Algortako Berstolari Eskola 2014-02-27

ALBE: Bertsolaritza bertsolari eskolan ardaztua

Algortako Bertsolari Eskola 35.garren urtemugaren bidean da. Ibilbideak, proiektuaren dimentsioak eta egitasmoak eta lan filosofiak berezi egiten dute proiektua. Argazkian, ezkerretik hasita: Goizalde Atxutegi, ALBEko zuzendaritza kidea, Joseba Santxo ALBEren gorputztean figura klabea, Fredi Paia bertsolaria eta Nahikari Aio, hezkuntzako proiektuaren arduraduna.
1980. urtean sortu zen gaur ALBE, Algortako Bertsolari Eskola, izenez ezagutzen duguna, Trino Azkoitia eta Andoni Iriondoren eskutik. Bertsolaritzaz gozatzeko talde natural gisa sortu zen mugimendu hura 35 urteko bidea egitear da. Algortakoa izenez (Getxoko auzo), baina, Getxo osokoa ez ezezik eskualde mailako bokazioa izan duena sorreratik, Joseba Santxok aitortzen duenez. Hasierako lagunarte hura gorpuzten eta antolatzen joan da urteetan zehar, eta bertso-eskola baten bueltan bertsolaritzako elementu gehienak eraiki eta egituratu dituen lehen bertsolari eskola izan da. Herri-mugumenduen filosofia eta erakunde publikoen beharrizanak uztartzen asmatu izanak, hogeitik gora bertso-ekitaldi berri abian jartzeko parada ekarri zion Getxo eta eskualde osoari. Bertsolari eskola, Udala eta Kultur etxearen arteko hirukia nabarmentzen du Joseba Santxok. Bertso-eskolako harrobia lantzeko ikastetxeetara jo zuen ALBEk, hasierako gainbehera baten ondotik, eta orduko frutuak dira gaur egun bertsolari eskolaren ardura daramatenak.

Bertsolari eskola
ALBEk bertsolari eskolatzat du bere burua. Bertsolari kontzeptua hain agarian daraman bertso-eskola bakanetakoa da, bakarra ez bada. “Trinoren filosofia dago hor” dio Santxok, “bertsolari barik ez dago ezer”. Besteak beste, filosofia horri esker uste du Paiak ere etorri dela ALBEko mugimenduaren indarra eta bertsozaletasuna.

Gaur egun, 50 bertso ekitaldi urtean zehar
Gaur egunean, urtean 50 ekitaldi inguru antolatzen ditu ALBEk Getxon eta eskualdean: ohiko jaialdiak, balkoitik balkoirakoa, jaialdi tematikoa (800 entzule biltzen dituena), Abra sariketa, maratoia, ikastetxeentzako umeentzako saioa… “bertsoa aitzaki ez baizik oinarri hartuta eskaintza anitza osatzea da helburua, eta aniztasun horrek ere fidelizazioa ekarri du” Goizalde Atxutegi zuzendaritzako kidearen ustez. Hezkuntza arautuan ere 800 umerenga iritsten dira eskualde osoan eta proiektuak oso balorazio positiboa du. Bertsolari Eskolan martitzenean biltzen dira hasiera hartatik eta fin eusten diote ohiturari.

Lekukoa belaunaldiz belaunaldi

ALBEko kideen ustez bide honetan klabea izan da bertso-eskolaren ardura militantea belaunaldiz belaunaldi igaro izana. Belaunaldiek transmisio hori ondo landu dutela uste dute, eta alde horretatik etorkizuna ere itxaropentsu ikusten da ALBEn.

Azebarri elkartea
Ekimen berriak ere jarri dituzte abian Algortan: Azebarri elkartea hain zuzen ere, ALBE-ren eskutik. Hau bai, bertsozaleen elkarte gisa definitzen dute, eta aldi berean euskalgintzako topagune.

Etorkizunaz gogoeta
35. urteurrenera urreratzeak etorkizunera begirako gogoeta ere ekarri du ALBEra, eta epe laburrean helduko diote horri.



Albiste gehiago

Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16

«Gaitzeko maila izan da eta denak biziki ongi aritu dira»

Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran