Dena prest larunbateko finalerako 2013-03-20

Txapela eta Euskal Herrikorako lau postu jokoan Nafarroan

Txapela eta Euskal Herrikorako lau postu jokoan Nafarroan
Dena prest da larunbatean Nafarroako Bertsolari txapelketa jokatzeko:Julio Soto, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Aimar Karrika. Aurten, txapela ez ezik, Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko lau txartel ere badaude jokoan. Iruñean izango da, Anaitasunan, 17:00etan hasita.
Larunbatean azken hitzordua du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Otsailaren 2an Lizarran hasi zen ibilbidea amaierara ailegatuko da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, arratsaldeko 17etatik aurrera.
Hogeita hamaika bertsolarik hartu zuten parte eta  zortzi igoko dira larunbatean oholtzara: Julio Soto, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Aimar Karrika. Horietatik aterako da Nafarroako txapelduna. Horrez gain, finaleko lehen lau sailkatuek udazkenean jokatu den Bartsolari Txapelketa Nagusirako txartela lortuko dute.

Aurreko finaletik hiru finalista berri
Orain dela bi urteko finalarekin alderatuta, hiru bertsolari berri izanen ditu Anaitasunako finalak: Erika Lagoma, Aimar Karrika eta Eneko Fernandez. Hala ere, Erika Lagomak jakin badaki zer den Nafarroako finaletan kantatzea, 2006tik 2009ra lau finaletan egon baita.
Aimar Karrika auriztarrak, berriz, azken urteotan Xalto eta Izeta sariketak irabazi ostean lehen aldia du finalean. Eneko Fernandez lesakarrak finalera ailegatzea lortu du Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen parte-hartzean. Gainerako bost bertsolariak 2011ko Labriteko finalean egon ziren. Julio Soto egungo txapelduna da, bi aldiz irabazi ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 2010 eta 2011n. Xabier Silveira da txapela gehien dituenak, sei aldiz irabazi du txapelketa, azkena 2009an. Eneko Lazkoz, Oskar Estanga eta Jon Barberena ohiko finalistak izan dira azken urteotan.

Finaleko lanak
Honako lana egin beharko dute zortzi bertsolariek:
Zortziko handian binaka gaia emanda 3na bertso osatu arte
Zortziko txikian binaka ofizioka 3na bertso osatu arte
Zortziko txikian bi punturi erantzun
Sei puntuko motzean binaka ofizioka 3na bertso osatu arte
Kartzelako lana: gaia emanda bakarka hiru bertso

Lan horien ondoren, lehenengo bi bertsolarien arteko aldea 20 puntu baino txikiagoa bada, buruz burukoa izanen da:
Hamarreko txikian gaia emanda 3na bertso osatu arte
Kartzelako lana: gaia emanda bakarka bi bertso

Aforoa mugatua
2011ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan itzuli egin zen finala Iruñera, urte luzez bertan egin gabe izan ostean. Saio gogoangarria izan zen hura, bai bertsozaleen erantzunagatik, baina bertso mailagatik ere. 2013ko finala Iruñean izanen da berriro, baina kasu honetan Anaitasuna kiroldegian. Aretoa bertso jardun txukun baterako egokituko da, hortaz aforoa mugatua izanen da.

Sarrerak
Finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu web gunean, baita Nafarroako hainbat lekutan ere: Iruñea (Karrikiri denda), Elizondo (Fantxike denda), Etxarri Aranatz (Xapatero taberna), Lekunberri (Lanbroa liburudenda), Leitza (Maimur liburudenda) eta Lesaka (Okindegia).
Finalerako sarrera hamazortzi eurokoa da, hamabi euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala egun osoko festa denez, saioaren ondoren afaria eginen da Iruñeko sagardotegi batean, baina afarirako txartel guztiak saldu egin dira jadanik.
Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean dago.

Albiste gehiago

Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16

«Gaitzeko maila izan da eta denak biziki ongi aritu dira»

Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran