Bertsolariak Libre aldarria Gasteizen 2014-02-22

"Nik ere kantatu dut eta kantatuko"

Bertsolaritza munduak askatasun aldarria egin du gaur Gasteizen, Aihotz plazan, astelehenean epaituko dituzten bi bertsolariren babes ekitaldian. 120 lagunetik gora bildu dira, bertsolari, bertsolaritza eragile eta bertsozaleak. Joan den ostegunean, berriz, beste 16 bertsolarik adierazi zute elkartasuna, Gastetxean egindako jaialdian.
Bertsolariak Libre ekimenak deituta, bertsolaritza munduak askatasun aldarria egin du gaur Gasteizen, astelehenean epaituko dituzten bi bertsolariren babes ekitaldian. 120 lagunetik gora bildu dira, bertsolari, bertsolaritza eragile eta bertsozaleak. "Salatu nahi izan dugu Jagoba Apaolaza (Gasteiz) eta Iker Pastor (Zalduondo) bertsolariak astelehen honetan otsailaren 24an epaituko dituztela presoen senideen omenezko kalejiran bertsoak kantatzeagatik. "

Ekitaldian, Beñat Gaztelumendik eta Iratxe Ibarrak adierazpena irakurri dute eta ondoren kantari bukatu dute agerraldia.

"Kantatzea delitu bada, epaitu gaitzatela bertsolariak, munduko txori guztiekin batera.
Elkartasuna delitu bada, lotu ditzatela gure mingainak, elkartzen diren esku eta beso guztiekin batera.

Bertsoa delitu bada, sartu ditzatela errimak zurezko kutxa mutu eta huts batean, hildako eta zigortutako kantari eta poeta guztiekin batera.
Kalejira bat delitu bada, itxi ditzatela munduko kale guztiak, inor alai eta pozik ibili ez dadin jira biran.

Hemen eta orain, kopla batek estatu baten epaile gorenen eta legediaren zigorra merezi badu, erre ditzagun mendez mendeko baladak, erromantzeak eta kontakizunak.
Gure hitza delitu bada, moztu ditzatela milaka euskaldunen belarriak.

Plazara ateratzea ez bada legezko, itxi ditzatela plaza guztiak lau hormez eta burdin txarrantxaz.
Jardun batekiko maitasunak elkartu gaitu hemen, Iker eta Jagobarekiko elkartasunak. Bertso-eskolan hitzarekin batera irakatsi ziguten askatasuna; batak ez duela balio bestea gabe.

Askatasunetik jarraituko dugu plazan eta askatasunetik jarraituko dugu bertsolaritza aberasten, ikertzen eta transmititzen. Bertsolariok ez baitakigu beste era batera bertsoa egiten, pentsamendu libretik ez bada, hasieratik azken punturaino.
Bertsolariak libre, pentsamendua aske, epaiketarik ez. "

Nik ere kantatu dut eta kantatuko
(Igor Elorzaren koplak)

1.
Ezin baitiot egin kantuari uko
Berak ere ez bainau abandonatuko
Ez baititut Jagoba ta Iker salduko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko
2.
Ezin baitut pentsatu “Hala da ta punto”
Kantuak berorrek nau autoinkulpatuko
Euskal presoen eta senideen lekuko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko
3.
Preso izan baititut lagun ta gertuko
Beraien guraso, haur edo lagun urko
Bihotzak maitasunik ez baitu ahaztuko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko
4.
Ez baititut ulertzen hamaika asunto
Ehunka kartzelaratze ta zenbait indulto
Txantaiaren aurrean kikildu orduko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko
5.
Hainbeste debeku ta lege injustuko
Justizian ez baitut inoiz sinistuko
Berritu nahi baititut mila gai kaduko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko
6.
Kantari naizelako, kantutar, kantuko
Kateak ez baitigu kanturik lotuko
Ez baitute kantua kartzelan sartuko
Nik ere kantatu dut eta kantatuko

Bertsoa.com agerraldian izan da eta astelehenean sarean izango da ekitaldiko bideoa, bertso eta adierazpenarekin.

Albiste gehiago

Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16

«Gaitzeko maila izan da eta denak biziki ongi aritu dira»

Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran