Hernanin bertsolariek beti izan dute biltzeko joera. Bertso-eskolak beste batasun bat eman zion mugimenduari herri mailan 80ko hamarkadatik aurrera. Belaunaldien arteko transmisioa ere mimoz zaindu delakoan dago.
Bertsolari kopuru handia izan du historikoki Hernanik. Liburuak 77 bertsolariri eskaintzen die atalen bat eta gehiago ageri dira tartean. Estitxu Eizagirreren arabera, bertso-eskola sortu aurretik ere bazuten biltzeko joera: "Liburuan lehenengo pertsonan hitz egiten duten bertsolari helduenek aipatzen dute bertsotarako bildu egiten zirela. Beraiek ere, bertso-eskola hitza gabe, baina oso garbi esaten dute taldean biltzen zirela. Gero, gehiago lotuta irakaskuntzari eta umeei, 80ko hamarkadan sortu zen bertso-eskola. Euskal Herriko puzzlearen pieza bat da herri bakoitza. Euskal Herriko fenomenoak izan zirenak herrian ere ikusten dira, adibidez Amurizak ekarri zuen iraultza bertsogintzan eta kontzeptu mailan. Hernanin antolatu zen lehenengo ikastaroetako bat juxtu Juanjo Uria alkate zegoenean. Udalak antolatu zuen Amurizaren ikastaro bat. Eta bertan bildu zen Hernaniko bertsolari eta bertsozaleen kopuru handi bat, 50-100. Hortik sortu zen helduen taldea eta asteartero segi zuten biltzen urteetan. Gazteak trebatuta zeudenean talde horretara pasatzen ziren eta hortik atera ziren hainbat eta hainbat bertsolari. Anatx labealdi horretakoa da, Jokin Sorozabal, Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Iñaki Zelaia... Eta, bestetik, ikastolak hasi ziren Amurizaren ekarpenaren ondoren froga egiten. Hernaniko ikastolek, bai Urumeak eta bai Langilek eta baita Zikuñaga eta Ereñotzukoak ere jarri zituzten beren bertso-eskolak martxan. Gero Juanjo Uriak dei egin zuen ikastoletako bertso-eskolak herriko bertso-eskola batean biltzea eta horrek egin duen ekarpen nagusia da herriko ume guztiak bildu dituela eta hasieratik landu duena izan dela talde filosofia hori. Joxe Urdangarinek esaten zuen Hernanin apustua egin zela, izarrak sortu beharrean talde bat elikatzea eta talde horri aukerak ematea plazan kantatzeko. Behin trebatutakoan handien taldera pasatzen ziren eta handien talde horrek antolatzen zituen hainbat saio beraiek kantatzeko. Hernanin ibili direnek aukera izan dute herrian kantatzeko eta kuadrila bat edukitzeko, eta, zorionez, izarrak ere atera dira hortik. (...)Bailaraka zihoan. Garai batean Portuan bertsolari belaunaldi bat zegoen, edo Ereñotzun... Bertsolariak beti bilatu du lagun bat eta kuadrilak zeuden lekuan lekuan. Auzoak izan dira oso emankorrak eta garai ezberdinetan bertsotan egiteko lekuak aldatu egin dira. Lehen tabernetan aritzen ziren asko. Kale-kalean, gaur entzuten den bezala, ez da beti egon. Baina bertsotarako beti bildu dira. Kalean Hernanirako beti deitu izan dira bertsolari onenak. Urte batzuetan bertsolari onenak ez dira herrikoak izan, eta herrikoek kantatzen zuten kuadrilan. Bertso-eskolarekin berriro hasi da herriko harrobia indartzen eta herriko saioetan handi horien artean bertakoak ere badaude". "Helduak mimo handiz saiatu dira beti gazteagoekin kantatzen"
Belaunaldien arteko lotura hori ere arretaz zaindu delakoan dago Estitxu Eizagirre: "Helduak mimo handiz saiatu dira beti gazteagoekin kantatzen. Gazte askok kantatu du Pablo Txikiarekin, eta Pablo Txikia Txirritarekin kantatua da. Bazeukan bildu nahi bat. Beti oso irekia zegoen, jarraitzen zituen bertsolari gazteak. Garin eta Aterpe izan dira urte askotan lotura lan hori egin dutenak. Harreman handia sortu zen, gertutasun handia, eta Garin eta Aterperekin jende askok kantatu du. Anatx, Sorozabal eta hauek ere berdin. Anatxek kontatzen du Jexux Mari Irazurekin lehenengo saioa nola egin zuen. Momentu horretan Anatx eta Sorozabal asko zebiltzan, baina beti saiatu ziren gazte bat eramaten. Nerabezaroan irakaslearekin joaten ginen saiora eta parrandara. Hori ez dakit arte askotan gertatzen den. Besterengandik hori jaso dugu eta hori erreproduzitu dugu modu naturalean baina kontziente izanda horrek duen baloreaz".