Mikel Mariskali elkarrizketa 2013-06-07

"Enpresa bezala kokatuta dago Lanku"

Aurten hamargarren urteurrena beteko du Lankuk. Ibilbide horretan antolatzaileek eta bertsolariek Lanku benetan zer den ondo ulertu dutelakoan dago.
 Aurten hamar urte bete ditu Lankuk. Mikel Mariskalek, Lankuko zuzendariak, oso argi dauka zergatik sortu zen:  "Elkartea behartuta aurkitu zen Lanku sortzera. Eztabaida batzuk egon ziren baina ikusten zen udaletxeak hasi zirela gauzak gero eta zorrotzago hartzen, kontratuak egin beharra... Antolatzaileentzat eta bertsolarientzat halako enpresa baten beharra ikusi zen. Hor eman zen eztabaida bat Lankuren proiektuari hastapena emateko. Urte pare bat egin ziren proiektu horrekin 2003an Lanku sortu zen momentura arte".

 Dena den, bertsolaritza bezalako herri mugimendu batean enpresa izaera txertatzea berria izan zen: " Bilakaera izan zen kasu batzuetan nahiko naturala eta beste kasu batzuetan zalantza asko sortu zituen eta ibilbide bat egin behar izan da. Udaletxeek lan egiteko modu berri batera ohitu behar izan dute eta denbora bat eman du prozedura hauek denak aurrera eraman ahal izateko, hau da, kontratuak egin, fakturazioak... Bertsolarien aldetik ere modu nahiko naturalean gertatu da prozesu guztia. Bere denbora behar izan du eta orain esan dezakegu, 10 urteren ondoren, enpresa bezala kokatua dagoela Lanku. Bertsolariek behar batzuk asetzeko enpresa moduan ulertzen dute Lanku eta antolatzaileek ere ohitura hori hartu dute".

 Lankuren sorrerako kezka nagusietako bat herri mugimenduaren berezko dinamika ondo zaintzea izan zen: "Beldurra zegoen enpresa bat sortu eta enpresa horrek bertsolaritza mugimenduaren ohiturak aldatuko ote zituen. Beldurra zegoen Lanku enpresa moduan hor sartu eta tokian tokiko antolatzaileak ordezkatzeko. Elkarte aldetik oso argi eduki da hori eta horrek behartu du Lanku non eta zer egiten den tentu handiz aztertzera. Antolatzaileak eta bertsolariak ere ohartu dira ez dela oztopo bat izan, ez duela hori ordezkatu eta gauza guzti horiek egiteko erraztasunak ematen dituela. Gaur egun udaletxe asko daude gauzak zuzenean antolatzen dituztenak, eta beste herri asko daude herriko eragileek dena bideratzen jarraitzen dutenak. Eragile horiek jarraitu dute beren funtzioak aurrera eramaten eta Lanku tresna moduan ulertu dute".

 Hamar urteotan, Mikel Mariskalek azaldu duenez, asko aldatu da bertsolaritzaren nolakotasuna: "Oroitzen dut hasieran gehienbat bertsolarien kontratazioa zela Lanku. Emanaldi bereziren bat bazegoen; Txuekak egindako erakusketa bat arrantzari buruz eta horri lotuta gauza batzuk, baina urteen poderioz eta bertsolarien sormen senaren bidez bertsolaria beste diziplina batzuekin lanean ari da orain. Hasieran bertso musikatuak izan ziren, gero hasi ginen bertsolaritza eta umeen emanaldiak uztartzen... Bilakaera handia eman da. Bertsolaria inor ez bezala irekita egon da uztarketa guzti horiek egitera. Gaur da momentua non beste diziplinetatik bertsolaritzara hurbiltzen diren hain zuzen ere bertsolariak daukan kamaleoien gaitasun horri esker. Hori izan da bertsolaritzari beste bide batzuk irekitzeko aukera, eta ez bertsolaritzari bakarrik, baita beste ikuskizun mota bati ere".

 Baina, zein da Lankuren papera emanaldi berezietan? " Lankuk bere momentua planteatu zuen sustapen lana egitea, bereziki umeen emanaldietan. Horri esker aurrera atera zen lehenengo proiektua. Tartean Lanku ekimenen bat sortzen edo bultzatzen saiatu da, baina nik uste dut garaiz konturatu ginela Lankuk ez duela ekimen hori probokatu behar; horrek funtzionatuko badu bertsolariak sinesten duen proiektua izan beharko du. Lehenengo frogak eginda hortik etorri dira denak: sortzailearen asmotik proiektua garatu eta Lankura proposamena ekarri da. Gero hemen eman zaio forma komunikatzeko garaian, aurrekontuak egiteko garaian, lan komertziala egiteko garaian..."

 Gaur egun inoiz baino bertsolari gehiago ari dira plazetan. Hala ere, Mikel Mariskalen iritziz, Lanku ez da oztopo aniztasun horrentzat: "Eztabaida izan da gai honen inguruan ere. Beldurra bazegoen herriko eragilea ordezkatzeko, baina baita bestea ere: "Lankuk zer egingo du, nahi dituen bertsolariak jarriko ditu plaza bakoitzean?". Nik uste dut beldur horiek egon direla baina nik beti esan dudana da antolatzaileak, kasu bakanen bat kenduta, kontsulta eskatzen baitu, garbi edukitzen du nor eraman nahi duen saiora. Beti saiatzen gara hurbileko bertsolariren bat sartzen, edo proiekzioa eduki dezakeen bat... Horrelako kasuetan hortik planteatu beharko litzateke gure funtzioa, baina antolatzaileak garbi edukitzen du nor eraman nahi duen plazara".

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-03

Iruñeko eta Oiartzungo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-27

Hondarribia eta Lekeitioko bertsoak Hitzetik Hortzeran