BTN13. ALTSASUN LAUGARREN KANPORAKETA 2013-10-13

Goi mailako estiloak

Altsasuko saioa bukatuta,Felix Irazustabarrenaren kronika
Altsasun bildu da gaur bertsozale tropela. Berriro ere aretoa, pilotalekua, gainezka. Ostegunerako interneten bidez sarrerak agortuta zeuden. Igandea delako? Saio erakargarria? Morbodun saioa? Lehendik ere bero ez bazegoen, berotzen doa txapelketa? Erantzungo zaio espektatibari?

Galdera asko zituzten inguratutako 800 lagunek, eta erantzunak neurri batean (bueno neurri askotan) bertsolariek. Eta erantzuna ederra izan da. Saio betea entzun ahal izan dugu Burunda pilotalekuan. Seiak maila ederrean aritu dira, batzuk oso goian jarri dute listoia eta epaileek ere, jasotako puntuen arabera, lau bat jarri dituzte aurrera pasatzeko bidean.

Saioak hasiera beroa izan du zaleei esker. Eta kasu honetan zaleak, jarraitzaile sutsuak. Denek berea animatzera etorria direla zirudien. Hasera horretan ez ziren txaloak, oihuak, eta bonbo astinduak falta, baina gero, eta bertso maila ia saio osoan oso goian ibili bada ere, ez da entzuleen aldetik lehertu, bukaerakoetan, kartzelakoetan, izan ez bada. Eta beharko lehertu hor.

 Atzetik aurrera hasiko bagina denek bakarkako lan ederra egin dutela esango nuke. Eta lan batzuk oso oso onak. Baina ofziotan ere ondo aritu dira. Seigarren geratu denak, Oihane Pereak, azken agurrean kantatu digu gustura doala “niretik zerbait utzita” Eta egia da, beti erabat asmatu ez badu ere zortziko txikan, hamarrekoan... oso ondo eutsi dio saioari eta bakarkako txukun batekin amaitu du. Ez du aurrera segitzeko aukerarik izango baina utzi du berea.

Finalaurretara sartzeko aukera gutxi daukana (ez askorengatik) izango da Erika Lagoma eta saioan zehar erakutsi du gai dela horrelakoetan kantatzeko. Zortziko txikian bere herrikidearekin, Xabier Silveirarekin saio umoretsu eta bizia osatu du eta batez ere hamarreko txikian asmatu du, lehertzekotan gehien lehertu den ofizioan.

Beste laurak hanka bat edo gehiago (biak Beñat Gaztelumendik) dute finalaurrekoetan. Xabier Silveira kezkatuta omen zetorren, baina antzematen zitzaion bertsotan egiteko griña. Hamarreko txikian ez dio gaiari behar den lekua aurkitu, baina gainerakoetan erregular aritu da, eta noizbehinka utzi digu ale ederrik. Bertso estilo propioa du eta baita kantaera ere. Etenda bezala kantatzen du eta askotan bata bestearen jarraipena diren puntuak lotzen ditu joskera harrigarri batekin. Etendako joskera beraz.

 Kartzelakoan asmatu du Jexux Mari Irazuri ere hasieratik, (ez agurrean esan duelako bakarrik) nabari zitzaion bertsotan oldartzeko gose hori. Gogotsu, emankor. Saio gehienetan asmatu du. Arrazoia, kolpea bilatu eta aurkitu du askotan. Eta bukaeran bakarkakoa zoragarria egin du naufragoaren doinuan.

Beste kartzelako lan zoragarria Beñat Gaztelumendirena izan da. Irazuren estilo desberdinean goi maila jo du. Arrazoian, bukaeran hainbeste oinarritu gabe, deskribatuz, sugerituz... utzi dizkigu txalotuen izan diren hiru ale eder. Ordurako ofiziotan, puntuak erantzuten ederki arituta zetorren. Eta guztiak eman dio lehenengo postua, beraz txartela zuzena.

Saio guztietan ondo aritu den bestea Unai Agirre izan da. Estilo klasikoa, ofizioetako paperean bere lekua topatzen dakiena, doinu eta kantaera gozoaz.. Lehenengo bertsoan, zortziko nagusian, markatu dugu kuadernoan bere bertso ederra. Eta hortik aurrera ofizio denetan aritu da maila altuan. Bakarkakoan doinu berria eskaini digu saioa borobiltzeko edo.

Saioak behetik gora egin du, eta zapore gozoaz atera da jendea Burunda pilotalekutik. Bi baino ez dira geratzen lehen fase hau bukatzeko eta jendea gogotsu dago. Hurrengoa larunbatean, Legazpin.

Felix Irazustabarrena

Albiste gehiago

Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16

«Gaitzeko maila izan da eta denak biziki ongi aritu dira»

Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran