Mexikora bidaia 2013-09-20

"Gure burua ezagutzeko balio digu"

Gainerako ordezkaritzetatik asko ikasi dutelakoan daude Iñaki Murua, Blanca Lopez, Miren Artetxe eta Esti Alberdi. Bereziki geenero-identitatean, "modernitatearen eta tradizioaren arteko tentsioan" eta hizkuntzaren inguruan zer pentsatuarekin itzuli dira.
 Egun batzuk pasa dira Iñaki Murua, Blanca Lopez, Miren Artetxe eta Esti Alberdi Mexikotik itzuli zirenetik, baina oraindik badute zer pentsatua. Beste ordezkaritzei dagokienez, honela laburtzen du Iñaki Muruak egindako lana: "Jendearekin konektatzen kolonbiarrak ikusi ditugu topera. Argentinarrak ikusi ditut mezuan oholtza betetzen, izugarri. Txiletarrak ere bai. Mexikarra, 12 urteko neskato bat, oso bizia zen. Niri Caamaño gustatu zitzaidan, hemengo Lazkao Txikiren antzekoa. Delegazioak oso potenteak ziren. Eroso sentitu gara argentinarrekin tratu pertsonalean eta kantatzeko. Txiletarrekin egindako saioan ere oso gustura geratu ginen. Beste batzuekin egindako lanarekin ere bai. Eta antolaketarekin ere bai, oso pertsona harrigarriak gertatu dira. Sekulako afektibitatea eta maitasuna jaso dugu. Egia esan ez zuten lehenengo aldia, bazegoen halako familia harreman bat, baina tratua izugarria izan da. Bidaiak luzeak eta nekosoak ziren, baina tratua oso ondo kudeatu dute".

 Miren Artetxeren arabera, gehienek antzeko metrikak erabili dituzte bidaian zehar: "Gehienek dezimetan kantatzen zuten. Nahiz eta beraiek beste doinu eta egitura batzuk eduki horiek erabiltzen zituzten. Kasu horretan bertsolaritzara aplikatzea prozesu bat izango litzateke. Baina badaude beste doinu eta egitura batzuk zuzenean aplika daitezkeenak, kopla formatukoak edo zortzikoak direlako. Batzuk erabili genituen, eta horien transmisio txiki bat egin daiteke. Esperimentatzeko nahiko material dago. Eta bertso-eskoletan edo haien tailerretan ze ariketa egin ere ikasi genuen. Askotan lantzen ditugu ustez bertsotarako behar diren gaitasun konkretu batzuk, eta besteek beste gaitasun batzuk lantzen zituzten".

 Generoaren gaia

 Miren Artetxek bere larruan bizi behar izan zuen generoaren gaia. Azaldu duenez, gainerako ordezkariei gaia arrotza zitzaien: "Gaia atera nuenean emakume bezala inplikazio batzuk zeuzkala inprobisatzaile izateak, ez nekien ze abiapuntutatik heldu. Eta oholtzan hasi ginen hori lantzen. Gertatzen zena zen automatikoki gai bihurtzen ginela oholtza gainean. Horri aurre egitea lehorra izan gabe, itxura agresiborik eman gabe... Hori izan zen gure ariketa. Zentzu horretan Iñaki konplize izan nuen. Pixkanaka-pixkanaka mahai bueltan honi buruz hitz egitera iritsi ginen eta gaiari beste kolore batzuk eman zitzaizkion".

 Hala ere, zer ikasia ekarri du Mexikotik: "Halako jardunaldiak badira kontaktu-toki bat, kasu honetan ikusteko mundu latinoamerikarrean zer gertatzeko. Sare guztia ikusarazten dizu han dagoen informazioak. Bestetik, gure burua ezagutarazteko ere garrantzitsua da. Epe ertain eta luzera gure burua ezagutzeko ere balio digu: bertsolaritza zertan oinarritzen den, zer konpartitzen dugun... Azpimarratzekoak dira genero-identitatea eta gazteentzat inprobisatzaile izatea zer den. Mexikarrek kontatzen zuten nola hori zaharren kontu bat zen, nola aparte sentitzen ziren... Hori ikusten nuen Iruñeko 17 urteko gazte bertsolari bat, edo Gasteizkoa edo Hendaiakoa. Argentinan raparekin harreman handia daukate, ikusten baitute horri heldu ezean modernitatea eta tradizioaren arteko tentsioan atzera geratuko direla. Eta, azkenik, guk esaten genuen guk hizkuntza indigena batean kantatzen genuela, haiek ez zutela hizkuntza indigenan kantatzen... Eta Puerto Ricon esaten ziguten trova bazela nazio-eraikuntzarako tresna bat. Haien sistema kulturalean arma bat zen".

 Estatua bai edo ez

 Iñaki Muruaren iritziz, bazegoen alde bat gainerako ordezkaritzen eta Euskal Herrikoaren artean: "Beste 8 delegazio estatudun herrialdeetakoak ziren. Baina konturatu ginen Kubak sekulako antolaketa daukala hezkuntza arautuan, gurean baino antolatuago, baina gu ginen bakarrak Dokumentazio Zentro bat eta elkarte antolatu bat geneuzkanak. Ezin gara egon ez dakit ze askatasunen zain; Elkartean seguru gauza asko gaizki egiten ari garela, baina dena ez. Haiek daukatena baloratuz eta guri begiratuz miresten gintuzten".

 Esti Alberdik ere azpimarratu egiten du gainerako ordezkaritzek egindako harrera: "Hitzaldia eman arte ez genuen hainbeste zehaztu ze mugimendu zegoen hemen. Institutuan hitzaldia emandakoan miresmenez begiratu zuten." Blanca Lopezek, berriz, badu horri lotutako anekdota bat: "Guillermo Velázquez etorri zitzaion Iñakiri eta hura miresmenez hasi zitzaion hitz egiten. Hor hasi ziren pentsatzen ez ginela edozein".

 Iñaki Muruak hango politikari eta inprobisatzaileen lana nabarmendu nahiko luke: "Goizeko 3ak eta alkate bat edo inprobisatzaileen lehendakaria hantxe. Hurrengo goizean 9tan ere hantxe. Hemen iruditzen zaigu joan eta bi ordu pasata kunplitu dugula. Eta nik mirestu nuen 70 urteko jendea goizeko 8ak arte han egoten zena; batek ikasle bat zeukalako han lehian, bestea elementu oso potentea delako eta nola argudiatzen zuten interesatua zegoelako... Hori da bertsolaria bertsozale bihurtua. Inbidia eman zidan".

 Azkenik, Mirenek lezio bat ekarri du handik: "Badaukagu tendentzia ondo egiten duguna ikusteko eta besteena minimizatzeko. Baina badaude gauza batzuk ikasteko dauzkagunak, eta begi horiekin joatea oso polita da. Inprobisatzeak eduki ditzakeen beste funtzioak, edo teknikoki egiten dituztenak gozatzeko begiek joanez gero asko ikasten da. Nik miresmen handia sentitu dut. Luxu hutsa izan da".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri