten batzuetan?


Bai, baina bizitzan bezala. Ni bizi naizen inguruan umore hori oso gaur egunekoa da. Ohituta nago horrelako zezen artean ibiltzera. Uste dut ona ere badela umore horri eman diezaiokezun erantzuna.

Txapelketa Nagusirako sailkatzeak motibatzen zintuen?

Eduki ditut oso aste gorabeheratsuak. Krisi garai batean nago, eta, krisi garai baten ostean, gauza berriak ateratzen zaizkizu gero. Ikusi dut Arabako publikoaren gertutasun eta familiartekotasun hori ez dudala izango, eta hori da hotzena eta zailena egiten zaidana. Txapelketa Nagusian publikoa oso desberdina da, oso beste gauza batera dagoela, oso bertsoa neurtzen, pertsonak baloratzen baino; baina badago beste publiko hori ere, eta nahiko nuke horiengana iristea eta gozatzea. Naizen bezalakoa izatea eskatzen diot neure buruari, natural-naturala, eta ez beste batzuekin konparatzea.

Berandu gabe ikusiko dugu arabar bat Txapelketa Nagusiko finalean ala finaletik gertu?

Nik uste dut lehenengo bertsolari nazional bat atera beharko genukeela, eta horrek ekarriko lukeela arazorik gabe goi mailara iristea. Horretarako, baten batek lan pertsonal handia egin beharko du, eta bertsolaritza lehentasuntzat hartu. Gaitasuna daukan jendea badagoela uste dut, baina ez bertsotarako bakarrik dagoena.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri