Ahoa Bete Hots 2013-07-03

Hitza jolas bihurtuko da Villabonan

Ahozkotasuna lantzeko erabil daitezkeen jolasez ariko dira hiru egunez Subijana Etxean. Gaur Juan Kruz Igerabide, Jaime Altuna eta Pello Mari Añorga izango dira hizlari.
 Laugarrenez egingo dira aurten Ahoa Bete Hots jardunaldiak Villabonako Subijana Etxean. Mintzola Fundazioaren Elkarguneak ahozko lau kultur generotako eragileak biltzen ditu gaur egun: Antzerkizale Elkartea, Bertsozale Elkartea, Ipuin Kontalarien Taldea eta Kantuzale Elkartea. Lau diziplinetan ari direnek dauzkaten kezkak eta esperientziak elkarbanatzeko txoko bezala sortu zen elkargunea, eta egindako hausnarketen ondorio dira Ahoa Bete Hots jardunaldiak. Aurtengoan "Hitza Jolas" izango da izenburu, eta ahozkotasuna lantzeko erabil daitezkeen jolasak landuko dituzte. Ahozkotasuna gozamenetik nola landu aztertuko dute beraz, bai jolas eta ariketak azalduz eta baita gogoeta moduan ere.

 Gaur hasiko dira jardunaldiak eta ostiralera bitarte luzatuko dira. Honako hau da gaurko programa:

 -8:30-9:00   Harrera/karpeta banaketa
 -9:00-9:15   Sarrera
 -9:15-10:00  "Jolas-hitzak: Igarkizunetik iragarkizunera", Juan Kruz Igerabide (Euskal Herriko Unibertsitatea)
 -10:00-10:45 "Jolasaren hizkuntza eta hizkuntzaren jolasa", Jaime Altuna (Urtxintxa Aisialdi Eskola)
 -11:45-11:15 Atsedenaldia
 -11:15-12:15 "Kontaketaren erritmoan: jolasean elkarrekin" Performance komentatua, Pello Mari Añorga (Ipuin Kontalaria)
 -12:15-13:00 Mahai-ingurua: Juan Kruz Igerabide, Jaime Altuna eta Pello Mari Añorga, Karlos Aizpuruak (Mintzola) moderatuta

 Datozen egunetan, berriz, hauxe da programa:

 -9:00-9:15   Sarrera
 -9:15-10:15  "Hitza jostailu bertso-eskolan", Oihane Perea (Bertsolaritza irakaslea)
 -10:15-11:45 "Kantu jolasa: karaokeak prestatzen ikasteko tailerra", Gabi de la Maza (Lehen hezkuntzako irakaslea eta barnetegi zuzendaria. USB bat ekartzea komeni da)
 -11:45-12:15 Atsedenaldia
 -12:15-13:45 "Kantuan: gorputz eta arimarekin jolasean" tailerra, Oskar Estanga (Irakasle, kantaldi dinamizatzaile eta bertsolaria)
 
 UZTAILAREN 5a, OSTIRALA (jantzi erosoak ekartzea komeni da)
 -9:00-9:15   Sarrera
 -9:15-11:15  "Jolasetik antzerkira" tailerra, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo (Dejabu Panpin Laborategia)
 -11:15-11:45 Atsedenaldia
 -11:45-13:45 "Joko eszenikoa" tailerra, Eñaut Gantxegi (Donostiako Arte Eszenikoen tailerreko irakaslea)

 30 ikasle inguru

 Aurtengo ikastaroa inoizko praktikoena izango da. Bereziki hezkuntza arautu eta ez arautuko irakasleei zuzenduta dago ikastaroa, hau da, bai haur, lehen eta bigarren hezkuntzan ari direnei eta baita euskaltegi, udaleku, barnetegi, antzerki, bertso-eskola, kantu zein ipuin irakasleei ere. Dena den, ahozko lau kultur generotatik sortutako kezketatik abiatua izanik, kantagintzan, antzerkian, bertsolaritzan edo ipuin-kontaketan edo ahozkotasunean interesa duen edonork har dezake parte.

 30 bat ikasle izango dira gaurtik ostiralera bitarte.